GAUR8 - mila leiho zabalik

Ustekabeko aitortza


Zinemaldia zinea baino askoz gehiago dela badakigu. Egun horietan zehar nazioarteko milaka begi egoten dira Donostiara begira eta esan bezala ez soilik bertan estreinatuko diren filmetara zuzenduak. Zein aktore etorri den eta nola doan jantzita edo zein hoteletan dagoen eta non bazkaldu zuen atzo eguneroko albiste bihurtzen dira. Egun horietan zehar lupa hiriburuko txoko guztietara zuzenduta izaten da. Aukera paregabea izan da beti edozein aldarri ere luxuzko erakusleihoan jartzeko.

Ez naiz ordu pila bateko ilarak egiten dituen horietakoa film baten sarrera lortzeko eta ez dut jakiten askotan zein aktore famatu etorri den urte horretan Zinemaldira. Baina, tira, zinea gustuko dut eta izeba aktore eta donostiarra; beraz, interes minimo bat badut Zinemaldiarekiko.

Aurten hunkitu nauten bi momentu bizi izan ditut; lehena, Viggo Mortensen estatubatuar aktoreak Donostia saria jasotzeko eskertze lerroak euskaraz irakurri zituenean; borondatea eta errespetua dagoenean gainontzekoa soberan dela erakutsiz. Eta beste momentua, oraindik ikusten dudan bakoitzean negar malkoak eragiten dizkidana, Euskal Zinemaren Irizar sariak banatzerakoan Maider Oleaga epaimahai buruak egindako aipamen berezia Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamasek egindako “Non dago Mikel?” filmari: «Giza eskubideen urraketa lazgarria eta sistematikoaren testigantza erakusteagatik». Noizbait esan balidate hitz horiek horrelako leku batean entzungo nituela, ez nukeen sinetsiko. Pixkanaka bada ere, torturatuok bagoaz aitortza apur batzuk jasotzen plaza batzuetan. Nik behintzat hau ez dut sekula ahaztuko. •