OCT. 10 2020 ESKOLA ORDUAK EZBAIAN Covidak eragindako errealitate berrian, ordutegia aldatzea konponbidea da? Eskola ordutegi trinkoa ala goiz eta arratsaldez zatituta? Eztabaida mahai gainean jarri du atxikimendu ugari duen guraso talde baten eskaerak. Kontziliazioaren eta osasun neurrien soluzio gisa planteatzen dute. Ikuspuntu pedagogikotik, harremanei, errendimenduari, euskarari eta arrakala sozialari begiratuta, zatitua hobe. Nerea GOTI Ziurgabetasunez beteriko ikasturte honetan galdera eta kezka ugari ari da planteatzen hezkuntza munduan, gela barruan eta kanpoan, profesionalen eta familien artean. Eskolara itzuli da osasun krisi baten erdian eta kutsatzeak saihesteko hainbat neurri hartu dira, baina egoera berezi baten eraginpean daude ikastetxeak eta familiak. Dudarik gabe, ikasturte berria ez da aurreko beste edozein bezalakoa izango. Kezka horietako batzuekin lotuta, eskola jardunaldiari buruzko eztabaida jarri da mahai gainean, EAEn bereziki. Ez da debate berria, eta hari lotuta aztertu beharreko errealitate anitz bat dago, baita hainbat egoera eta faktore ere. Horregatik, covid-19aren pandemiak dena baldintzatzen duen une honetan, eragile batzuek uste dute ez dela eztabaida egiteko unerik egokiena, tartean gai asko argitu gabe daudenean. Hala ere, eztabaida kalean dago. Eskola orduak goizean kontzentratu edota goizez eta arratsaldez banatutako ordutegia mantendu? Gaia familia talde batek jarri du mahai gainean EAEn haur eta lehen hezkuntzan ordutegi trinkoa eskatuta. Eskola jardunaldi jarraitua ezartzea eskatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 10.000 familiak baino gehiagok eta arrazoi nagusia osasun krisialdiak eragin duen errealitate berrian jartzen dute. Argitara eman duten manifestuan pandemiaren ondorioz sortu diren «osasun eta gizarte krisiak» etxeetan eragin dituzten aldaketak nabarmentzen dituzte. Horrekin batera, Lakuako Hezkuntza Sailak jarritako neurriak «era seguruan» itzultzeko nahikoak ez direla uste dute. «Ratio berberekin jarraitzen dugu, ez dira gune alternatiboak prestatu, ez dira irakasle gehiago kontratatu, ez dakigu zer gertatuko den jantokiekin ezta ikastorduetatik kanpo ematen ziren beste zerbitzu batzuekin ere, eta hartu diren neurri bakarrak ikastetxeek ezarriak izan dira», kexu dira. Agertoki horretan, «lana eta familia bizitza ezin uztartzera kondenatuta» daudela diote aita-amek. Diotenez, «ez da ordutegian aldaketarik egiteko saiakerarik egin» eta gaineratu dute familia gehienek egunero lau bidaia egin behar dituztela eskolara, «horrek dakarren arriskuarekin». Horregatik, manifestua sinatu duten familiek «pauso bat aurrera» egiteko eskatu diote Lakuako Gobernuari eta hori eskatzen duten ikastetxeei «jardunaldi jarraitua» ezartzeko aukera eman diezaiela planteatu dute, ordutegi trinkoak ekar ditzakeen «hobekuntzak» kontuan hartuta. Planteatzen dutenez, jardun jarraitua eginda joan-etorriak murrizten dira eta «garraio publikoetako kontaktuak gutxitu», beraz, pilaketak saihestuko lirateke eta kontaktuak mugatu, jantokia ez litzateke masifikatuko eta funtzionamendua hobetuko litzateke, familia eta lana bateragarri egiten lagunduko luke eta onurak ekarriko lizkioke osasun publikoari. Covid-19aren pandemiarekin, segurtasun neurrien artean ordutegi trinkoa ezarri dute toki askotan. Nafarroan bertan, horren aldeko apustua egin du Hezkuntza Departamentuak, arratsaldeko eskolaz kanpoko jarduerak bertan behera utzita. EAEn, berriz, indarrean jarraitzen du goizez eta arratsaldez banatutako jardunaldiak eta astean egun batean baino ezin da egin jardunaldi jarraitua. Eztabaida sakon eta sosegatua Egungo testuinguruari begiratuta, «ikasturte hasierako ziurgabetasuna eta oraindik konpondu gabeko gai asko egonda, eztabaida interesatuak ari dira sortzen, eta, horien artean, lanaldi jarraituarena ari da nabarmentzen, familiok gauetik goizera ditugun kontziliazio arazoen irtenbide bakar gisa», azaldu du EHIGE guraso elkarteen federazioak. Egoera honetan, haren iritziz, ez da une «egokia» eztabaida «sakon eta sosegatu» bat egiteko. Elkartearen ustez, eskola jardunaldia «analisi pedagogiko eta zientifiko baten markoan finkatu behar da, gela barruko ordutegi akademikoa murriztu gabe». Idoia Sagastegi jardun jarraituaren aldeko plataformako kidea da. Dioenez, egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan legeak ez du jardun jarraitua baimentzen. «Lege hori aldatzea eskatzen dugu eta ikastetxeei aldatzeko aukera ematea, Estatuko gainerako autonomietan horrela egin baita gehienetan. Katalunian ezin zela uste genuen, baina zentro pilotu batzuetan ezarri omen dute, Gaztela eta Leonen aztertzen ari dira...», azaldu du, kasu gehienetan pandemia dela-eta hartutako neurri bat izan dela zehaztuta. Osasun egoerak sortu dituen arazoen testuinguruan planteatu dute, baina azken hiru urteetan guraso taldean gaia lantzen ari zirela azaldu du, ikastetxeei ordutegia aldatzeko aukera ematearen alde. Eskaerak familien artean orain izan duen oihartzun handia ikusita, egiaztatu dute familien artean kezka dagoela gai horren inguruan. Egun pare batean atxikimenduak ehunka izatetik milaka izatera pasatu zirela aipatu du. «Guraso elkartean bageneramatzan urte batzuk aukerak baloratzen, hitzaldi bat egin genuen iaz, jardun jarraituko proiektu bat egin genuen, zuzendaritzarekin lotu genuen, inkesta egin genuen familien artean... eta pandemiarekin sortu den beharretik dator eskaera», dio gasteiztarrak. Ordutegi trinkoaren aldeko gurasoek diote ez dagoela frogatuta haurrentzako hobea ezta txarragoa denik. «Haurraren arabera izango da, baina horrez gain uste dugu haurrekin denbora luzeago emateko aukera izango genukeela eta denbora gehiago aprobetxatzen dela», adierazi du Sagastegik. «Familiarekin egoteko denbora gehiago ematen digu, eta, batez ere, lanean gauden familioi jantokia derrigor ez erabiltzeko aukera ematen digu», dio Sagastegik. Gaineratu duenez, oso lan gutxitan irten ahal da 12.30ean eta kontziliazioa egin eskola jantokia erabili gabe. Zentro askotan jantokiek gabeziak dituzte, «oso espazio txikiak dira, begirale gutxi dituzte eta ez dituzte ondorengo aisialdirako espazioak». «Nire kasuan motibazioa hori da nagusiki, ez ditut jantokiak behar bezala prestatuta ikusten, eta lan eta familia bizitza kontziliatzeko, ordutegi aldaketa eskatzen dut». Horrez gain, garrantzizkoa ikusten du, arratsaldeko txanda kenduta, harrera protokoloa errepikatu behar ez izatea, baita sarrera-irteeretan sortzen diren pilaketak gutxitzea eta jantokien erabilera murriztea. «Inkestetan ikusi dugu ordutegi trinkoarekin jantokien erabilera txikiagoa izango litzatekeela eta hobeto funtzionatu ahal izango luketela». Ez du uste, halere, eskola jantokien etorkizuna arriskuan jarriko litzatekeenik. Eskola jantokien zerbitzua askotan gainezka dagoela aipatu du, hiru edo lau txandatan banatuta eta bazkaltzeko denbora gutxirekin, eta hor kokatzen du jardun trinkoak zerbitzu horretan ekar dezakeen hobekuntza. Estatuko esperientziari erreparatuta, adierazi du eskola ordutegi jarraituarekin jankideen kopurua %20-30 murriztu dela eta eskolaz kanpoko jardueren eskaintza mantendu dela. «Ematen du hemen beldur hori daukagula, jardunaldi trinkora pasatzen bagara jantokiak eta eskolaz kanpokoak kenduko ditugula, eta inguruko esperientzietan ez da hori gertatu». Errendimendua jaisten da Joxe Amiama Pedagogian doktorea da eta EHUko Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saileko irakaslea. Auzi honen inguruan iritzi nagusirik dagoen galdetu dio GAUR8k eta erantzun argia eman du: «Ordutegi trinkoarekin errendimendua jaitsi egiten da, eta bilakaera hori berdina da ikasketa maila guztietan, Haur Hezkuntzan zein DBHn». Fokua ikasketa prozesuan jarrita, Amiamak azaldu du ikerketek frogatzen dutela «zenbat eta ordu gehiago egin segidan arreta maila altu batekin, orduan eta nekatuago zaudela ikasteko prozesu horretan». Era berean, adierazi du eguerdian atseden luze bat egin ondoren arreta nabarmen handitzen dela. «Joera orokorra da, atseden hartu eta gero arreta eta errendimendua modu nabarian handitzen dira» Ordutegien kontura, harremanetarako uzten diren espazioei ere begiratu behar zaiela azaldu du, eta ordutegi trinkoarekin espazio horiek txikitu egiten direla dio, ordutegia «oso akademikoa» delako, «ikasgai zehatz batzuen eta eduki kontzeptualen ingurukoa». Amiamaren esanetan, ordutegi mota horrek izan dezakeen beste ondorio bat da etxerako lan karga handiagoa, ordu asko libre izatearen pertzepzioaren aurka. Joxe Amiamaren ikuspuntutik beste bi arazo gehiago daude: euskara eta arrakala soziala. Euskararen erabilera oso lotuta dago eskola esparruarekin, eta ikastetxera bertara mugatuta dago askotan. Dionez, jardun trinkoarekin «harreman sozialak gutxiago dira, momentu gutxiago daude eta planteamendu akademiko horretan geratzen dira bakarrik». Pedagogoak gaineratu duenez, eskolak ekitatea bermatu behar du, eta denbora murrizten bada eta planteamendua soilik akademikoa bada, ikasleen arteko desberdintasunak are nabarmenagoak egiten dira. «Galdera baldin bada zein den hobea, errendimenduaren aldetik hobea da zatitua eta curriculumaren aldetik, berriz, jarraitua eta ordu asko segidan... Ez dakit nork aipatuko duen», nabarmendu du adituak. Bere ustez, eztabaida ulertu behar da testuinguru zabalago batean, «jardunaldi jarraitua onena izango da batzuentzat beraien antolamendurako, baina kontziliazio arazo bat dago, hau ez da ikastetxearen arazo tekniko bat, gizarte mailan eta enpresen mailan daukagun arazo bat da», horrenbestez, hor «gako inportante bat» dago, EHUko irakaslearen ustez. OSASUN NEURRIAK, DENBORAK, CURRICULUMA... Ordutegiari buruzko eztabaidaz gain, beste kezka batzuk ere eragiten ditu pandemiaren ikasturteak. Nola eragingo du maskaren erabilerak? Nola jarraituko da eskolekin etxetik bakartze bat edo gehiago bete behar izatekotan? Badituzte ikasle guztiek egoerari aurre egiteko baliabideak? Ebaluazioak nolakoa izan behar du egoera honetan? Horrelako galderak sortzen dira gurasoen artean, DBHtik aurrera bereziki. «Osasun neurriak hartu egin behar dira, hori argi dago, baina garbi eduki behar dugu gero horrek automatikoki eragina izango duela ikasketa prozesuan», nabarmendu du Joxe Amiama pedagogoak normaltasun berriari dagokionez. Haren ustez, oreka bat bilatu beharko litzateke eta arlo pedagogikoan arreta handiagoa ipini. Azaldu duenez, ikastetxeek metodologikoki aldaketa handiak egin dituzte, taldeko lanak, ikasketa kooperatiboak... «Eta bat-batean esan diegu ikasleei ezin direla mugitu». «Osasun neurriei denbora bat eskaini behar badiegu eta metodologikoki dauden aukerak kentzen baditugu, horrek eragina dauka», eta gaineratu du bistakoa dela maskararen erabilerak eragina izango duela irakaslearen eta ikaslearen arteko interakzioan... «Orain arte geletako osasun segurtasunaz hitz egin da, baina noiz hitz egin behar dugu geletako segurtasun pedagogikoaz?», planteatu du EHUko irakasleak. Adituaren esanetan, covid-19arekin «eredu tekniko» batera itzuli da, non planteamendu akademikoak pisu gehiago duen, baina une egokia da hausnarketa bat egiteko curriculumaren inguruan. Zehaztu duenez, hausnarketa hori egiten ari da ikastetxeetan, berritzeguneekin eta ikuskatzaileekin, «ikusteko zer eta nola eman, baina ulertu behar da osasun neurriekin automatikoki curriculum gutxiago emango dela». Adierazi du maila guztietan murriztu direla edukiak, egoerak behartuta, pandemia hasi zenetik. «Orain, ikasle asko, LHkoak, DBHkoak eta abar, konfinatuta egon dira, daude eta egongo dira, baina egoera horretan jarraitzen diote klasekoari? Bai, baina nola jarraitu? %100ean ez. Horretaz hitz egin dezakegu argi edo aurrera jo dezakegu», esan du. «Horretaz hitz egin behar da momentu honetan, eta covid-19ak horretarako aukera ematen digu, zer da ezinbestekoa curriculumean ikasgai bakoitzean? Badakit denak inportanteak direla, baina zer da nahitaezkoa? Lehengo legean derrigorrezko hezkuntzaz hitz egiten zen orain oinarrizko hezkuntza esaten da; orduan zeintzuk dira oinarrizko ikasketak?». «Ez gaude egoera honetan klaseekin berdin jarraitzeko. Ezin da pentsatu ikasleak lau orduz maskararekin egongo direla eta errendimendua berdintsua izango dela, hori zientzia-fikzioa da, humanizatu egin behar dugu», bota du Amiamak hausnarketa bultzatzeko. Eskaera egin duten familiek haurrekin egoteko irabazten den denbora nabarmentzen dute, ez dute uste harremanetan eragingo lukeenik eta kontaktuak saihestearekin bat datorrela diote Pedagogian doktore den Joxe Amiamaren ustez, zatitua hobea da errendimendurako, harremanetarako, euskararen erabilera bermatzeko eta arrakala soziala ez areagotzeko