GAUR8 - mila leiho zabalik

Barne ahotsa


Pena pixka bat ematen dit barne ahotsik gabe bizi den jendeak, goizean esnatu eta irratia piztu behar izaten dutenek, bakarrik gelditu orduko aspertzen direnek. Ez dut esango nire barneko ahotsa harrigarria denik, baina jostalaria da, adarra jotzen daki eta aldarte oneko dagoenean badaki esaldi borobilak egiten ere. Malekoiari itzuli bat ematera noa eta etorriko dagoela ikusten badut, orri erdi bat eraman ohi dut patrikan eta apuntatzen ditut esaldi horiek badaezpada.

Askotan gertatu ohi zait autoan noala esatarian ahotsarekin erabat aspertu eta neure barruko ahotsa dibertigarriagoa dela iritzita, irratia itzaltzea ere. Ez dut esan nahi horrekin nirea beti distiratsua denik. Abailduta ere sumatu izan dut eta eguneko egitekoetan murgiltzen naizenean, isildu egiten da noski eta egitekorik gabe ikusten zaituenean bakarrik itzuliko da zure baitara.

Ez du zerikusirik pentsamendu arrazoituarekin, ezta ere kontzientziaren ahotsarekin. Bigarren horri ez diot arreta handirik jartzen, beti ari baita marmarrean, beti baitabil gaizki eginen damu eta egin gabekoen korromioekin bueltaka.

Ez du zerikusirik gizarteak baztertu dituen etxegabe, eskale eta clochard-en bakarrizketekin ere. Horiek ere beren gisara mintzo ohi dira baina ozenki, ingurukoak molestatzeko moduan eta era guztiz bindikatiboan; maitasun zorigaiztoko baten, zoriaren edo gizartearen beraren kontra aritzen dira eta arrazoiarekin askotan.

Barne ahotsa arinagoa, samurragoa, baina ohartuta nago ez ote zaidan hasi tarteka gai potoloekin nahasten, musukoarekin ibiltzen hasi nintzenetik diskrezioa alde batera utzi eta ezpainak mugitzen hasi bainaiz eta, neuk entzuten diodalako dakit, “Donostiako metroa”, “Abiadura handiko”, “Urkullu jauna” eta gisako esaldien printzak ahoskatzen baititu. Eta pena ematen dit eta kezka pixka bat ere bai. Beldur naiz bolada madarikatu hau pasa eta musukorik gabe ibiltzen hasten garenenean ingurukoak ez ote diren kezkatzen hasiko eta ez ote duten pentsatuko etxegabe, eskale eta clochard-ek bezala, maitasun zorigaitzeko baten, zoriaren edo gizartearen beraren kontra ez ote naizen gaizki esaka hasi. •