GAUR8 - mila leiho zabalik

BENITA ASAS, FEMINISTA AITZINDARIA

Asas familiaren funtsa

Benita Asas Manterola donostiarra 1873an jaio zen. Irakasle ikasketak egin zituen Valladoliden eta Bilbon izan zuen bere lehen irakasle lanpostua, 1897an. Madrilera joan zen, 1902an, irakasle. Madrilgo Ateneoan hainbat eztabaidatan parte hartu zuen, eta sufragio unibertsala aldarrikatu. “El Pensamiento Femenino” (1913-1916) aldizkariaren sortzaile eta zuzendaria izan zen, eta oso maiz kolaboratu zuen "El Mundo Femenino" (1921-1936) aldizkarian artikulugile gisa. Estatu espainoleko feminismoan rol garrantzitsua izan zuen. Halaber, Clara Campoamor, Victoria Kent eta beste militante batzuekin partekatu zituen hainbat elkartetako lehendakari eta sortzaile izan zen. Errepublikan, Izquierda Radical Socialista alderdiko militantea izan zen. Gerra zibila amaitu ondoren, irakasle errepresaliatuetako bat izan zen eta irakaskuntzan jardutea debekatu zioten. Bere azken urteetan Bilbon bizi izan zen. 1968an hil zen 95 urterekin. 1928ko argazki honetan, Benita Asas ageri da, bere ikasleekin.