GAUR8 - mila leiho zabalik

Gabonak salbatu


Gabonak salbatu behar dira», esan du baten batek. «Hain garrantzitsuak al dira ba Gabonak?», galdetu du besteak. Herriko merkatariak urduri daude, Gabonak oso garrantzitsuak direlako haientzat. Eta tabernariak... larri daude tabernariak.

Gabonetan zuhur ibiltzeko, kontuz, ez laxatzeko eta ahal dela etxean geratzeko agindu digute politikariek. Eta badaezpada, haien aholkuei kasurik ez egiteko asmoa bagenu edo, lasaitu egin dituzte pixka bat neurriak. Batzuetan herritarrak tenis partida batean bezala sentitzen garela iruditzen zait, burua alde batera eta bestera. Zientzialariak, medikuak, alde batean; politikariak, bestean. Bada denboratxo bat pilotarik ez dugula ikusten eta beldur gara edozein unetan sekulako pilotakada jasoko dugula aurpegiaren erdi-erdian. Badakigu berriro olatua altxatzen bada, berriro herritarren errua izango dela. Ea oraingoan zein adin tarteri tokatzen zaion errudunaren harria arrastaka eraman beharra.

Uste dut Gabonak guk nahi duguna izango direla. Haurra nintzela, baserrian Gabon jendetsuak izaten genituen. Mahaia beteta, aulki batean bi haur edo bi ipurdi estu, basoak erdibana. Amonak goiko armairutik ateratzen zituen sekulako zainzuri poteak. Auskalo zenbat zainzuri kabitzen ziren han, mordo bat. Finak izaten ziren zainzuriak, ez ziren goi mailakoak. Eta guri mundialak iruditu afari zaratatsu haietako zainzuri eskas horiek. «Hainbeste jenderentzat ezin da bestelakorik ekarri», amonaren lezioa.

Aurten mahaian tokia sobera egongo da eta zainzuri mamitsuak izango ditugu, goi mailakoak eta lodiak. Zarata ere, neurtuagoa. Hortik aurrera, gure esku gustura egotea. Gabonak salbatu ditzakegu, nolakoak nahi ditugun arabera. Dagoenean barra-barra, ez dagoenean negarra. Edo ez. •