Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / redactor jefe de actualidad

Noiz agortzen da mendeku gosea? Eta gezurra?

Burgosko Prozesuaren 50. urtemuga gatazka armatuaren denboraren neurria hartzeko lagungarri izan daiteke. Oso urrutikoa egiten zaigu fase hori bizi izan dugunoi, zer esanik ez gaur gazte edo nerabe direnei, eztanden hotsa edota tortura lekukotasunik entzun gabe hazi direnei. Urrutikoa da, bai, 1970eko negu hura. Baina errealitate gordina da ia hamarkada berean, 1981. urtean, eginiko atentatu bat egotzita Madrilen kartzelatu berri dutela Jaione Jauregi lezoarra. Duela bi aste. Oraintxe.

Beraz, 39 urteko ehiza. Aldera dezagun: 1977an onartu zuten amnistia Estatu espainolean, eta ondorioz Francoren aurka egiteagatik espetxeratuak kalera atera ziren eta aldi berean frankismoaren krimenen egileentzat inpunitatea bermatu. Horrekin 1939an gertatutako hilketarik larrienak ere barkaturik geratu ziren, hura urrun-urruneko kontua zela argudiatuz: 38 urte pasa ziren Gerraren eta Amnistia Legearen artean, Jauregi harrapatzeko, berriz, bat gehiago.

Alderatzen jarrai dezagun: 1977 hartan egin zuten Madrilgo Atocha kaleko sarraskia ultraeskuindar batzuek, eta bost lagun hil ziren. Carlos Garcia Julia, erasotzaileetako bat, askatu berri dute, urtebete baino gutxiagoko kartzelaldi baten ondoren. Jauregi Belgikatik Espainiaratu dute; Garcia Julia, Brasildik. Oraindik hamar urte betetzea aurreikusten zuen Auzitegi Nazionalak, baina ulertu ezin den trikimailu baten bidez, erabakia Ciudad Realeko auzitegi baten esku gelditu da eta horrek bederatzi hilabete giltzapean aski zirela agindu du. Harrigarria da prozedura, ez ondorioa: bistan da Estatuaren ikuspuntutik Jauregi etsaia dela (2020an Ganten zebilen sukaldari ezagun eta aski maitatua izan arren) eta Garcia Julia ez.

Euskal presoaren abokatuen ustez, preskribatuta dago 1981eko akusazio hura. Garai hartako beste delitu bati buruz horixe ulertu zuen otsailean Auzitegi Nazionalak. Momentuz kartzelan dago Jauregi, esparru judizialetik haratago kontua beste bat baita: noiz preskribatzen du mendeku goseak?

Eta noiz preskribatzen du gezurrak? Alderaketa horretan hel diezaiogun orain dela 35 urte izandako gertaera bati. 1985eko abenduaren 15ean agerrarazi zuten gorpua Bidasoan eta urteak pasa ahala adierazgarria da bertsio ofiziala ere guztiek urperatu dutela ikustea. Ofizialki inork ez du orduan asmatutako istorioa babesten, baina inortxok ere ez du benetan gertatutakoa kontatzeko urratsik egin. Eta orriotan irakurri dugu, Lourdes Zabalzaren ahotan, familiak egia baino ez duela eskatzen, ez mendekurik, ez espetxe zigorrik. Berdin esan liteke, aste hauetako zurrunbilotik atera gabe, Santi Brouard eta Josu Muguruzaren senideei buruz, edota duela 40 urte desagerturik den Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren familiakoei erreparatuz gero.

Gertatu zena dakiten guztien artean ez al dago, modu batera edo bestera, era publikoan edo pribatuan, egiari argi izpirik emanez senide horien dolumina arintzeko prest den inor? Are gehiago, ez al da erakundeen partetik aukera hori sustatzeko ezertxo ere egiterik, botereak eskaintzen dituen tresna guztiekin? Lau hamarkadatan delituak preskribatzen ez badu, ez da horrekin nolabait adierazi nahi gezurrak berak ere noizbait amaiera duela? Edo alderantziz esanda, lau hamarkada pasatu ondoren egia ezagutzea eta elkarbizitza sustatzea helburu nagusiak badira, ez al da nolabaiteko preskripzioa orokortzeko ordua? •