GAUR8
EUSKAL PRESO POLITIKOAK

Esperantzarako tartea, oraindik euskal jendartearen nahia asetzen ez duena

Urte gazi-gozoa izan da euskal preso politikoen egoerari dagokionez. Gozo baino gaziagoa, espetxe politika aldatzeko egindako pausoen moteltasuna batetik eta covid-19ak haien inkomunikazioa nabarmen areagotu duelako bestetik.

Pandemiaren urtea izan da: konfinamendua, mugikortasun mugatua, harreman mugatuak... Horiek guztiak erabat mugatuta zeuzkaten euskal preso politikoek lehendik ere eta, zaila bada ere, are mugatuago dauzkate orain. Inkomunikazioa, areagotua. Eurek eta euren senideek.

Etxeko konfinamendua lehenbizi, deskonfinamendua gero, itxitura perimetralak geroago... Inguruabar horiek eta osasun larrialdia dela-eta espetxeetan hartutako neurriek, batez ere kanpokoekin harremana eteteak, egoera are larriago batera eraman ditu presoak eta haien senideak.

Positiboak direla-eta, egun batetik bestera espetxeak ixten dituzte. Presoen bisitariek, bideari lotzen zaizkionean, ez dakite bisita egin ahal izango duten, azken orduko abisu batek buelta ematera behartuko dituen edo kartzelara iritsi ondoren esango ote dieten. Honela azaldu du Etxerat Elkarteak: «Ziurgabetasun handiagoa, urduritasun handiagoa. Aurrez aurreko komunikazioak bertan behera geratu dira ia; bisitak, egin daitezkeenean, mintzategietan dira: kristala eta telefonoa, edukieraren erdia eta familia unitate bakarrarekin».

Hamar hilabete joan dira dagoeneko eta, senide eta lagunen elkarteak dioenez, ez dago kondizio horiek laster aldatuko diren aurreikuspenik. «Kontaktu fisikorik ezak, elkar ikusteko, komunikatzeko eta elkarren berri jakiteko mugak, beldurra, urduritasuna, ziurgabetasuna... ehunka familia sufriarazten ari dira».

Esperantzarako tartetxo bat

Aurtengo urteak, hala ere, esperantzarako tartetxo bat zabaldu die presoei eta haien senide eta gertukoei. 2018ko irailetik izan diren hurbilketarik gehienak aurten gertatu dira. Horrek zabaldu du esperantzarako tarte hori, oraindik nahikoa ez dena, Etxeratek dioenez: «Arindu da pixka bat Espainiako espetxe politikak euskal presoen eta senideen gainean egiten duen presioa, baina ez da nahikoa».

Bestetik, errepresiorako joerak bere horretan dirau, batez ere arlo judizialean, Bateragune auziko bostak berriro epaitzeko erabakiak edo Jaione Jauregiren aurkako jazarpenak erakutsi dutenez.

Senideek eta gertukoek urruntzearen ondorioak jasaten jarraitzen dute. Adineko senideek ezin dute bidaiatu, hainbat ume bidaia ikaragarriak egitera behartuta daude, bidaien kostu ekonomikoa itzela da... Horri guztiari, esan bezala, covid-19aren eragina gehitu zaio.

«Egindako mugimenduek ez diote erantzuten euskal gizartearen eskariari», dio Etxeratek. Izan ere, urtean zehar izaten diren askotariko mobilizazio ugariez gain, euskal alderdi eta sindikatu gehienek joan den abenduaren 11n jendaurrean egindako adierazpena euskal jendartearen nahiaren isla argia da: presoak lehenbailehen Euskal Herriko espetxetara ekarri behar dituzte, eta Gobernu espainolari babesa eskaini zioten espetxe politika normalizatuaren bidean. «Euskal gizarteak presoak Euskal Herriratzea nahi du, Zaballa, Martutene, Basauri eta Iruñera», dio Etxeratek, «eta 65 urtetik gorako presoak eta larriki gaixorik dauden 18ak aske uztea, are gehiago pandemia garaian».

Estatu frantsesean 2018. eta 2019. urteetan izan ziren hurbilketa gehienak. Aurten, berriz, Frederik Xistor Haranbururen baldintzapeko askatasunak «itxaropen leiho bat zabaldu du biziarteko zigorra betetzen ari diren beste lagunak askatzeko bidean», euskal presoen senide eta lagunen elkartearen aburuz.

Bestetik, «lobby immobilistak» urruntzearen amaiera eta presoen bide juridikoa blokea ez ditzan, euskal gizartera ez ezik, Nafarroako eta EAEko erakundeetara eta Gobernu espainolera jo du Etxeratek, haiek esku hartu eta euskal presoek eskubidez eta legez dagokien ibilbidea egin ahal izateko.

«Momentua da denok batera aurrera egiteko», bukatu du elkarteak, eta adierazi du Sarek eta Bakearen Artisauek urtea bukatu arte eta urtarrilaren 9rako deitutako mobilizazioekin bat egiten duela.