JAN. 23 2021 GURIDIREN «MIRENTXU»-REN ESTREINALDIAREN ONDOREN Juantxo EGAÑA 1910eko maiatzaren 31n “Mirentxu” opera estreinatu zen Bilboko Campos Eliseos antzokian. Egilea Jesus Guridi da, eta garai hartan 23 urte zituen konpositore gasteiztarrak; libretoa, berriz, Alfredo Etxabe bilbotarrarena da. Obra hura Bilboko Koral Elkartearen enkargua izan zen. Estreinatu eta hurrengo egunean Bilboko prentsak bere lehen orrialdeetan "Mirentxu"-ren arrakasta agertu eta Guridiren zuzendaritza musikala goraipatu zuen, baita libretoaren egilea eta interpreteak ere. Bilboko egunkariek kontatu zutenez, opera amaitu eta txalo zaparrada handi baten ondoren, antzokitik irtendakoan publikoak Koral Elkarteraino lagundu zien egileei, «(...) Elkarte artistiko horri, Etxabe eta Guridi jaunei, euskal operari eta besteri bibaka». Usandizaga konpositore donostiarrak zorionak eman zizkion Guridiri Koral Elkartean, eta prentsak hauxe zioen: «Donostiari eta Bilbori oihukatu zizkieten biba burrunbatsuek pozez bete zituzten haiek entzuteko zortea izan zuten Euskal Herriaren zale guztiak». Garai hartan "Rembrandt" estudioan egindako argazkian, Jesus Guridirekin batera "Mirentxu" estreinatu zuen orkestrako kideak ageri dira Bilboko Campos Eliseos antzokiaren kanpoaldean.