GAUR8 - mila leiho zabalik

Bide erratuak


Urtero haurren matrikularako epealdia zabaltzen denean, gurasoen arreta erakartzeko eskola-ikastolek egiten dituzten marketin kanpainak ikustera ohituak gaude. Bakoitzak bere indarguneak, balioak, helburuak eta proiektuak agerian jartzea normaltasunaren barruan ikus genezake.

Hala ere, aurtengoan, duela hilabete gutxi, eragile batzuek ikastolak sare publikoan integratu beharra aldarrikatuz egindako proposamena harriduraz hartu dugu eta eztabaida eragin du sare sozial eta komunikabide zenbaitetan.

Horrek ere izango du zerikusia aurrez aipatu dugun marketin kanpainarekin, baina mahaigaineratu dituzten nahiak, asmoak, proposamenak eta eskaerek sakoneko karga zuten; izan ere, egungo Euskal Eskola Publikoaren sarea eredutzat hartu eta ikastolak integratzea irtenbide zuzen eta ezinbestekotzat jotzen baitzuten proposatzaileek.

Une batez, orain ia hogeita zortzi urte izan zen ikastolen publifikazio-integrazio prozesuan izan genituen eztabaida eta gatazkak ekarri dizkit gogora; hala ere, oraingoan, orduko edonolako testuinguruetatik kanpo. «Burua lehengo lepotik», esango luke batek. Edo oso gutxi ikasi dugu iraganetik edo asmo txarrez egina izan da, edo bederen, bide erratua izan dela aitortu beharko genuke. Ez baita egokia eta txukuna besteek, ikastolek, zer bide egin nahi duten galdetu ez, eta haiei, ikastolei, borondatearen kontra, eginarazi beharko litzaiekeen bidea proposatzen jardutea.

Eztabaida beharrezkoa izanik ere, Euskal Eskola Sistemaren berezitasun osoa eta bakarra, orduan bezala orain ere, pribatu-publiko bikotasun hutsean oinarritzeak ekarpen eskasa egiten dio Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema Propioari eta borondateak elkartu beharrean banatzen dituelakoan gaude. •