Miren Azkarate Badiola

Postalak nire kontu

Badira urte batzuk gaixorik zaudela, hau ez da berria. Jubilatu berri parkinsona diagnostikatu zizuten eta ondoren minbizia. Kolpe gogorrak, batez ere jakinda buruan zenituen ametsak eta bidaiak egiteko aukerak murriztuko zitzaizkizula. Murriztu bakarrik diot, batzuk egin izan dituzulako, besteak beste hain gustuko duzun Donejakue bidearen zati batzuk.

Ez dut esan nahi momentu txarrik ez zenuenik biziko, baina inoiz ez duzu umorea galdu, zure identitatearen erakusleiho handiena. Nik txikitatik oroitzen zaitut txisteak kontatzen, jendea imitatuz (tartean zure aita zena, nire aitona), abesten. Zu izan zara beti ongi ez egon arren parekoa animatzen ibili dena eta azken egun hauetan ere ez da salbuespena izan, jakin badakit zure anaiarekin bideokonferentzia bat egin duzula eta tratamendu gehiago hartuko ez duzula esan diozunean, honek suposatzen duen guztiarekin, zu izan zarela bera animatu duena negarrez hasi denean.

Familiarteko bazkarietan zu izan zara beti perrexila, banekien non zinen eserita ingurukoen barre algarak entzuten nituelako. Zenbat barre egiten dugun zurekin, inorekin ez bezala!

Baina niretzat ez zara hori bakarrik, behar dudan guztietan nire ondoan den osaba zara, latina erakutsi zidana eta ongi erakutsi ere, 5 bat atera nuen azterketan! Kar, kar... Eta zu izan zara nire espetxealdiko urte guztietan astero-astero hutsik egin gabe postal bat bidali didan pertsona bakarra. Nola ez zara ba berezia izango niretzat? Nola ez zaitut ba hainbeste maiteko (nahiz eta ez dizudan inoiz esan)?

Hau da nire gaurko postaltxoa, hemendik aurrera nire kontu txisteak eta bidaiak kontatzea. Muxu handi bat eta laster arte, Iñaki. •