GAUR8 - mila leiho zabalik

Puntakoena


Emmanuel Macron-i arrazoia emanez hasiko dut zutabe hau. Azaroan elkarrizketa mamitsua egin zioten “Le Grand Continent” aldizkarian, eta ekologiaz galdetu ziotenean zera esan zuen: «Nire ustez, berotze globalaren aurkako borrokan elementu egituratzaileena mugikortasuna da». Baina, aldi berean, azpimarratu zuen trantsizio hori egiteko denbora behar dela, eta ohitura batzuk estigmatizatzeko tentazioa izan ohi dugula (nik ere egiten dut, nahi baino gehiago). Familia frantses bat deskribatu zuen ondoren, «azken 30 urteetan eskatu zaion guztia egin duen» familia arrunt bat:

«Esan zitzaien ‘lan bat aurkitu behar duzue’ eta lan bat aurkitu zuten; ‘etxe bat erosi behar duzue’, baina erdigunean garestiegiak zirenez, 40, 50 edo 60 kilometrora erosi zuten; ‘eredu arrakastatsua zerorren autoa izatea da’ eta bi auto erosi zituzten. Esan zitzaien ‘familia duina izateko, seme-alabak behar bezala hazi behar dira, kontserbatoriora joan behar dute, eta gero kirol-klubera’; beraz, larunbatero lau bidaia egiten zituzten seme-alabak eramateko. Familia honi orain esaten badiozu ‘kutsatzaile handiak zarete, gaizki isolatutako etxea daukazue; 80, 100, 150 kilometro egiten dituzue autoz’, zera esango dute: ‘Baina dena ondo egin dut! Eta Frantziako Gobernuak, hamarkadetan zehar, diesela erosteko eskatu zidanean ere, erosi egin nuen!’».

Egia da norberaren jarrerak garrantzi handia duela, eta badela alternatibak izanda ere autoari muzin egin nahi ez dion jendea. Baina instituzioak dira, beren lege, arau, neurri, gidalerro eta proiektuekin gizarteari bide bat ala beste seinalatzen diotenak. Galdera orduan hau da: non daude gure instituzioak, orain?

Ekain Jimenez arkitektoari irakurri nion duela ez asko Arabako Future Mobility Lab delakoaren kasua (laborategi biziduna, berrikuntza-klusterra, berrikuntza katalizatzailea, beste hainbat hitz ponposo eta guzti), non eta hiritik 8 kilometrora dagoen poligono monofuntzional batean eraikiko dena. Mugikortasun jasangarria sustatzeko adibide eredugarria.

Gipuzkoak ere badu bere zera propioa, ezin gutxiago izan: Mubil Electromobility Center, «etorkizuneko mugikortasunaren Europako azpiegitura puntakoena» izateko bokazioa duena, Markel Olano ahaldun nagusiaren hitzetan. Irudiak ikusi, azalpenak irakurri eta pixkanaka ulertu dut: «industria eta berrikuntza sarea», «berrikuntza-gaitasuna maximizatu»... Antza, Gipuzkoan ere txakurrak oinutsik. Mugikortasuna aipatzen du, baina bateriak ekoizteaz ari da. Midas erregea gipuzkoar erara: urre ez, baina makina-erreminta bihur dezakegu ukitzen dugun guztia, «etorkizuneko mugikortasunaren Europako azpiegitura puntakoenengandik» gero eta urrunago gauden bitartean. •