Mikel Zubimendi Berastegi
KLASIKOAK (EZ) SALBATU

Antzinako Grezia eta Erroma badira gure zibilizazioaren isla, ispilua hautsi egin da

Humanitateek bizi duten gainbeheraz gain, Ikasketa Klasikoek identitate krisi partikularra bizi dute. «Mendebaldeko zibilizazioaren» oinarri gisa ohoratuak, beste urgentzia bat hartu du gaiak: eskuin muturrak antzinako Grezia eta Erroma «kultura zuriaren» sortzaile bezala aldarrikatzen ditu. Klasikoek dominazio zuriaren eraikuntzan zerikusia izan zuten neurrian, injustizien konplize izan badira, deseraikuntzan ere beren papera jokatu beharko dute. Eztabaida hori gordin zabaldu da, diziplinan «istilu handia» izenarekin ezagutzen dena.

Greziako demokraziak eta Erromako errepublikak inspiratu zaitzakete. Klasikoak oso garrantzitsuak direla pentsa dezakezu, Europako kulturaren oinarri filosofiko, politiko eta literarioak direla; Mendebaldeko zibilizazioak edan duen iturria, eta galdera ere egin dezakezu: ez al zizkiguten klasikoek askatasuna, berdintasuna eta demokrazia bezalako kontzeptuak eman? Ondare unibertsal hori utzi?

Klasikoen aditu edo zaleez gain, apologistak ere hor dira. Antzinako Grezia edertasunaren amorantea zela diotenak, bere marmolen zuritasun dotorean betiereko bihurtuta. Bere 300 gerlariekin Termopiletan martiriora joan zen Espartako Leonidas botere zuriaren ikonoa egiten dutenak. Mendebaldeko zibilizazioaren aita eta ama greziar jakinduria eta legalki ongi antolatutako Erroma direla idatzi dute, Europaren eta Ameriketako Estatu Batuen sustraiak han bota zirela. Arrazoiaren boterea erabiltzeko gaitasunean greziarrek zuten sinesmena eta indar militarrean erromatarrek zuten fedea iraganaren opariak ditugula.

Testu klasikoen botere emotiboarekin liluratu zaitezke, jakina. Eta Homero berrirakurtzeko denbora izatea baino erretreta plan hoberik ez dagoela pentsatu dezakezu, horixe baietz. Filosofia greziarrak harrapatu zaitzake, epikaren berotasunak txoratu.

Baina badira ere klasikoen pentsamenduaren praktikanteek azken bi milurtekoetan egin duten mina ahazten ez dutenak, klasikoetan esklabotzaren, kolonialismoaren, arrazen biologiaren, nazismoaren eta XX. mendeko beste faxismoen justifikazioa nola aurkitu zuten gogorarazten dizutenak. Klasikoak nola egin diren ezinbesteko «zuritasunaren» eta Mendebaldearen etengabeko dominazioan. Antzinako Grezia eta Erroma beren idulkitik bota behar direla diotenak, horrek Ikasketa Klasikoen diziplinaren hondamendia badakar ere. Bota, eman zaien miresmen eta laudorioen zerutik behera bota.

Idatzietan isildutako ahotsak

Azken urteotan, klasikoetan aditu eta ikertzaile diren askok antzinako mito puztuak lehertu dituzte. Eskuin muturrekoek uste dutenaren kontra, greziarrek eta erromatarrek ez zituztela beren buruak zuritzat hartzen, ez zirela zuri kontsideratzen demostratu dute. Kristo aurreko V. mendeko Grezian politika gizonezkoei mugatua zegoela, hiritar ziren gizonei zehatzago, Atenas ondoko zilar meategietan lanean milaka esklabo zituztenak eta beren emazteak beloa jantzita eta familiako gizonezko baten laguntzarik gabe kalera atera ez zitezkeela. Azaldu digute Mendebaldeko zibilizazioa «zibilizazio zuria»-ren eufemismo gisa nola sortu zen.

Gero eta gehiago dira elitearen parte ziren gizonek idatzitakoak eta osorik heldu zaizkigun greziar eta latindar literatur lanak baino harago ezagutu eta ulertu nahi dutenak. Idatzietan isilduak izan zirenen antzinako ahotsak aditu eta interpretatu nahi dituztenak: emakumeenak, azpiratutako klaseenak, esklaboenak eta etorkinenak.

Erromako esklabotza sistema aztertu dute, esklaboek beren estatusa gainditzeko zeuzkaten emantzipazio formulak. Eta aurre egin diete beste gizarte esklabista batzuen aldean Erroman esklaboak erostea eta esklaboei askatasuna ematea ohikoagoa zelakoan hura ospatzen eta goratzen zutenei. Eta hori esaten dutenei aurpegiratu diete nola ahazten dituzten beti, aipamenik gabe utzita, aske izaterik ez zuten zilar meategietako milaka eta milaka esklaboak.

Zeren Erromako Errepublikan esklaboak torturatuak eta gurutziltzatuak izan zitezkeen. Lanerako kuadrilletan lepotik kateatuak ibiltzen zituzten, gladiatoreen kontra borrokatzen jartzen zituzten, edo lehoiak edo tigreak bezalako animalia basatien kontra. Biluzik erakusten zituzten merkatuetan, lepoan zeinuak idatzita, etiketatuta nolabait, beren adina, jatorria eta osasuna adieraziz, saltzaile eta erosleen arteko tratuak errazteko. Esklaboen jabeek kopeta tatuatzen zieten, ihes egiten bazuten ezagutuak izan eta jabeari bueltatzen zizkionak jasoko zuen diruaz informatuz.

«Barbaroei ateak zabaldu»

Bai, izan zaitezke klasikozalea, nola ez. Eta diziplinarekin ikasi eta hazi zaitezke antzinako esklabotasunaren apologista izan gabe. Baina aitortu behar da gehienek ez dutela uste antzinako jende zapaldu eta desklasatuen mundua, benetako egia, haien barne mundua, esperientzia erlijiosoak, errekuperatu daitezkeenik. Ze, azken batean, ez dago lehen eskuko kontakizunik mendeen joan-etorriari bizirik eutsi dionik. Horrelakoa da demontrea: Erromako senatarien klasea ondo aztertua dago, baina esklaboena?

Klasikoek, Mendebaldeko zibilizazioak bezala, beste kultura eta jakintza moduak baztertu zituzten. Eta horiek berreskuratzea nahitaezkoa da, Frantz Fanonek esango lukeen bezala, mentalitateen deskolonizaziorako. Egia da Zizeronek kanpotarrei hiriko ateak ixtea gizagabea zela idatzi zuela, baina egia da ere «kanpotar» populazioen ehizaldiak antolatzen zirela, bereziki «erromatarren ondoan bizitzeko ezgai» ziren juduena.

Akademiak, literatura, filosofia, hizkuntza eta arkeologia klasikoak hor badute zeresana eta zeregina. Diziplinaren etorkizuna hor jokatuko da. Eta hor nabarmendu da, eztabaida interesgarri bezain gordina proposatuz, Dan-el Padilla Peralta dominikarra, AEBetan klasikoen munduan erreferentzia bat dena.

Eskuin muturrak salatu eta mehatxatu du, klasikoak erailtzeaz» hain zuzen, barbaroei ateak ireki izanaz. Ezkerreko klasikozale batzuek ere Padilla urrunegi joan dela aipatu dute. Klasikoen tradizioak erabilera erradikalak izan dituela aldarrikatu dute, mugimendu iraultzaileak inspiratu dituela, Tousaint L'Ouverture, Haitiko iraultzaileen liderra, «Espartako beltza» bezala ezagutzen zutela, Euripidesen Medea patriarkatuaren aurkako erresistentziaren sinboloa dela, Safo poetaren eta Platonen elkarrizketetako sexu berekoen arteko maitasunaren deskripzioek Oscar Wilde inspiratu eta adoretu zutela.

Askapen promesa baten flashak

Klasikoen tradizioa, Biblia bezala, autoritatearen hizkuntza bat da, onerako edo txarrerako erabil daitekeena, askatzaileen edo zapaltzaileen eskutik. Mendeetan zehar, klasikoen zibilizazioak jende askorentzat eredu bezala funtzionatu du, eztabaida askotarako akuilu gisa, edertasunarena, etikarena, boterea, natura edo hiritartasunarena, esaterako.

Europako unibertsitateak Elizaren kontroletik askatu zirenean, antzinako Grezia eta Erromaren ikasketek kontakizun berri bat eman zioten kontinenteari, jatorri sekularra zuen istorio bat. Diderot eta Humek, adibidez, askatasun pertsonal eta politikoari buruz egin zituzten aldarrikapen asko testu klasikoetan oinarritu ziren. Miresmena izan zen nagusi, nolabaiteko mania bat. Egon ziren Grezia «historiaren aita» bezala definitu zutenak ere, Hegelen "Estetika"-n edo erromantikoen poetikan nabaritzen zen bere balioaren aztarna.

John Adams eta Simone Weil bezalako pentsalari hain ezberdinek, antzinako klasikotasuna ispilu batekin alderatu zuten. Intelektualak, feministak, pentsalari afro-amerikarrak, beraiena zen zerbait ikusi zuten testu klasikoetan, askapen promesa baten flashak. Pentsa, sinesmen hori hain sakona izatera heldu zen, ze John Stuart Smithek, adibidez, «Ingalaterrako historiaren» gertaera inportanteena bezala ikusi zuela Maratongo Gudua, greziarrek persiarren lehen inbasioa garaitu zutenekoa.

Padillak klasikoak ikusten dituen moduan ikusteak ispilua apurtzea esan nahi du, geure buruari kontatu diogun istorio mingarri bezala klasikoen ondarea salatzea. Diziplinaren kanonak lehertzea, bere izatea aldatzea, arnasten duen modua. Ez eraitsi eraisteagatik, beste zerbait eraikitzeko baizik.

Zanpatuen inpugnazio leku

Bai, klasikoek erabilera erradikalak izan dituzte. Baina hau azpimarratzea aldaketa eragozteko edo atzeratzeko modu bat izan daiteke. Mendeetako aliantza egon da zapalkuntzarekin. Eta diziplina bezala bizirik jarraitzea merezi badu, iraganean baztertu eta zanpatu zituen komunitateentzat «inpugnazio leku» izan behar da. Aurrerantzean klasikoengan pentsatzeak zuriak eta elitekoak ez zirenekin pentsatzea ekarri beharko luke. Eta saio horrek porrot egingo balu, diziplina akademiko bezala existitu beharko litzateke?

Klasikoen mundutik harago badaude kulturak, jakintza iturriak. Ilustrazioak ekarri zituen beraien arteko hierarkiak alboratu eta Errenazimentuaren eredura hurbildu beharko dugu, mundua dibertsitate eta nahasketa leku gisa ulertuz. Mendebalde horrena baino historia interesgarriago bat bada kontatua izateko zain, kulturak eta tradizioak hierarkia batean balorizatu gabe.

Arrazismo sistemikoa klasikoak zaintzen dituzten instituzioen eta diziplinaren beraren oinarrian dago. Badago ardura etiko eta intelektual bat historia arrazista hori erakutsiz klasikoak irakasteko. Horrek klasikoen ikertzaile askorentzat beren bizitzako lanaren narratiba berridaztea eskatzen du, bai, baina etorkizun hori badator, bidean da. Padillarekin edo Padilla gabe.