GAUR8 - mila leiho zabalik

ARMADA FRANTSESA TRENBIDEETAKO GREBAREN AURKA


1910eko urriaren 10ean Frantziako sindikatuek trenbideetako sektoreko greba deitu zuten Estatu osoan. Ipar Euskal Herriko hedabideek grebaren berri eman zuten. Patronalak ez zuen lan baldintzak hobetzerik onartu, ezta gutxieneko soldata duin bat ere. Greba urriaren 18an amaitu zen. Iraun zuen bitartean tren makinak errailetik atera eta sabotajeak egin zirenez, Armada frantziarrak geltokiak okupatu zituen eta salgaien eta garraioaren kontrolaz arduratu zen, baina ez zuen arrakasta handirik izan. Grebako buruzagiak eta sabotatzaileak atxilotu eta espetxeratu egin zituzten. Garai hartako hedabide batzuek grebalarien aurka egin eta Estatu frantseseko Gobernua zoriondu zuten 160.000 erreserbista mobilizatzeagatik. Hego Euskal Herrian, Rafael Pikabeak zuzendutako “Novedades” aldizkariak trenbideetako langileen grebaren gaineko kronikan esan zuen, Armada frantsesak neurriak hartu zituen arren zirkulazioa zaila izan zela, «eta ezin izan dira saihestu esku kriminalek egindako atentatu zitalak». Toribio Noain oiartzuarraren irudian Frantziako Armadako kideak ageri dira Hendaiako orratz aldaketa baten kontrola antzezten.