Juantxo Egaña

Agirre lehendakariaren hileta segizioa

Jose Antonio Agirre, 1936ko urrian eratutako lehen Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, 1960ko martxoaren 22an hil zen Parisen. Martxoaren 27an, igandean, Donibane Lohizunera iritsi ziren haren gorpuzkiak. Telesforo Monzon eta M. Josefa Ganuzaren etxean jarri zuten beilatokia. Hilaren 28an, astelehena, goiz triste, gris eta euritsu bateko 9:00etan, hileta segizioa atera zen. Zenbait batailoitako gudariek hilkutxa zeramaten; atzean, Kepa Ordoki Gernika batailoiko komandantea, zazpi herrialdeetako lur eskukada bana zeukan erretilu bat zeramana. 4.000 pertsona baino gehiago zeuden segizioan. Hilkutxa Saseta Batailoiaren Ikurrinarekin estalita zegoen. Ikurrin hura Gernika batailoikoa izan zen II. Mundu Gerran. Hiletaren ondoren, Agirreren gorpuzkiak Donibane Lohizuneko hilerrian lurperatu zituzten. Jean Velez argazkilariak, besteak beste, eta Pedro Garate amateurrak ekitaldi haien zuri-beltzeko argazkiak egin zituzten, eta Antonio Sarasuak filmatu egin zituen. Orain aspaldi ez dela, Donibane Lohizuneko kaleetan zehar joan zen segizio haren koloretako irudi batzuk agertu dira; haietan Ximun Haran, Mixel Labegerie, Telesforo Monzon, Leizaola eta beste pertsonaia batzuk ageri dira. Orain arte ezezagunak ziren argazki hauek Imanol Irigarai apaizak (1916-2004) egin zituen. Irigarai urdazubiarra argazkizale amorratua zen, eta bere kameren artean Leica M3 bat zuen.