Koldo Sagasti

Apartheid sistemaren euskal garroak

Bihar, hilak 21, Sharpevilleko sarraskiaren urtemuga oroitzen da. 1960an, Hegoafrikako herrixka hartan, apartheid erregimeneko poliziak gobernu supremazistaren aurkako protestaldi baketsu bati eraso egin eta 69 lagun erail zituen. Ondorengo egunetako gorakada errepresiboak erregimenaren nazioarteko bakartzearen hasiera eragin zuen, eta hogeita hamar urte geroago bazterkeria sistemaren gainbehera. Triskantza hura gogoan, NBEk 1966an Bereizkeria Arrazistaren aurkako Nazioarteko Eguna izendatu zuen. Hegoafrikako arrazakeria sistema bertan behera erori zen, modu formalean behintzat, mundu mailako boikot kanpaina erraldoi batek itota. Baina apartheidak indarrean dirau.

Horregatik, ez da kasualitatea Israelgo administrazio sionistak Hegoafrikako bantu hizkuntzatik hartutako adiera bat baliatu izana Zisjordaniako eremu okupatuetan ezarritako ghettoak izendatzeko: bantustan. Bantustanetan Palestinako bertako populazioa inguratu, isolatu eta bereiztu egin dute; horixe baita, Hegoafrikan bezala Israelen ere, apartheid sistemaren funtsa, bereizketa.

Baina denboran eta espazioan urrunekoa dirudien istorio hau uste baino gertukoagoa zaigu euskaldunoi, apartheid instituzionaleko sistema horrek bere iraupena fisikoki bermatzeko behar dituen azpiegituren eraikuntzan EAEko partaidetza duen euskal enpresa bat ari delako lanean. CAF faktoriak Jerusalem ekialdeko eremu okupatuetan ilegalki kokatutako koloniak Israelgo administraziopeko hirigunearekin lotuko dituen trenbidea eraikitzen dihardu. Arrazakeria sistemaren makineriarekiko konplizitate horrek nazioarteko arretaren jomugan jarriko du biharko egunean Beasaingo konpainia, eta zuzendaritzak kalkulatu ez dituen ondorioak ekarriko dizkio, orain ez bada etorkizunean; akaso apartheid erregimenarekin gertatu zen bezala, porrot egiterainokoak. •