Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Aieneak eta inperioak

Ez dakit zer duten britainiar inperialismoari buruzko aspaldiko filmek baina bata bestearen atzetik irents ditzaket: “Lau lumak” (1939), “Zulu” (1964), “Zalditeria arinaren karga” (1968), “Winston gaztea” (1972), “Errege izan nahi zuen gizona” (1975)… Topikoz, arrazismoz eta etnozentrismoz blai dauden horiek poz-pozik ikusten ditut. Badute denek abentura eta epika ikuserraz bat, umetako komikiak eta ipuinak gogorarazten dizkidana. Agian izango da Asterixen eta Obelixen eta Tintinen istorioak ere arrunt estereotipo etnozentrikoek onduak zeudela.

Baina ez nator ni kritika postkolonial bat egitera. Ez eta kontraproposamen filmikoen zerrenda bat eskaintzera ere. Bueno bai, barkatu, salbuespen bat, “Taboo” (2017) telesailak txunditu ninduen. Eta Ingalaterra viktoriarrari trufa egiten dion “Quacks” (2017) telesailarekin ere aspaldiko algara handienak egin ditut. Horixe bera, ez dudala kontrazerrenda postinperialik egingo. Izan ere, tentazioa handiegia zen zutabea hasi den bezala hasi ondoren…

Kontuak jota, inperialismoak zuen epika sinple hura da erakartzen nauena. Gauzak bitan pentsatu beharrean konplexutasunik ez dagoela uste izate hori. Posible baita errealitatea ahalik eta sakonen aztertzea, are eta inferentzia zorrotzak egitea ere. Baina ez luke horrekin zertan lehian egon idealismo itsu dosi apur batek. Tamainan. Zalantzarik ez da nabaria dela sentsazio hori abertzaleon baitan. Larritzen asteko moduan bagaude, faxismoa etorri baitator. Ziztu bizian.

“Gernikako arbola” kantua berreskuratzea ere proposamena da epika bat sortzearen inguruko ildo horretan. Nahiz eta kantu zahar bat berreskuratzekotan, baditudan nire lehentasun txireneak: “Irabazi dugu”, “Debako martxa” (letra bat beharko genuke) edo, nik zer dakit, “Avanti popolo” euskaratua edo korrido iraultzaile bat. Ereserki batean «lololo» gehiago behar dela iruditzen zait. Zut eta serio egotea batek eta bakarrak besterik ez du egiten perfekto: gure lehendakari jaunak. Egia da oso matxiruloa dela ereserkien eta epikaren kontu hori guztia. Zeresanik ez lehenago aipatu ditudan pelikula kolonialistak. Erreferente faltan egon eta han joan naiz ni, txarrenetan txarrenera, epika bila.

Epikak ez du zertan izan hain «lololo» ere. Topa daiteke malenkonian eta are gerraren bukaeran eta porrotean ere. Irlandar balada errepublikanoen epika oso eutsia eta ederra da: “The auld triangle”, “Boulavogue”… Aurrekoan pantailara itsatsita geratu nintzen “I, Dolours” (Maurice Sweeney, 2018) dokumentalarekin. Dolours Price militante errepublikanoaren testigantza jasotzen du, modu gordin eta zuzenean. Merezi du. Zentzu batean baino gehiagotan gogorarazi zidan aurreko batean aipatu nuen Alfonsoren eta Kristianeren herrira itzulera (“Caminho Longe”).

Ufa! Gizon abertzale atsekabetu estiloa geratu zait azkenerako, nazioaren hilkortasunarekin larrituta. Aberri Egun gero eta ñabartuago bat ospatzearen ondorioa ere izango da. Adierazpenerako muga legalak gero eta murritzagoak izateak ere ez du laguntzen. Cosmic Tentacles salatu zuen udal poliziak, umorea ez omen dute gustuko. Laudion ere, ertzainei ez zaie langileen poesia batere gustatu. Bien bitartean, han bestea, zut eta serio, batari eta besteari sermoiak botatzen, lehendakari batek inolako gairen inguruan erantzukizunik ez balu bezala… •