GAUR8 - mila leiho zabalik

Euskadi, taberna bat dirudi, eta ez dakigu ona ez ote den


Madrilen Isabel Diaz Ayusok lortu duen garaipenari buruz asko idatzi da. Ramon Solaren honekin geratzen naiz, https://bit.ly/3eGathG, ematen dituen gakoak euskal jendartearentzat interesgarriak direlako. Gainera, ordutik hona euskal politikagintzan zenbait zeinu kezkagarri ikusi ditugu. Lotsagabekeria eta gezurra Ayusoren marka dira, baina ez dira bere ondare partikularrak, inondik inora.

Madrilekin jarraituz, askok eskuinaren kanpainak unearen giroa igartzen asmatu duela diote (momentum delakoa). Ayusok tabernez eta bizitza sozialaz egin duen apologia erabakigarria izan omen da. Arduragabekeriaz, koronabirusa iragana balitz bezala, bizitza bizitzearen alde dagoela aldarrikatu du, eta askatasuna terrazetan bildu eta edateko aukerarekin parekatu du. “Madrid es libertad” leloa hor kokatzen da. Zenbaiten ustez, ideologikoki, tabernetako sozializazioa eskuinaren eta populismoaren garaipen honen jatorrian dago.

Baliteke. Jakina, horrek ez du dena azaltzen. Beste testuinguru batean, beste une batean, efektua desberdina izan daiteke. Tabernek, ordea, badute nortasun politiko argi bat. Hain zuzen ere, London School of Economics-eko ikertzaile batek ultraeskuinaren eta populismoaren gorakada Britainia Handian tabernen itxierarekin lotu du [https://bit.ly/3eH0LeX]. Diane Boletek 2013 eta 2016 artean pubak itxi zituzten auzuneak ikertu ditu, eta bertan Ukip-i botoa emateko aukerak pubik itxi ez zen tokietan baino %4,3 handiagoak zirela azaldu du. Tabernaren faltan, lotura sozialak eta komunitatearen izaera ahultzen dira, isolamendua handituz. Auzune txiroetan joera hau are handiagoa ere bada.

Torsten Bell-ek jaso zuen ikerketa “The Guardian”-en [https://bit.ly/2RPfhbG]. Gaur egun, Bell Resolution Foundationeko buru da, baina aurretik, Ed Milibandekin laboristen estratega izan zen. Miguel Angel Rodriguez ‘MAR’-ek ez bezala, hor arrakasta handirik ez zuen lortu.

Halere, nire ustez, ikerketak badu funtsa. Euskal Herrian tabernak eta jaiak gudu-zelai izan dira. Adibidez, Enrique Mayaren aurreko legegintzaldian, 2011 eta 2015 artean, UPNk jaiaren eta ihesbidearen alde egin zuen. Garai hartan erregimena larri zebilen: eskandaluak bata bestearen atzetik zetozen, alderdian gauzak ez zeuden bare, Yolanda Barcinak PSN Gobernutik bota zuen eta aritmetika politikoan aukera berriak zabaldu ziren… Mobilizazio soziokulturala oso bizia zen Nafarroa osoan. Alternatiba egingarri ikusten zen, aspaldiko partez. Honen guztiaren aurrean, eskuindarrek ordutegiak eta tabernekiko presioa erlaxatu zituzten eta ihesbideari argi berdea eman zioten. Jendeak askatasun hura pozez hartu eta hori ahalbidetzen ari ziren gobernuak babestuko zituela pentsatu zuten, agian. Ez zen gertatu, eta askatasunaren adiera ludiko horrek beste adiera, askatasun politikoa, indartu zuela esango nuke. Badira beste zenbait adibide on. Noski, LSEkoen moduko datu fidagarririk ez daukat. Oroitzapen onak gordetzen ditut, ordea.

Pandemia gainditu dugula ospatu ahal izateko puska bat falta zaigu. Txerto nahikoak jarri arte, hildakoen kopurua eta kaltea onartezina izango da. Jendeak onartu arren. Oraingo egoera arriskutsua da eta arduratsuak behar dugu izan. Ezkerrak ezin du fronterik errenditu. Ezta tabernetakoa ere. Horrexegatik, baldintza guztiekin baina ahal den guztietan, gauzak ospatu behar dira. •