Ula Iruretagoiena Busturia – @ulissima5
Arkitektoa

Arauak

Ezin da berdegunea zapaldu». «Debekaturik dago lurrean esertzea». «Hemen ezin da bizikleta erabili». «Debekaturik dago arropa fatxadako leihotik zintzilikatzea». «Ezin da kalean alkoholik edan». «Etxe berriek inguruko eraikuntzen itxura imitatuko dute». «Leihoen arotzeriak egurrezkoa izan behar du».

Espazio publikoaren gainean dagoen arautegi luzea bete nahi izango bagenu, alarma egoeran bezalaxe aritu beharko ginateke, zoro parean dekretu eta ordenantzak irakurriaz eta ikasiaz etxetik atera baino lehen. Arau batzuk espazioan bertan kokatzen diren karteltxoetan irakur badaitezke ere, gehienak beste nonbait idatzirik daude. Baina espazioa arautzeko badira diseinu “teknika” isilak, etsaitasunezko arkitektura izenaz ezagutzen direnak, esertzeko espazioak deseroso egiten dituztenak etzanda egoteko edo skate erabilerak debekatzeko.

Arauek betekizun, debeku eta isunen zerrenda jakin bat idaztearekin batera, espazio publikoaren nolakotasun jakin bat definitzen dute –erabilera eta estetika jakin bat defendatuz interes publikoaren hobe beharrez–. Eta ondorioz, betebeharrek perfilatzen dute kalean egoteko eta kalea erabiltzeko zuzentasun bat, eta honekin jokabide egokien ulerkera bat performatzen dugu. Herriaren erdialdeko berdeguneek, zapaltzeko debekurik gabe ere, desegokia ematen dute piknik bat egin edo lo kuluxka baterako leku izateko. Gorputzaren jarrera formalak ontzat ematen ditugu, esertzeko bankuetan bertikaltasuna hobetsiz, oinutsik edo jarrera informalak egoera berezietarako utziaz edo parkerako. Horregatik kalean botata dagoena eskalearen profilarekin lotzeko joera daukagu.

Bestalde, arauek kaleen estetika bat irudikatzen dute. Berdegune gehienak herritarraren bista edertzeko dira, eta ez dira jolastu, jan edo etzanda egoteko. Berdearen edertze balioak, berdegune jangarri, usaingarri eta erabilgarrien papera gutxietsi du. Eraikinen fatxadak espazio publikoaren partetzat hartzen ditugu, eta, horregatik, arauturik daude haien presentziaren ezaugarriak. Etxe eraikinek fatxada nagusia eta patiorakoa dutenean, bi aurpegikoak izan ohi dira, kalekoa irudi ordenatua da eta barnealdekoa askoz biziagoa. Barneratuta daukagu estetika jakin bat, antolatzen duen ordena nagusi batek agintzea hobesten dugu eta kaotikoagoa edo heterogeneoagoa den itxura bat itsusitzat jo. Gainera, arautegiak jabetza pribatuari muga gehiegi jartzen dizkiolako iritzi orokortua dugu. Arau askoren zentzugabekeria onartuta ere, kexa honek pribatua ulertzeko modu bat adierazten du: gurea den eremuan nahi duguna egiteko eskubidea. Kontua zera da, elementu material oro dela interdependentea, “gurea” dena inguruarekin harremanean dago, eragina duelako batak bestearengan. Izan paisaia baten parte delako, kalearen osaeran dagoelako, giza ekosistema baten parte delako, memoria kolektiboaren ondare delako, materiaren presentziak eta nolakotasunak testuingurua baldintzatzen du.

Horrekin guztiarekin esan nahi da arautegi bat zehaztea botere partzela handia dela, espazio publikoaren eta pribatuaren jokabide eta estetika bat eraikitzen delako. •