GAUR8 - mila leiho zabalik
TEILA FABRIKA

Balio eraldatzaileak dituzten proiektuak elkarlanean konektatzeko espazioa

Elkarlana, ekonomia soziala eta eraldaketa, euskara eta kultura, saretzea... Balio horiek lantzen dituen komunitatea sortu eta babesteko espazioa da Teila Fabrika. Duela bi urte sortu zen Donostiako Egia auzoan eta, pandemia gorabehera, bidean aurrera doa, espero baino motelago, normala denez, baina nahi duen ororentzat ateak eta besoak zabalik.


Teila sinbologia handiko elementua da euskal kulturan; babesa, etxea eta abaroa adierazten du». Hori izan nahi du Donostiako Egia auzoko Teila Fabrikak, «pertsonei eta proiektuei bultzada emateko».

Proiektuen lantegi kooperatibo hori 2019ko ekainean zabaldu zuten Egiako teila fabrika egon zen lekuaren parean. Elkarlanean ekiteko eta konektatzeko espazio horretan hainbat jarduera egin dituzte, komunitatea sortu eta jarrera eraldatzailea eta elkarlana sustatzea helburu dutela. Askotariko erabileratako aretoak ditu Teila Fabrikak, eta bere programazioaz gainera, lan egiteko, biltzeko, aurkezpenak eta prentsaurrekoak egiteko, tailerrak, ikastaroak, kultur emanaldiak eta bestelako jarduerak antolatzeko guneak eta baliabideak eskaintzen ditu. Ekintzaile, elkarte, enpresa txiki zein kooperatiben artean komunitatea osatuz, ekonomia soziala jomuga duten egitasmoak bultzatzen ditu.

Balio eraldatzaileak

Komunitatea eta elkarlana, auzoarekiko lotura, ekonomiaren balio soziala eta eraldaketa, euskara, kultura, saretzea... balio horiek gidatuta garatzen ari dira egitasmoa. Maddalen Serras, Aitziber Lizarribar eta Sergio Lezkanok kudeatzen dute proiektu elkargune hori. Euren asmoa zen, eta da, herri mugimenduetako nahiz bestelako eragile sozialei, beren proiektuak gara ditzaten, Teila Fabrika eskaintzea, eta espazio horretan lan egitera joaten den jendeak, lan espazioaz gainera, komunitate bat topatzea. «Horren inguruko lanketa egiten hasi ginen pandemia baino lehen, bilerak egiten, proiektuari begirako ekarpenak… Gero, pandemia dela-eta, gauza batzuk bertan behera gelditu dira eta oro har zailtasun gehiagori aurre egin behar izan diegu», azaldu du Maddalen Serrasek. Pandemiak eragin handia izan du beraien ibilbide laburrean, «harri handia izan da»; hala ere, bidea egiten ari dira eta beren lan lerro nagusiak garatzen joan dira.

Lan lerroak

Proiektuaren lehen ardatza, beraz, bertara jotzen duen jendearekin komunitatea sortzea da, lankidetzan jardunez. Balio eraldatzaileetan garatzen diren proiektuak sustatzea dute apustu nagusia, horientzako espazio bat izatea.

Bertan dauden proiektuen artean konexioa sustatu eta baliatzen saiatzen dira, denen ezagutzak komunitatearen eskura jarriz, batek komunitateari zer eskain diezaiokeen eta komunitateagandik zer jaso nahiko lukeen pentsatuta. Izan ere, Teila Fabrikaren zerbitzuak eta baliabide fisikoak –esaterako, ikus-entzunezko ekipoak– ez ezik, elkarlanean jarduten dutenenak ere erabil daitezkeela dio Serrasek: «Egitasmoen arteko konexioak sortuta, truke ekonomikoa ere gerta daiteke; esate baterako, webgune bat sortu behar duenak horretaz dakienari laguntza eska diezaioke, eta beste momentu batean hark ere beste laguntza mota bat eska diezaioke besteari truke moduan. Sinergiak sortzen dira, eta denen arteko elkarlaneko trukeak».

Bigarren lan lerroa, ekonomia soziala eta eraldaketa dira. Hartarako, kanpoko zenbait proiekturekin bat egin dute, hala nola Saretuz Donostiako Kontsumo Kontziente eta Eraldatzailearen Sarearekin edo Olatukoop Euskal Herriko ekonomia sozial eraldatzailearen sarearekin. «Egia da oraindik lan asko daukagula egiteko bide horretan, eta asko ikasteko, baina hau ikasteko modu bat da, eta proiektuak elkarrekin aurrera eramateko modu bat». Ezagutzarekin eta elkarlanarekin batera, proiektu berriak sortzeko aukera ere partekatzea lortu nahi dute.

Agenda kulturala da hirugarren lan lerroa. Hainbat proiekturen berri emateko ez ezik, horiek lantzeko aukera ere eskaintzen dute. Alde batetik, beren programa propioa daukate, eta ekimen kulturalak antolatzen dituzte; bestetik, hitzaldiak, tailerrak edo liburuak nahiz bestelako lanak aurkezteko aukera eskaintzen dute, betiere balio eraldatzaileen inguruan sortu eta garatzen diren kultur arloko proiektuek ere leku bat izan dezaten.

Azken hilabetean bi ekimen egin dituzte. Horietako bat, “Ez da entzuten!” musika zikloa, Teila Fabrikak eta hainbat emakume musikarik antolatuta, zenbait kolaborazioren bidez eta Musika Bulegoak lagunduta. Hiru jardunaldi egin dituzte ziklo horren barruan; haietako azkena, Euskal Herriko Emakume* Musikarien Topaketa.

Euskarak leku berezia du Teila Fabrikan; izan ere, antolatzen dituzten ekimenak oro har euskaraz izaten dira. Eta hizkuntzarekin lotuta, halaber, pertsona migratuengan begirada jarri nahiko luketela dio Serrasek, Egia aniztasun kultural handiko auzoa dela kontuan izanda, «gero eta gehiago, edozein herri edo hiri bezala».

Espazioari dagokionez, coworking edo elkarlanerako guneak 18 lan mahai ditu eta eremu partekatua da, bakarka egin beharrean lana ere partekatzeko modukoa. Hiru bulegoak proiektuak garatzeko erabiltzen dira. Labea bilera gela bai teilakideek, bai kanpoko jendeak erabil dezakete, eta erabilera anitzeko bi aretoak ere bertakoek nahiz kanpokoek erabiltzeko dira.

Espazio irekia

Auzoari lotuta sortu zen Teila Fabrika. Egiako kale berean 1903tik 1932ra bitartean teilak egiten zituen fabrikaren izena hartu dute, eta haren tximinia dute logoa. Auzoko eragile bat gehiago izan nahi dute, baita auzoarentzako baliabidea ere. Horrek ez du esan nahi, ordea, bertako jarduna auzo horretara mugatuta dagoela, nahi duen ororentzako espazio irekia baita. «Edozein pertsona joan daiteke eta leku batzuk erabiltzearen truke ordaindu egin behar bada ere, beste espazio batzuei etekina ateratzea doakoa da. Adibidez, norbaitek agenda kulturalaren barruan ekimen doako eta irekia antolatu nahi badu, espazioa utzi egiten diogu. Eta enpresa baten barne bilera bat bada, alokatu egiten dugu», azaldu du teilakideak.

Teila Fabrikan hainbat neurri hartu zituzten covid-19aren aurrean «segurtasun neurri guztiak betez eta guztion osasuna lehenetsiz» eta, pandemia gorabehera, «garapen bat ikusten ari gara, beharbada ez guk nahi bezain azkarra, baina positiboa, kontuan edukita azken urte pasean zer errealitate egon den». Eta espazioari bizia ematen jarraitu dute. «Gure beldurretako bat zen erabilia izateko sortutako espazio hau itxiz gero, zer gertatuko zen. Egia da aretoan gehixeago mugitu direla, baina oraindik proiektu gehiagoren bila gabiltza». Beste alde batetik, auzo bilera asko izan dituzte, atarietan aforoa oso txikia baita, eta horretarako eta beste jarduera batzuk egiteko, aretoan ez dago segurtasun neurriak gordetzeko arazorik.

Aurrera doaz eta jendea animatu eta segitzeko gogoa transmititu nahi dute bi urte betetzear dauden honetan. Jendearekin sor daitekeen elkarlanari ekiteko beso zabalik.