Xabier Izaga Gonzalez
IKUSMIRA

ERRUGABEA

Iberdrolak elektroklizagailu planta Euskal Herrian ez jartzea erabaki izana ez da Lakuako Gobernuaren errua, eta ez dut uste inork halakorik dioenik. Iberdrolaren errua ere ez, sailburuaren arabera, haren bazkide Cumminsena baizik, baita pixka bat Espainiako Gobernuarena ere. Aldi berean, Lakuako Gobernuak nolabait iragarri ez bezala Corrugadosek Azpeitiko lantegia ez irekitzea erabaki izana ez da Lakuako Gobernuaren errua, eta inork ez du halakorik esan. EH Bilduko «aberats berriena» da; zehatzago, Azpeitiko alkatearena. Iaz, hauteskundeak egin, mugak zabaldu eta tabernak ia neurririk gabe jarduten utzi ondoren, ospitaleak lepo bete izana ez zen Lakuako Gobernuaren errua izan. Hainbat lagun ZIUetan hilzorian egotea kopa bat hartzera joan ziren herritarrena izan zen. Sasoi onenetan bezala hainbat gazte eta langile jipoitu izana ezin izan borradunen errua, are gutxiago jendea egurtzera bidali dituenarena, kolpeak hartu dituztenena baizik, eta larderia hori guztia salatu duenarena. Erruduna da, eta delitugilea. Ez dakit ondo zer ote den gorroto delitua; edonola ere, larriagoa iruditzen zait etengabe gorrotoa ereitea. Horrek, ordea, ez die lo ordurik ezta minuturik ere galarazten. Xabier Izaga Gonzalez