Gladys saria: esparru digitalean erreferente femeninoak sortzen
Ziurrenik zuetako askori arraro egingo zaizue teknologiaz idazteko baliatzen diren lerro hauetan erreferente femeninoak eta Gladys aldi berean aipatzea. Egia da, Gladys del Estal Ferreño ez zen ezaguna informatikaria zelako, ekintzaile eta ekologista izan zelako baizik. Baina informatikaria ere bazen. Donostiako Informatika Fakultatean ikasi zuen eta 1979. urtean, protesta antinuklear batean Tuteran hil zuten unean, programatzaile informatiko gisa egiten zuen lan. Aitzakia ederra dugu, beraz, helburuetako bat esparru digitalean ari diren emakumeen erreferenteak bultzatzea duen sariak haren izen eta izaera atzean eduki ditzan. Laster izango da haren heriotzaren 42. urteurrena eta balio bezate lerro hauek, besteak beste, hura gogoratzeko.
Badira urte asko hizkuntzalaritza konputazionalean eta informazio bilaketan aditua zen Karen Sparkek esan zuela Informatika garrantzitsuegia dela gizonei bakarrik uzteko. Gu horrekin konturatuta gaude eta emakumeek ingurune digitalean lanbide, enpresa eta ikasketa munduan duten zeregina funtsezkoa dela uste dugu eta hori aitortu nahiko genuke.
Zoritxarrez, mundu mailako zein gure inguruko zenbakiek argi adierazten dute emakumeek esparru digitalean egiten duten ekarpen hori galtzen ari garela. Oro har esparru digitaleko lanpostuen artean emakumeek betetzen dituztenak %20tik behera daude, eta ardura postuetan asko egiten du behera kopuru horrek. Horregatik, guk ezinbesteko ikusten dugu emakumeen presentzia areagotu eta gizarte digitalaren eraikuntzan berdintasun irizpideekin parte hartzea sustatzen duten ekimenak proposatzea.
Antzeko helburuekin azken urteetan esparru anitzetan ari dira emakumeak ikusarazi eta erreferenteak sortzearen garrantzia azpimarratzen. Ezaguna da adibidez mundu mailan, Matilda J. Gage, emakumeen eskubideen alde lan egin zuen Ipar Ameriketako aktibistaren omenez aurrera eramaten den #NoMoreMatildas ekimena; historiak atzeko planoan kokatu zituen emakume zientzialariak ikusaraztea eta neskato gehiagok ikasketa zientifikoak egin ditzaten helburu duena.
Bide horretatik, esparru teknologiko eta digitalean ere, azken urteetan ezagutu ditugu historian zehar informatika gaur egun ezagutzen dugun modukoa izan dadin ekarpen handia egin duten hainbat emakume. Horien artean ezin ahaztu Ada Lovelace, matematikari, “informatikari” eta idazle britainiarra, historiako lehen programatzaile kontsideratzen dena; Grace Hopper, goi mailako lehen programazio lengoaia sortu zuen emakumea; Grace Murray, lehenengo konpiladorearen sortzaile; Hedy Lamarr, wifi eta bluetooth bezalako teknologietarako aurrekariak asmatu zituena; Lynn Conway, txip-en diseinuan eragin handia izan duten ekarpenak egin zituena; Evelyn Berezin, fisikari, informatikari eta enpresaria, testu prozesatzaileen ama gisa ezagutu genuena eta bulegoko lehenengo ordenagailua sortu zuena; Mary Allen Wilkes, lehenengo ordenagailu pertsonalaren diseinuan parte hartu zuena eta horrelako tresna bat etxean eta telelanerako erabili zuen lehenengo pertsona; Angela Ruiz Robles, irakasle, idazle eta asmatzailea, liburu elektronikoaren aurrekariak jarri zituena; Jude Milhon, duela urte asko Interneten norberaren eskubideak defendatu zituen hackerra; Stephanie Shirley, programazioko enpresa bat sortu zuen lehen emakumea edo Margaret Hamilton, eguraldia iragartzeko softwarea garatu zuena.
Erreferente horiek guztiak ezagutzea ezinbestekoa da eta eredu izan daitezke STEM diziplinetara bideratu ala ez zalantza egiten duten neska gazte eta nerabeentzat. Baina sinetsita gaude gertuko erreferenteak ezagutu eta haien lana zabaltzeak eragin are positiboago eta biderkatzaileagoa izango duela, errazagoa izango baita gure gaztetxoak haiekin identifikatzea.
Eta gure artean? Ba ote daude esparru digitalean ekarpena egiten ari diren emakume gazteak edo etorkizun oparoa dutenak? Nik ezagutzen ditut hainbat, eta ziur zuk ere ezagutzen dituzula edo agian, zu zara horietako bat. Garrantzitsua da emakume horiek ere jendartean ezagun izan daitezen eta aurretik zerrendatutako horiekin batera gure zerrendara batu ditzagun. Beraz, ez galdu aukera Gladys sarira aurkeztu eta zure ekarpena egiteko (gladyssaria.eus). •