JUN. 05 2021 Heriotza eta pinguinoa Ander Gortazar Balerdi - @andergortazar Arkitektoa Piknika izotzetan» eleberrian (Andrey Kurkov, 1996, Olga Martinez de Marigortak itzulia), Viktor Zolotariov idazleak heriotza oharrak idazten ditu tokiko egunkari batentzat, artean bizirik dauden pertsonei buruzkoak. Larrituz doa pixkanaka Viktor: obituarioetan aipatzen dituen pertsonak susmagarriki azkar hiltzen dira. Apur bat Viktor Zolotariov sentitu naiz. Ez dut esango Jaime Lernerren heriotza oharra prest nuenik, baina aspalditik nuen hari buruz idazteko ideia (txoko honetan bertan aipatu izan dut zeharka noiz edo noiz), are gehiago 1965eko Kursaal jauregiaren lehiaketan bigarren geratu zen taldeko kide zela jakin nuenetik. Arkitektoa, hirigilea eta politikaria izan zen Lerner, Curitibako alkate hiru legegintzaldiz eta, askoren aburuz, «hirigintza jasangarriaren» aita. Gaur egun ia dena da, eta ondorioz ia ezer ez da, «hirigintza jasangarria», baina komeni da haren ikuskera berreskuratzea. «Sormena hasten da aurrekontuari zero bat kentzen diozunean. Jasangarritasuna hasten da aurrekontuari bi zero kentzen dizkiozunean». Aurrekontu txikia eta efikazia handia, hain erraza balitz. Azken urtean asko hitz egin da 15 minutuko hiriari eta 45 minutuko lurraldeari buruz. Izenak berriak diren arren, izana ez horrenbeste. Lernerrek zera zioen «bidaiarik onena egiten ez dena da», eta esaldi horrekin laburbiltzen zuen oinarrizko hiri funtzioak gertu izatearen beharra. Hari zor zaio Brasilgo lehen kale-oinezkotzea, Curitibako erdigunean: lanak ostiral gauez hasi eta astelehen goizerako amaituak zeuden. Ez omen dago gauzei izena jartzea baino ekintza poetiko zailagorik; norbaitek «hiri akupuntura» edo «hirigintza taktikoa» zer den galdetzen dizunean, horra hor adibide historiko bat. Era berean, ulertzen zuen metropoli batean mugikortasuna bermatzea aukera berdintasuna bermatzea ere bazela, ideiari «45 minutuko lurraldea» deitu ez bazion ere. Horretarako, BRT sistema ezarri zuen Curitiban, metro batek kostatzen zuena baino 100 aldiz merkeago, eta azkarrago. Labur esanda, BRT (Bus Rapid Transit) sistemak metroak edo tranbiak dituen ezaugarriak ematen dizkio autobusari ere: maiztasun ona, bide esklusiboa, edozein atetik igo-jaitsi ahal izatea… «Baliabide gehiegi izateak dirua xahutzera darama» esan zuen behin eta pare bat toki otutzen zaizkit esaldia armarri batean zizelkatu eta harro erakusteko. Hirigintza eta mugikortasuna elkar elikatzen duten bi gai direla ere azkar ulertu zuen Lernerrek, eta hirigintza garapen berriak BRT bideen inguruan eraiki zituen. Hamarkadak pasatu dira ordutik eta gurean ez dugu hain gauza bistakoa oraindik ulertu. “Piknika izotzetan”. Pinguino bat ere ageri da Kurkoven eleberrian, “Misha”, Kiev-eko zooak mantendu ezin duen animalia, Viktorrek etxean hartzen duena. Heriotzaren ideia arintzen duen elementu sinpatikoa da pinguinoa, eta itzulpen askotan izenburuan bertan aipatzen da: Death and the Penguin, Le Pingouin, Muerte con pingüino, Mort amb pingüí. Pinguino batekin ala gabe, gugan bego, Jaime. •