JUN. 12 2021 Penduluaren legea fisioterapian Oier Gorosabel - @Txikillana Fisioterapeuta Inoiz hemen kristorenak eta bi esan ditugu osasunean modak duen eraginari buruz: ezin direla tratamenduak horrelako faktore aldakor eta apetatsuaren arabera erabaki, eta abar. Gaurkoan, kritika hau geure buruari aplikatuko diogu: fisioterapia kontsultetan, azken hamarkadetan, honekin lotutako aldaketa esanguratsuak bizi izan baititugu. 1980ko hamarkadan ezagutu genituen fisioterapia “gimnasioek” (sic) ez zuten izen hori alferrik emana. Ariketa terapeutikoan zentratutako instalazio handiak ziren, non fisio bat baino gehiago aritzen zen aldi berean, bakoitza hamar edo hamabost pazienteren multzo handi bat “gobernatuz”: ohatilan batekin ziharduen bitartean, beste bat elektroterapia hartzen izango zuen, eta ariketak egiten ari ziren beste bi edo hiru gainbegiratuko zituen. Kasuren batean pazienteak arropa asko erantzi beharko zuen; horrelakoetarako, gimnasioan box bat egongo zen tratamendua intimitate pixka batean egin ahal izateko. Ez asko, halere! Izan ere, mugimendu hau gimnasio berean aritu zitezkeen hiru edo lau fisioterapeutengatik biderkatuz gero, erraz imajina daiteke zer-nolako zarata egoten zen orduko fisioterapia gimnasio horietan. Benetako oilotokia. Horrelako lekuetan trebatu ginenok beraien alde txarrarekin gogaitu ginen: lasaitasun eta intimitate falta; lankide batzuen utzikeria (denek ez baitute zazpi paziente batera ganoraz artatzeko behar den gogoa eta indarra); eta, batez ere, paziente kopuru ikaragarria. Beste garai batzuk ziren: fisioterapia zentroak urriak ziren, eta paziente guztiak bertan pilatzen ziren; horrek praktikan 8 ordutan 80-100 paziente tratatu beharra ekartzen zuen. Eromena eta frustrazioa! Horregatik, penduluaren legeari jarraiki, sistema horiek ezagutu genituenok geure kontsultak ipintzeko aukera izan genuenean, beste muturrera jo genuen: bakarkako tratamenduak, denbora luzeagoan, gela itxietan, paziente gutxiagorekin, bakoitzarekin denbora luzeagoan... Horretara, hurrengo urteetan, nire belaunaldiko lankideok “ohatila gaineko tratamenduak” lehenetsi genituen; gure formakuntzan oinarri-oinarrizkoa izan zen koltxoneta trasteen gelaren zoko batean baztertzeraino. Baina pendulua beste muturreraino ere ailegatu da, eta kontrako norabiderantz abiatzearekin batera, lehendik genekiena berrikastea tokatu zaigu: gure diziplina honen hastapenetan ariketa terapeutikoa zela nagusi (Pehr Henrik Ling suediarrak duela 200 urte sortutako erakundearen izena Royal Central Institute of Gymnastics izan zen), eta 1980ko hamarkadako fisioterapia zentro haiek bazituztela gauza onak ere, gaur egungo fisioterapeuta askok berreskuratzeko modukoak. Gauzak horrela, joera argi bat ikusten da fisioterapia zentroetan, bai sortzen ari diren berrietan, bai berritzen ari garenon zaharrotan: ohatila gutxiago, koltxoneta gehiago; hands off lana balioestea; espazio ireki zabalak, pazienteen artean konpartituak... Zorionez ez da modako kontua, zerbait sakonagoa eta iraunkorragoa baizik: lehengo eta gaurko jakituriaren sintesia, ariketa eta bestelako terapia fisikoak uztartuz pazienteen osasuna modu eraginkorragoan hobetzeko. • www.abante.eus