Arantxa Urbe - @arantxaurbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Nork ikasten du ikasgelan?

Ikasgelan gehien ikasten duena beti irakaslea da, beti». Plaust! Bota du 2021eko Kulturaren Viana Printzea saridun Teresa Catalan Sanchez musikagile nafarrak. Irratian ari zaizkio elkarrizketa egiten, eta, artean, musika eta hitzen konbinazio melodiatsua nuen bidaide lanerako bidean, uhinak bailiran. Esaldiak elkarrizketaren mamira erakarri eta gogoeta sortu du nire baitan: ikaste-irakaste prozesuan nor da ikasten duena... irakasle senak itsututa, akaso, sekula ez nuen prozesu hori ikuspuntu horretatik begiratu.

Catalanek kontatzen jarraitu du bere aita Nafarroako Museoko zaindaria zela, eta, beraz, museo batean jaio eta hazitakoa dela. Bere haurtzaroa koadroz, eskulturaz, liburutegiz, artez eta abarrez inguraturik pasatu zuen, museo hori izan baitzen bere jolaslekua. Museoak zituen gauza guztien artean, bere gogokoena areto nagusian zegoen pianoa zela aipatu du, haren itzalean ikasi zuela musika eta hari begira erabaki zuela konpositore izatea. Bere buruari Mozart Chopin-engandik zerk bereizten zuen galdetuz hasi zen, eta galdera horiek izan ziren musika konposizioaren sakonera eraman zutenak.

Txikitatik espiritu errebeldea izan omen du nafarrak, «galderak egiten nizkion neure buruari, eta gehienen erantzunak ez nekizkien. Horrek abiapuntura eraman ninduen, sormenera. Bertigoa ematen zuen mundu batera atera nintzen, asko bilatu behar zen erantzunak aurkitzeko, eta orduan ikasi nuen musikatik ere ikus daitekeela mundua».

Irakaskuntzaren mundua zer den behatu omen zuen, eta ohartu zen ikaskuntzaren mundua zabala dela, ikasgelan gehien ikasten duena irakaslea delako. «Asko prestatu beharra dago, ikasleek asko aberasten dute, norberari sekula bururatu ere egin ez zaizkion ikuspuntuak ekartzen dituztelako. Eta, orduan, ohartzen zara horrek osatzen zaituela, osatzen du zure pentsamendua, zure izateko modua, besteengana hurbiltzeko eta bestea ikusteko zure modua... mundu hori guztia oso interesgarria da, zirraragarria, ia. Irakaskuntza luxua izan da niretzat». Teresa Catalanengatik diote asko zaindu duela pedagogiaren arloa, hezitzailearen figura aldarrikatu duela letra guztiekin, eta hori oso garrantzitsua dela.

Galdera onetatik datoz ikaskuntza onenak, dudarik gabe. Aspaldi bilakatu zen hori ikaskuntza esanguratsuaren ezaugarri eta oinarri funtsezkoetako bat. Galdera onak egiten jakitea da hezitzaile on baten bertute handienetako bat. Horregatik, galderak, galdera onak, egitea da hezitzaile lanbidea zailtzen duen alderdietako bat.

Azken asteak ebaluazio garaia izan dira gure heziguneetan. Ikasle bakoitzaren erradiografia egin dugu: curriculumek eskatutakotik ikasturtea gainditzeko adina nork ikasi duen; nork izan duen arrakasta eta nork ez; nor izan den konpetentea, eskatu dizkiegun konpetentzia horiek, edo eskatu dizkiegun moduek, bizitzen ikasteko zenbateko ekarpena egiten duten oso argi ez badugu ere, sarri.

Hortxe utzi digu nafarrak galdera interesgarria geure buruarentzat: zer ikasi dut ikasturte honetan ikasgelan?

Bejondeigula ikasturtea oraingoz erantzunik topatu ez diegun galderaz beteta amaituko dugunoi! •