Nerea Goti
GERRAREN MEMORIA, GALDAKAON

Testigantzekin eta ikertutakoarekin osatutako kontakizun kolektiboa erdigunean jarri dute ekimen berriek

85 urte pasatu dira baina gerra ezin da ahaztu. Bonbek hil zituztenak, fusilatuak, mendian exekutatuak izan zirenak... errepresioaren aurpegi guztiak norbere etxetik atera eta espazio publikora itzultzen ari dira orain, erdigunean jartzeko. Galdakaok interes berezia zeukan 1936ko gerran eta garesti ordaindu zuen. Gertatutakoa jasotzeko ordua da.

Egungo Galdakaok ez dauka lehengoarekin zerikusi handirik. Herriaren hazkundearen ondotik, herrigune zaharrari, historikoari, ez zaio bizirauteko tarte handirik utzi. Hala ere, iraganaren gainean eraiki da gaurkoa, eta horren pasarte beltzena 1936ko gerrari lotuta dago.

1937ko udaberria bereziki odoltsua izan zen, frankisten erasoaldien ondorioz. Ez ziren bakarrik heriotzak izan, gerrak ekarritako min guztiak azalean daude oraindik. Testigantzekin eta ikerketa berrien emaitzekin memoria kolektiboa josi eta espazio publikora itzultzen ari da. Kontakizunen ondoan, oroimenaren lekuak ere berreskuratu dituzte, egunero zapaltzen diren kaleetan zer gertatu zen edo zer egon zen zabaltzeko. Hurrengo urratsa hildakoen berreskurapena izango da.

Kontakizun orokorrean ez da oso ezaguna, baina gerrak gogor astindu zuen Galdakao. Datu adierazgarri bat: Xabier Irujo adituaren arabera, 28 bonbardaketa jasan zituen herriak, gehienak 1937an, apirila eta ekaina bitartean. Horien ondorioz, 37 herritar hil ziren.

Galdakao Gogora elkartearen laguntzarekin, memoria berreskuratzeko ekimen berriak jarri ditu martxan Udalak, dagoen informazio guztiari ahalik eta zabalkunde handiena eman eta gertatu zena erdigunean jartzeko. Bide horretatik doaz hirigunean bertan egokitutako memoria ibilbide seinalizatuak, Tximelarreko babeslekuaren berreskurapena eta egunotan argia ikusi duen lana: “Galdakao Gerra Zibilean (1936-1937): Udaberririk gabeko urtea”.

Berriki, gainera, Aranzadi Zientzia Elkartearekin akordioa egin du Iñigo Hernandoren gobernu taldeak, alderdi guztien babesarekin, 1936tik gaur arte izandako eskubide urraketak aztertzeko. Herritarren testigantzak jasotzen hasiko dira, eta irailean memoriaren bulego bat zabalduko du Udalak.

Gerraren oroimenari dagokionez, fase berri bat zabaldu nahi dute, herri barruan eta kanpoan lurperatuta dauden galdakoztarren gorpuzkiak berreskuratzeko. 84 urte asko dira, baina ez oroitzapenak galtzeko edo ozen kontatzeko beharra ezabatzeko beste. Memoria ekitaldietara bertaratzea baino ez dago ikusteko garaian haurrak ziren haiek xehetasun osoz gordeta dituztela orduko irudiak. «Hitz egiteko garaia da, ozen kontatzeko eta entzuteko garaia», nabarmentzen dute.

Ama, anaia edo amama galdu zituenak gogoratzeko beharra du. Ume txiki baten begietara latza izan zen galera eta etxean eragin zuen egoera. Heriotzez gain, ahaztezinak diren gauza gehiegi gertatu ziren. Iltzatuta dago dena memorian. Izen-abizenekin gogoratzen dituzte babeslekuan zeudenean ondoan zituzten auzokideak, olgetan zeuden beste haiek nortzuk ziren eta zertan ari ziren, baserrian aska azpian ezkutatzen zirenekoa, fusilatu zituzten gizon «on-onak»…

Zer gertatu zen

Memoriaren inguruko argitalpen berria ekainaren 15ean aurkeztu zuten, «beltzez markatutako» martitzen batean, hain zuzen ere. Duela 84 urtekoa ere asteartea izan zen. Aurreko egunetan frankistek Larrabetzu eta Gamiz-Fika artean Gaztelumendiko muinotik Burdin Hesia apurtzea lortu zuten. Santa Marinako muinoa hartuta, bonbardaketak hasi ziren; ondoren lurreko erasoa. Tropa frankistak Galdakaon sartu ziren.

Ander Aperribai historialariak azaldu duenez, urteetan bildutako informazioaren sintesia da, laburra, izaera dibulgatzailekoa. 7.000 ale argitaratu dira eta doan eskuratzeko aukera zabaldu dute. Argazki ugarirekin, hainbat atal lantzen ditu: gerra hasiera, babeslekuak, bonbardaketak, tropa frankisten sarrera edo frankismoaren lehenengo urteak.

Kartzela, agintari publikoen “depurazioa” edo emakumeen kontrako errepresioaren ingurukoak ere jaso ditu, eta dakarren informazio berriaren artean, bonbardaketetan hildako eta fusilatutako lagunen zerrenda dago. Datuak, halere, behin-behinekoak direla zehaztu du historialariak. 84 urte pasatuta, hura estaltzeko egon ziren ahaleginekin, ez da erraza datu zehatzak izatea. Ikerketak, halere, aurrera jarraitzen du, adibidez, frontean hildakoen zerrenda osatzeko.

Zergatik Galdakao

Zer zeukan Galdakaok, 36ko gerran hain gune esanguratsuak biltzeko eta hainbeste erasoaldi izateko? «Bilboko sarrera naturala zen», azaldu du Aperribaik. Gaineratu duenez, Gasteizko eta Donostiako bideek Urgoitiko bidegurutzean bat egiten zuten, eta Ibaizabal ibaiari jarraituz Bilborako sarrera naturala eratzen zen. Gainera, bazuen oso boteretsua zen lantegi bat, La Dinamita, lehergailuak fabrikatzen zituena.

Explosivos izenarekin ere ezagutzen zen lantegi hori zen, Sierraren ustez, alde biek Galdakaon zuten interesaren gako nagusia. “Galdutako Udabarria” dokumentalaren egilea da Josi Sierra. Hainbat aditu eta lekukoren bitartez, garaiko egoera politiko eta sozioekonomikoa marrazten du filmak. Sierrak nabarmendu duenez, trantsizioan zegoen oso gizarte erlijioso bat harrapatu zuen gerrak. Oraindik baserritik bizi ziren batzuk, baina gehienek lantegietan lan egiten zuten edo fabrikan egiten zuten lanaldi gehiena.

Goizetik gauera militarrak indarrez altxatu eta herritarrak demokratikoki aukeratutako gobernu bat defendatu beharrean aurkitu ziren, armada baten aurrean. Detaile modura aipatzen du La Dinamita funtsezko enpresa bihurtu eta bertan lan egiten zuten herritarrak militarizatuak izan zirela. Trapu zati batez egindako besokoak jarri eta beste trataera bat zuten, baina herritarrak ziren eta aurrean armada oso bat zeukaten. Horren harira, herritar batek dokumentalean kontatutakoa erantsi du Sierrak: frankistek botak zituzten; herritar gehienak, aldiz, abarkekin edo espartinekin zihoazen gerrara. Garai hotz eta euritsu hartan frontean heriotzarekin pagatu zen hori, babesteko jantzi egokirik ez izateagatik.

EAEren kuartela

Burdin Hesiaren barruan, Galdakao postu esanguratsua zen. Udaletxearen aurre-aurrean, Gandasegiko eskoletan, EAE-ANVren 4. batailoiaren, Azkatasunaren, kuartelak zeuden. Memoria elkarteak zehaztu duenez, Eusko Gudarosteko 8. batailoia gotortze lanez arduratzen zen, lubakietan alanbre hesiak ipiniz, zubiak eraikiz eta bideak egin edo garbituz. Lehen borroka lerroan lan garrantzitsua egin zuten.

Udaletxetik metro batzuetara, EAE-ANVren aginte postua zegoen, Joaquin Vidal Munarriz koronel nafarraren agindupean. Historialarien esanetan, postua, seguruenik, Leon Asuaren eta Ellakuriaren etxeetan egon zen. Handik garaiko pertsonaia esanguratsuak pasatu ziren. George L. Steer gerra korrespontsal britainiarrak kontatu zuen Vidal Galdakaoko txaletean bisitatu zuela eta Estatu Nagusiko burua zen Montaudekin bertan elkarrizketatu zela. Dokumentatuta dago, era berean, Jose Antonio Agirre lehendakaria bera Galdakaon bildu zela Vidalekin.

Juan Bautista Uriarte kale nagusitik apur bat beherago, Inuntziaga txaleta zegoen. Tropa frankistek Galdakao hartu zutenean, aginte postua jarri eta behin-behineko kartzela bihurtu zuten. Hara eraman zituzten atxilotutako gudari eta milizianoak, eta handik beste kartzela batzuetara ondoren. Horietako asko fusilatu egin zituzten.

Izaera estrategiko horren ondorioz, Burdin Hesia apurtu arteko udaberri hartan, bonbardaketa ugari izan zen herrian. Apirilaren 9koak hildako, zauritu eta kalte ugari eragin zituen, baina odoltsuena 1937ko maiatzaren 19koa izan zen.

Ama, ahizpa eta amama

Mª Carmen Tutor Izagirrek bost urte zituen Plazakoetxeko babeslekuaren sarreran bonba bat jausi eta ama, ahizpa eta amama hil zituenean. Babeslekua erreka hartzen zuen tunela zen. Bera hondakinen azpitik atera zuten. 84 urte joan dira eta urtemuga bakoitzean hunkitu egiten da. «Hemen ama, ahizpa eta amama daude; hiru belaunaldi», esan dio GAUR8ri.

«Ez nintzen hil baina ez dakit zelan izango zen, amak seguruenik ni babesteko keinua egingo zuen. Uste dut Aurtenetxe zapatariak besotxo bat ikusi zuela, besotik tiratu eta atera ninduela», gogoratzen du.

Egun hartan ama alaba txikiaren bila hasi zen sirenak jo zuenean. Hots berezia zen, arriskukoa. «Hamaika hilabeteko umetxoa geneukan eta amak ‘umea non dau?’ baino ez zuen oihukatzen. Ahizpa nagusiek eramango zuten, gainerako neba-arrebak kaletik ibiliko ziren, auskalo», oroitu du Tutorrek. Haren ustez, argi zegoen bonbek herritarrei min ematea bilatzen zutela: «Hemen ez zegoen ezer; heriotzak eragin nahi zituzten».

Zazpi neba-arreba ziren, amaren ondoan hildako ahizpa nagusiak 18 urte zituen, amamak 62. «Laguntzen zigun jendea geneukan, baina hirurak batera galtzean babestuko gintuen inor ez geneukala sentitu genuen», kontatu du. Horri isiltasuna gehitzen zitzaion, kalean ezin zen hitz egin. Gogora etorri zaio egun batean militar frankista batek bere neba kalean aurkitu eta etxera joateko esan ziola, ama kezkatuta izango zuelakoan. «Yo no tengo madre porque vosotros la habéis matado», erantzun omen zion. Nerabe batek botatako hark ekar zitzakeen errepresalien aurrean, beldurra zabaldu zen etxean.

Manuela Arrieta ez zen bonbardaketan egon. Frankistak Galdakaon sartu aurretik Muskizera alde egin zuen bere familiak. Sierrak nabarmendu duenez, exodo moduko bat izan zen Bilbo aldera eta beste leku batzuetara. Gero itzulera helduko zen, eta aurkitutakoa aurkitu zuen askok.

«Amak ardia erosi zigun, baina patatarik ez zegoen; ardia almortzurako, bazkaltzeko eta afaltzeko… ahizpa Josefa eta biok patatak osten joaten ginen», gogoratzen du egun latz haietaz. Egun batean harrapatu egin zituzten. Kontatu du mutil batek galdetu ziola «¿Tú, chavala, qué haces aquí?». «Orduan erdaraz gutxi jakin genuen, eta gaur egun ez dakit asko baina…», jarraitu du Arrietak, egoeraren adierazgarri den pasadizoetako bat azaltzen. Oroitzapen bizi-biziak ditu, San Andres batailoiko Juanito Jugorekin egon zirela, zapatak ostu eta gerrara zapatarik gabe joateko trantzean utzi zutela. Galdakaora itzuli aurretik, osaba eta ahizpa aurreratu ziren, gauzak zelan zeuden ikusteko.

Hiru tren txartel

Osabak hiru tren txartel gehiago ordaindu zituen bidean. «Haiek hirurak fusilatu zituen Francok; bi solteru eta Zelaia, ezkondua, on-onak hirurak. Bosgarren egunean Cantabrican lan egiten zuen beste bat fusilatu zuten, hura ere ona… Francok infernu barru-barruan egon behar du», dio Arrietak.

Bonbardaketan ez zuen gertuko inor galdu, baina bizi izandakoa sentipen kolektibokoa ere badenez, Manuela Arrieta bonbardaketaren urteurreneko ekitaldian egon zen besteek esaten zutenari adi eta bizi izan zuena kontatzeko prest. Alkateari esan zion Bengoetxen, Gaztelu baserrian, babeslekua aurkitu zutela askok. Behien eta idien askak zementuzkoak ziren eta azpian sartzen ziren.

Enrique Jugok hamaika urteko anaia galdu zuen. Moises zuen izena. Lagun batzuekin kartetan jolasten omen zegoen, hegazkinak zeruan agertu zirenean. Ez zuen babeslekuan sartzeko astirik izan. Enriquek ez zuen ezagutu, 1941ean jaio baitzen bera. Etxean sarritan entzun zuen istorio hori, baina ez askoz gehiago; ez zen asko hitz egin behar.

Haren anaia nagusiak urte haiek ezagutu zituen eta askotan esaten zuen haiena «haurtzarorik gabeko haurtzaroa» izan zela, gerran zoriontasunik ez dagoela.

Memoria kolektibo baten parte sentitzeak ez du mugarik ezagutzen. Nekane Muñoz Sayaberak ez zuen Galdakaon inor galdu, baina gerraren oroimenaren parte den familian hazi zen, eta gertatutako hura ezagutzearen beharra aldarrikatu dute; amak, batez ere. Muñozen ama, Carolina Sayabera, Castueran jaio zen, Badajozen. Frankistek aita eta ama, hiru neba-arreba eta bi koinatu hil zizkioten kontzentrazio eremu batean. Errepublikaren aldekoak ziren, hori zen delitua. Ondoren, Carolinak beste lau neba-arrebekin irten behar izan zuen aurrera. Urteekin Bizkaira heldu eta bertan bizi berri bat egitea lortu zuen, eta benetan eskertzen du izan zuen harrera. Alabak kontatzen duenez, hil arte ahal izan duen guztietan egon da memoria berreskuratzeko ekitaldian. Han entzundako minen ondo-ondoan sentitzen zuen bere min propioa.

Ekitaldian egon ez, baina egun Loiun bizi den Dolores Gonzalezek ere ezin du hura ahaztu: «Pasatu genuena ez da ahazteko modukoa». Tximelarren bizi zen bera, eta ondo ezagutu zuen bertako babeslekua. Banku batzuk zeuden, baina zutik zeuden gehienak, otoitz egiten, inguruan bonbak nola jausten entzuten zuten bitartean. Maiatzeko bonbardaketa izan zenean ez zeuden Galdakaon; Franco sartu aurretik Santanderrera ihes egin zuten. Handik eta beste edozein tokitatik tropa frankistek eragiten zituzten txikizioak jarraitzen zituztela dio.

«Ezagutu behar zen hura», errepikatzen du Arrietak. Heriotzez gain bizitzak apurtu zituzten gertaera gehiago izan zirelako: beldurra, salaketak, etxera heldu eta hura okupatuta edo txikituta aurkitzea... Zer izan behar du Begoñako kanposantura hurbildu eta ilaran jarritako hilotzen gaineko izarak banan-banan altxatu behar izatea semea hildakoen artean zegoen ikusteko. Ereño familiari gertatu zitzaion. «Gerra gerra da, eta ezin da ahaztu», Arrietak dioenez.

 

Mendian hildakoak eta kanpoan lurperatuta daudenak

Memoria kolektiboa osatzeko bidean, Galdakaok erronka handia du oraindik aurretik, batez ere herri barruan zein kanpoan lurperatuta egon daitezkeen galdakoztarren gorpuen berreskurapenari dagokionez, eta ez da

bide erraza izango. Tomas Madina Gogora elkarteko kideak azaldu duenez, herriko mendietan hildako ugari izan ziren, horietako asko frankistek bertan aurkitu eta zuzenean egindako exekuzioen ondorioz. Lekukotasunen arabera, sei gune inguru dira gorpuzkiak lurperatuta izan ditzaketenak. Arazoa da orain arte ez dituztela kokapen zehatzak aurkitu. Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin zenbait prospekzio egin dituzte, baina ez dute emaitzarik izan, nahiz eta prospekzioaren inguru hurbilean izan.

Dokumentatuta daude, halere, galdakoztar biren hobiraketak, baina biak ala biak Euskal Herritik kanpo daude. Pedro Asua Zubiaur eta Gregorio Ibarretxe Etxebarria dira. Azken hau EAE-ANVren batailoiko kapitaina zen. Portacoeliko kontzentrazio eremuan hil zen, Valentzian, eta Beterako hilerrian lurperatu zuten. harremanetan daude bertako Udalarekin baina Elizaren aldetik zailtasunak aurkitu dituzte kokapen zehatza jakin eta berreskurapenari ekiteko.

Asua Bilbon atxilotu zuten. Jakako kontzentrazio eremu batera eraman zuten eta bertan fusilatua izan zen. Kasu honetan, nahiko zehaztuta dago hilobiaren kokapena hilerriaren barruan, baina hobi komun batean dago, eta epaitegietan jarraitu beharreko tramitazioek prozesua zailtzen dute. Madinak dioenez, konplexua da erakunde ezberdinekin hainbat tramite egin behar delako; baina mendietako desagertuen kasuan, arazoa da hilketa horien lekukoak desagertzen joan direla. Horregatik dio «oso berandu» goazela, «hau lehenago egin behar zen».