GAUR8 - mila leiho zabalik
IN FRAGANTI

LANARI IZAERA, EZ NEURRIAK

Bego Ojinagak 25 urte ditu eta marka ezagunen iragarkien irudi bilakatu da oso denbora laburrean. «Curvy» modeloen sailean kokatuta, uste du iraultza baten lehen pausoa dela baina denborarekin etiketa desagertuko dela, modelo on bat ezin delako neurri zehatz batean giltzaperatu. Izaerak, begiradak, gorputz hizkuntzak... ez dute tailarik.


Oysho arropa markaren linea berriko aurpegietako bat da. Azken lanetako bat izan da hori eta duen proiekzioagatik oraindik shock-en dagoela dio irribarretsu. Ez da bakarra izan, besteak beste, H&M, Zara, Kiabi edo Mango firma ezagunen iragarkietarako lan egin du. Erabiltzen duen tailagatik (42-44), curvy modeloen artean sailkatzen dute gazte bilbotarra. Bego Ojinagak, halere, neurrien araberako bereizketa den etiketa hori ohiko kanonetatik irteteko beharra bultzatzen duen joera berriko urratsen artean kokatzen du. Haren ustez, gizarteak eskatzen zuenari erantzunez heldu da lehen pauso hori, eta modaren munduari lagundu dio, mugak zabaldu eta kaleko errealitatera hurbildu duelako. Halere, espero du denborarekin desagertzen joatea, modeloak ilearen edo azalaren kolorearen arabera sailkatzen ez diren moduan, duten tailak ez lituzkeelako bereizi beharko. Haren ustetan, gainera, modelo ona izatea transmititzen den horrekin lotuta dago, ez ezaugarri fisiko zehatz batzuekin.

Polita izatearekin ez da nahikoa

Gaineratu duenez, edertasun hutsak ez du berez gehiegi esaten, komunikatzen duen beste zerbait ez badago. Horren harira gogoratzen du grabatuta daukala bere book managerrak behin esan ziona: «Ez zaude hemen polita izateagatik». Ez du ideia ahaztu, balio izan diolako gogoan izateko polita izatea ez dela nahikoa lan on bat egiteko. Horregatik azpimarratu du naturaltasuna eta profesionaltasuna gako garrantzitsuak direla lanbidea bideratzeko, ez delako lan erraza eta irudien atzean ikusten ez den esfortzu handi bat dagoelako.

Moda munduan zein egunerokoan, body positive filosofia aldarrikatzen du Ojinagak. «Zure gorputza gustukoa izatea, onartzea eta maitatzea da kontua, eta horrekin etiketak desagertzen joango dira, gorputz ezberdinetako pertsonak eta modeloak daudelako. Hori aldatzen hasi da, marka handiek ikusi dute denok izan gaitezkeela eskaintzen duten horren kontsumitzaile, eta horretarako, garrantzitsua da kanpainetan gure burua islatuta ikustea».

Modelo izatea ez zen Bego Ojinagaren ametsa izan, ez behintzat duela urte batzuetara arte. Bilbon jaio eta Begoña aldean hazi zen neska hark medikua izan nahi zuen. Gerora, Laborategia eta Diagnostiko Klinikoa ikasi eta orain klinika batean egiten du lan. Klinikako laguntzaile gisa egiten duen lana modelo lanarekin uztartzen du. Zelan? Opor egunak baliatuta. Irribarretsu dio orain arte lortu duela lan biak uztartzea, baina, erantsi duenez, batzuetan konplikatua da.

Modari irudia jartzeko ilusioa gaztetan piztu zitzaion Bego Ojinagari, sare sozialen erabilerarekin. «Instagram agertu zenean, argazkiak egiten hasi nintzen, argazkilariekin lan egiten, hobby bezala. Ikusi nuen gustuko nuela, gustura egiten nituen argazkiak egiteko plan horiek… eta lagunek esaten zidaten oso argazki onak zirela, horretarako balio nuela. Pixkanaka-pixkanaka ideia buruan sartu zitzaidan», ekarri du gogora du bilbotarrak.

Kameraren aurrean gustura

Kameraren aurrean gustura aritu, argazki onak lortu... eta halere ezaugarri fisikoetan ikusten zuen arazo nagusia. Dioenez, argi zeukan bere fisikoa ez zela modelo estandarren neurrietan sartzen, baina pentsatzen zuen ez zela beharrezkoa neurri zehatz batzuk izatea, eta «curvy modeloen iraultza horretan» bazuela leku bat.

Lagun batek mezua bidali zion, curvy-ak bilatzen zituen casting baten iragarkia ikusi zuela eta. Hara joan zen, «abentura gisa», eta casting-ean hartu, final batera heldu eta sari bat irabazi zuen. Handik gutxira, bere lehen lanerako proposamena helduko zen.

Hasierako esperientzia hori «apur bat kaotikoa» izan zela gogoratzen du. Dena zen berria modelo bilbotarrarentzat eta, gainera, haur txiki batekin egin behar zuen lana. Ez da erraza 8-10 urteko haurrekin aritzea, azaldu duenez. «Orain horrelako beste shooting (saio) bat edukiz gero, badakit lana nolakoa izango den», erantsi du.

Bidaiak, ordu luzeetako saioak

Lanean, bazkaltzeko atsedenean hitz egin du GAUR8rekin. Irribarretsu solastatzen da lanbide berriaz eta aurretik duen erronkaz. Zenbait unetan lotsa puntu batekin hitz egiten du; adibidez, kalean doala karteletan bere burua ikustean zer sentitzen duen galdetuta.

Modelo lanarekin gauza asko aldatu dira Ojinagaren bizitzan. Bidaiak eta ordu luzeetako saioak heldu dira. Bilbon, mundu horretan ez da asko mugitzen, gehienetan Bartzelona edo Madrilera bidaiatu behar du, eta saioak ez dira berdinak izaten. Enkargu bakoitzak agertoki berri bat zabaltzen du: tokia, lankideak, lanaren ezaugarriak... dena da berria. «Apur bat denetik dago, saioak oso laburrak izan ahal dira, ordu batekoak, edo oso luzekoak, 12 ordurainokoak».

Saioek izaten duten ohiko martxaren inguruan, honakoa azaldu du: «Kontuan hartu behar da saioa hasten dela makillajearekin eta ile apainketarekin, eta horrekin agian ordu eta erdi baino gehiago ematen duzula; eta gero argazkiekin, agian, 20 minutu, baina arropak probatu behar dituzu, zure neurrira egokitzen diren tailak eta jantziak aurkitu, eta batzuetan denbora pilo bat ematen duzu arropak aldatzen». Oyshoren saioaren kasuan, 7.00etarako estudioan egon eta 17.00ak arte irauten zuela aipatu du.

Horregatik, Ojinagak nabarmentzen du modelo izatea lanbide bat dela, txukun, seriotasunez eta naturaltasunez egin beharreko lanbide bat, baina ez txantxetan edo dibertsio gisa har daitekeen zeregina. Gustuko du, gozatzen du eta sentitzen du kameraren aurrean fisiko eder bat erakustea baino zerbait gehiago esateko gai dela, baina ez du ezkutatzen dedikazioa exijitzen duela eta une batzuetan gogorra izan daitekeela. Dioen hori ez du kexa modura hartzea nahi; esfortzua eskatzen baitu, baina «beste lan askotan bezala».

Lanak aurretik prestatu

Solasaldian askotan aipatu du «profesionaltasuna» hitza. Kameraren aurrean transmititu behar den horretaz galdetuta, zera aipatu du: «Hasteko, profesionala izan behar duzu. Bezeroak gauza zehatz bat nahi du eta hori kontuan hartu behar da kameraren aurrean jarri aurretik; lan bakoitzean gauza bat eskatzen dute. Oyshok naturaltasuna eskatzen zuen, sentsualitate puntu batekin baina ez askorekin. Gero horri zure izaera gaineratu behar diozu. Horrek zer esan nahi du? Etengabeko casting moduko batean zaudela beti».

Beraren ustez, argi izan behar da modelo izatea lanbide bat dela, «zeren batzuek uste dute ondo pasatzeko esperientzia bat dela». Egoten jakitea, ofizioaren beste gako garrantzitsuetako bat dela dio. «Batzuetan agian 10 ordu eman behar dituzulako zutik, kameraren aurrean, ezin duzu esan nekatuta zaudela, beste lanbide batzuetan bezalaxe jakin behar da lanaren neurrira egoten eta egoki erantzuten», azaldu du.

Ojinagarentzat, gainera, lana ez da argazkilariaren aurrean jartzearekin hasten. Eskaintza bat jasotzen duenean, hurrengo pausoa marka horren ingurukoa irakurtzea dela azaldu digu: markaren historia, balioak, aurretik egin dituzten kanpainak… «Zeren lanera zoazenean lan elkarrizketa baten modukoa izaten da, eta ez da berdina marka batentzat edo besteentzat lan egitea. Oysho, H&M edo Zararentzako lanek antzekotasun gehiago izan ditzakete euren artean, baina Alemaniako marka batekin lan egiten baduzu, beste era batera egiten dute lan».

Adibideaz galdetuta, azaldu du alemaniarren estilo propio horretan ohikoagoak direla begirada gogorrak, gehiegizko jarrerak eta aktuazioa, nahiz eta gaur egun hori aldatzen ari den. Lan eskaera bati behar bezala erantzuteko, beharrezko informazioa izateak laguntzen du, aurretik prestaketa lan bat egitea, aurreko lanak ezagutzea... «Hori guztia begiratzea inportantea da, lanera heltzean aurretiko ‘beroketa’ modukoa izan daitekeen hori egina eramateko», nabarmendu du.

Dioenagatik ulertzen da estudio batera argazkiak egitera sartzen den modeloak bere burua kokatzeko moduko ariketa egiten duela, kameraren aurrean jarri orduko ez dagoelako inprobisaziorako tarterik. Bezeroak argi azaltzen omen du zer nahi duen, eta irizpideak oso zehatzak izaten direla azpimarratu du.

Objektiboaren aurrean kokatzeko txanda heltzen denean, beraz, pieza guztiek enkajatu behar dute: modeloak aportatzen duen izaera, bezeroak eskatzen duen mezua transmititzea... «Saiatzen naiz nire zigilua jartzen, baina bezeroak eskatzen duen horretatik irten gabe, eta sobreaktuatu gabe», esplikatu du.

Zenbait unetan lan gogorra izan ahal bada ere, Ojinagak nabarmentzen du ikusi duen modaren mundua ez datorrela bat hainbatetan zabaldu den hoztasun irudi horrekin. Aitortzen du lanean hasi zenean gurasoek pozik baina kezka puntu batekin hartu zutela albistea. Aldiz, ezagutu duen mundua oso hurbila dela azpimarratzen du, oso harreman indartsuak sortzen dituena. Bilboko gaztearentzat harreman estu horiek garrantzitsuak dira, etxetik oso urrun eta bakarrik zaudenean. «Beharrezkoak dira, ordu asko ematen duzu lankide horiekin, gehienetan saio batetik bestera modelo eta argazkilari ezberdinak dira, hiri ezberdin bat... lankideekin ondo egotea errazena da niretzat», aipatu duenez. Harreman onak ez dira modeloetara mugatzen, argazkilariekin ere sintonia ona aurkitu duela esaten du. «Lan guztietan amaitu dugu dantzatzen, musika topera eta giro on batekin».

Esfortzu handia dago, baina ez tentsio giroa. Moda munduan ez dagoela inprobisaziorako tarterik nabarmendu du. Markak irizpide batzuk ematen dizkie argazkilariari eta modeloei eta jantziak izan behar du protagonismoa. «Hor inportanteena ez zara zu; zu bigarren plano batera pasatzen zara. Inportanteena jantzi horri bizitza ematea da. Selekzio bat egon da eta pentsatu dena da arropa zehatz bat nola luzituko duzun». Eta alde hori ez da erraza. Askotan jantzi behar den hori ez da Bego Ojinagak jantziko lukeena, «baina prenda hori defendatu behar duzu».

Lanbideak daukan proiekzio publikoa da Ojinagari lotsa apur bat ematen diona, batez ere kaletik joan eta neurri handietako horma irudietan bere burua ikusten duenean. Gertatu zaio iragarkiaren ondotik pasatu eta ezagutua izatea, baina hori ere kudeatzen ikasi behar dela dio. Dimentsio publikoa duten lanbideen «alboko eragin» gisa deskribatzen du. Bere bizitza pertsonala, irudi publikoa, bidaiak, ospea... lanbideak ekarri dion guztia, normaltasunez eramaten saiatzen dela kontatu digu. Onartzen du ingurukoei deigarria egiten zaiela. «Eta nik ilusioarekin hartzen dut erronka pertsonal gisa, baina ez pertsona ezberdin bat sentituta». •