«Bakeroen film bat bezala irudikatzen dut Lurbinttoko ohoinen istorioa»
Ahoz aho harilkatutako istorioa urkatutako lapur talde bati buruz mintzo da, «Lurbinttoko ohoinak» izenarekin gogoratuak. Gertaera historikoari tiraka, komiki batean kontatuko du Larreak gertatu zena, EKE-Elkar literatura bekaren bultzadarekin.
Bertso bat oinarri hartuta, Tarben urkatu zuten lapur talde baten historia marrazki bidez kontatu ahal izateko EKE-Elkar literatura beka eskuratu du Adur Larrea Eguren marrazkilariak. Kontatzen dituen istorioak entzunda, “Lurbinttoko ohoinak” izenburua izango duen lana amaituta ikusteko itzelezko gogoa sorrarazten du.
Bilbon jaio zen duela 39 urte, baina egun Ziburun bizi da bere emazte eta alabarekin. Adur Larrea Eguren da bere izena, baina “Adur” izenarekin sinatzen ditu bere marrazkiak. Ordea, marraztu bakarrik ez, irudi bidez istorioak kontatzeko pasarte historikoak erabiltzea maite du, eta horrek dokumentazio lan handia eskatzen du. Berriki, EKE-Elkar literatura beka eskuratu du eta horri esker duela zazpi urtetik buruan zuen egitasmoari forma eman ahal izango dio: “Lurbinttoko ohoinak”.
Adurren esanetan, oroimena duenetik marrazten du, eskolan marraztu egiten zuen irakasleari jaramon egin behar zitzaionean, eta ondoren, ikasketak hautatzeko ordua iritsi zenean, ez zuen zalantza handirik izan. «Ez ikasteko ikasketak egin nituen Leioan, Arte Ederretan, garbi nuen hortik jo nahi nuela», oroitzen du Adurrek.
Horrela hasi zen lehen lantxoak egiten: «Garai hartako fanzineetan kolaboratzen hasi nintzen, herri aldizkarian eta antzekoetan. Gaur egun ez dakit halakoak existitzen diren ere, baina horrela hasi nintzen eta gero animazioak ere egin nituen, ikus-entzunezkoak, beti irudiarekin lotuta».
Aditu bat ez dela aitortzen duen arren historia maite du eta argitaratu dituen azken lanak dira horren adierazle, lan historikoak baitira, batez ere 70eko hamarkadan kokatuak.
Hona azken urteetan Adurrek kaleratu dituen zenbait lan: Gabriel Aresti idazlearen lan biografikoa, Arkaitz Canok osatutako gidoiarekin Xanti Brouarden azken egunak kontatzen dituen “Antzara Eguna”, pasa den neguan Mikel Antzarekin argitaratu zuen “Burgosko auzia. Iraultza eta bizi!”, eta azkena, “Maria Zugarramurdikoa eta sorginduak izan ziren emakumeak”, Miren Mindegiarekin elkarlanean Nabarralden argitaratutako lana.
Gehienbat lan historikoak egin dituen arren, denetarik irakurtzen du Adurrek; beraz, ez du arazorik beste eremu batzuk jorratzeko, esaterako, zientzia-fikzioa edo beste garai batzuetako istorioak. «Kontua da estetika jakin bat bilatzea istorio bat erakargarri bilakatzeko», argitu du marrazkilariak.
Egokitu beharra
Teknika desberdinak erabiltzen ditu Adurrek. Adibidez, “Argia” aldizkarian argitaratzen dituen marrazkiak egiteko akuarelak erabiltzen ditu, beste batzuetan ordenagailuz egindako marrazkiak erabiltzen ditu, eta beste batzuetan zuri-beltzean aritzen da. «Alderdi ekonomikoak batzuetan gauzak zuri-beltzean egitera behartzen gaitu, merkeago izateko eta baita denbora aurrezteko ere, gauzak kolorez egiteko denbora bikoitza behar baita», azaldu du.
Ordenagailuen etorrera eta tekniken trantsizioa ezagutu ditu Adurrek, baina ongi moldatu da eta egun ordenagailua lanabes bat gehiago da beretzat. Beraren esanetan, «lehen dena eskuz egiten zen, nahiko brikolajea zen, orain edozein tabletetan sekulako gauzak egin daitezke. Gaur egun akuarelaz aritu zaitezke, baina ordenagailuko pintzelarekin».
Aitzitik, eskuz egindako lana baloratzen du marrazkilariak, nahiz eta beste teknikei aterik ixten ez dien. «Nik baloratzen dut eskuz egindako lana, baina dena irensten dut, eta badira bestelako lanak liluratzen nautenak, adibidez 3D formatuan egindako zenbait lanek itzelezko errealitatea lortu dute».
Tintarekin eta zuri-beltzean aritzea maite du Adurrek, «luma edo pintzela, zuri-beltzezko kontrasteak» maite ditu. Ordenagailuan ere eskuz marrazten aritzen da: «Batzuetan lumarekin eskuz hasten naiz, baina koloreztatzeko ordenagailua erabiltzen dut, beste erreminta bat gehiago da. Garai batean bi ordu ematen zenuen globo bat errotulatzen, hizki bat gaizki idatzi, tipexa erabili.... gaur egun artisautzak duen lan karga hori arintzen da, pauso batzuk aurrezten dira eta denbora irabazten da».
Marrazteko teknikak bakarrik ez, gidoira ere egoitzen jakin beharra nabarmentzen du sortzaileak: «Marrazkilaria beti bakarrik hasten da. Istorioak eta marrazkiak osatu behar ditu, baina gero proposamenak etortzen dira eta egokitu behar da, eta hori zailagoa da, zeren marrazkilaria eta idazlea ados egon behar dira gauza guztietan». Hala ere, kasu honetan, aspalditik gogoan zuen istorio bat zen, eta «nik neuk irudikatuko dut osorik, onerako eta txarrerako», zehaztu du Adurrek.
Bertso bat abiapuntu
Duela zazpi urte hasi zen artxiboak bisitatzen, dokumentuak bilatzen eta iturri desberdinetatik informazioa biltzen, baina ez zuen egitasmoari eusteko denborarik aurkitzen. Orain ordea, EKE-Elkar beka eskuratu du eta lanari ekiteko aitzakia ezin hobea du: «Hori da itzaleko lana, dokumentazio lan handia da. Gauza interesgarriak aurkitu nituen, baina marrazkiak ez nituen eginak. Hor nuen ideia, baina ez nuen hartzen astirik egitasmoari heltzeko; beraz, beka bitarteko on bat izan da, zeren proiektua aurkezteak bultzatu nau marraztera eta istorioa zehaztera».
Buruan duen istorioa marrazki bidez irudikatzeko 6.000 euroko dirulaguntza jaso du Adurrek, eta 2022ko martxorako lana amaitu beharko du. Horren ostean, Elkar argitaletxeak argitaratuko du “Lurbinttoko ohoinak”. «Gure tresnak sinpleak dira, ez dugu gauza handirik behar, ordenagailua, eskanerra eta bulego xume bat; hau da, gasturik gabe lan egin dezakegu, baina batez ere denbora behar da. Jada baditut beste lan satelite batzuk; orain, ordea, denbora eskaini ahal izango diot egitasmoari, lehentasuneko eginbeharren zerrendan sartu baita».
Jabier Kaltzakortak idatzi zuen “Bertso jarrietatik ahozkora” izeneko artikuluaren amaieran “Lurbinttoko ohoinak” bertsoa agertzen zen eta hortik hasi zen hariari tiraka Adur. «Orduan hasi nintzen ikertzen; hor bada toponimo bat, euskara aldetik ere Lapurdi aldera jo dezakegu.... eta horrela, informazioa biltzen ohartu nintzen egiazko istorio batean oinarritutako bertso bat zela. Nahiko infantila, apur bat komikoa, baina bestalde, bertsoak kontatzen du nola garbitu zituzten sei ohoin Baionan».
Bertso hura oinarri hartuta ikertzen hasi zen Adur. «Bada Lurbintto eremu bat Itsasun, eta etxe honetan biltzen ziren ohoinak eta halako etxetan ere egon ziren, eta horrela hasten zara pixkanaka zehazten lekuak eta denbora».
Ikerketek ezusteko asko ere eskaini zizkioten marrazkilariari. Adibidez, lapurrak ez zirela lapur arruntak konturatu zen eta ez zituztela Baionan urkatu Tarben baizik. «Bertsoan kontatzen da Baionan sei ohoin urkatu zituztela. Gero ikerketak eginez deskubritu dut Tarben izan zela egiaz. Baina ez ziren ohoin arruntak, ohoin haiek bazuten iragan bat», nabarmendu du Adurrek.
Espainia eta Frantziaren artean XVIII. mende amaieran izan zen Konbentzioko gerrako galtzaileak ziren Tarben urkatu zituzten ohoinak eta urte bat baino gehiago zeramaten lapurretak eta gaiztakeriak egiten, helburu batekin: mendekua.
Robin Hood euskaldunak
Honela irudikatzen du Adurrek marrazki bidez azalduko duen istorioa: «Nik ‘Tombston’ edo ‘Sin Perdon’ filmak bezalako bakeroen pelikula bat irudikatzen dut. Hor tiroka agertzen den bakeroa nor zen? Agian laborari bat zen eta emaztea hil diote eta horregatik amaitu du horrela, baina hori ez da kontatzen filmean. Hala ere, nik hori apur bat garatuko dut, titulua sinplea da, ‘Lurbinttoko ohoinak’, baina agerian utzi nahi nuke nondik datozen».
Dokumentazio mordoa du Adurrek, beraz, badu zer kontatua, eta horregatik ez du fikziozko kontakizunik asmatu behar izan: «Pertsonak eta tokiak egiazkoak dira, zeren dokumentatuak daude. Gaur egun oraindik garai hartan aipatzen diren baserriak hor dira, eta bertako jendearen abizenak entzunda, posible da haietako batzuk lapur haien oinordekoak izatea».
Egileak kontatzen duenez, «Frantziako Errepublikaren sorrerak Ipar Euskal Herriko foruen desegitea suposatu zuen, antolaketa administratiboa berbera izango zen aurrerantzean Frantzia osoan, eta ondorioz, herri txikien artean sortutako erakundeak desegin egin ziren. Elizak ere kolpe handia jaso zuen, ondasunak eta lurrak galdu baitzituen. Horregatik, muga inguruko herrietako euskaldun askok Espainiako bandoa hautatu zuten frantziarren kontra egiteko».
Itsasu, Kanbo, Sara eta inguruetako laborariak ziren Baigorri edo Elizondoko frontean gerran aritu zirenak, nafarrekin eskuz esku, ziur aski euskaraz hitz egiten zuten beste laborariekin. Mugaldeko euskaldunak bando batean zein bestean izan ziren. Adibidez, geroago lapur bilakatu zirenen kontra aritu zen Arispe jenerala, baigorriarra zen, Frantziako Errepublikaren alde.
Ordea, Espainiak gerra galdu zuen eta frantziarren kontra aritu zirenek larrutik ordaindu behar izan zuten. «Errepublikanoak ez zirenak Landetara deportatu zituzten. Haurrak, adinduak, denetarik. Oso gogorra izan zen, herriak hustu ziren, batzuk bidean hil ziren eta beste asko hegoaldean erbesteratu ziren».
Gerran izan zirenek gerra egiten ikasi zuten eta armak bazituzten, ostera, Hego Euskal Herrira erbesteratu behar izan zutenek edo Landetara deportatuak izan zirenek sekulako gorrotoa zieten errepublikazaleei. Horrela, euren herrietara itzuli zirenean euren etxeak suntsituak edo okupatuak aurkitu zituzten eta Itsasun biltzen hasi ziren, Lurbintto izeneko eremu batean, mendekua gauzatzen hasteko. Adibidez, «halakoren alargunari etxea ebatsi diozu, ez badiozu bi egunetan itzultzen, su emango diogu eraikinari», esplikatzen du Adurrek.
«Lege zaharraren aldekoak ziren, oso elizkoiak, haien artean baziren apaizak ere, baina egin zuten halako banda ganberro bat, eta urte batez ia gauero ekintza bat egiten zuten. Testuingurua ere halakoa zen, ez zegoen kontrolik, ez zegoen poliziarik, armada errepublikanoa Donapaleun zegoen; beraz, urrun ziren zerbait bazen zaldiz etortzeko... Kontua da dokumentatzen hasita ohartzen zarela ez zirela bakarrik ohoinak, bazuten elkartzen zituen zerbait, iragan bat, eta mendeku gosea».
Tarbeko epaitegian ohoin haiek egin zituzten adierazpenak ere oso esanguratsuak dira. Ez zekiten frantsesez, beraz itzultzaileek idatzitako testigantzak dira. Marrazkilariak nabarmentzen duenez, «hor konturatzen zara batzuek jada diskurtso bat landua zutela, Robin Hooden antzekoa: guk etxe hauek berreskuratzen ditugu herriarentzat...».
Kontatzen hasita begiak pizten zaizkio Adurri eta burura etortzen zaion guztia kontatu nahiko luke, baina badaki pasarte asko alde batera utzi beharko dituela: «Nik proiekturako 80 eta 100 orri artean ditut gogoan, eta hori da zailena, zeren hori guztia sinplifikatu behar da komiki formatuan egokitzeko eta arintasun apur bat emateko. Informazio mordoa duzu, baina komikian hari bat jarraitu behar da eta gidoiak pasarte interesgarri asko sakrifikatzea eskatzen du».
Artikulu hau bera argitaratzeko ere Adurrek kontatu dizkigun zenbait pasarte alde batean utzi behar izan ditugu, gidoiak beti gutxieneko koherentzia eduki behar baitu. Edonola ere, Lurbinttoko ohoinen nondik norakoak entzun ostean lana osorik amaituta ikusteko itzelezko gogoa ematen du.