GAUR8 - mila leiho zabalik

ULIAKO PARKEA, BIZIRIK ETA KOMUNITATEA EREITEN

Poliki doaz eta oztopoak dituzte. Baina badoaz aurrera. Uliako mintegi zaharren parkea babestu eta kudeatzen duten bizilagunek aurre egin diete proiektu urbanistikoei azken urteetan. Komunitatearentzako baratze-lorategi bat abian jarri nahi dute, baina bidea, ordea, ez da erraza izaten ari. Gatazka ez da eten. Oraingoan, Aranzadik parkeari buruz laster aurkeztuko duen proiektuaren beldur dira.

Maialen ANDRES | FOKU

Oraindik ez dira bi urte bete Susana Basabilvaso argentinarrak Uliako Lore-Baratzak proiektua ezagutu zuenetik. Baratzean lanean ari da gora eta behera beste hainbat boluntariorekin batera, emakumeak hein handi batean. Eguzkia eta giro epela nagusi dira eta parkeko txoko guztietan eguzki izpien argitasuna gailendu da. Belardiaren erdialdean familia bateko bost kide piknik hiritar moduko bat egiten ari dira. Albo batean, Buskando izeneko ur-biltegiko sarreraren inguruan jolasean ari dira umeak. XIX. mende bukaeran inauguratu zuten, errepidearen bueltan lur azpian dagoen Soroborda biltegia txiki geratu zenean. Donostiako lehen ur-biltegiak Ulian eraiki ziren. Buskandokoa 100 urte inguruz egon zen martxan gutxi gorabehera, 1982 arte, eta goiko leihoetatik argitasun mehe eta argitsua sartu ohi da, gaurkoa bezalako egunetan bereziki. Azken urteotan bisita gidatuak antolatu dira. Herritarrek ur-biltegien edertasun eta balio arkitektonikoa ezagutzeko aukera izan dute, besteak beste, Antton Larrauri parkeko zaindariari esker. Larraurik orain dela lau urte hartu zuen erretiroa eta omenaldi beroa egin zioten. Betidanik bizi izan da Uliako mintegietako parkearen etxe familiarrean. Baina goibel egon da azkenaldian. Egoera larri xamarra da: Udalak etxetik bota nahi duela salatu zuen pasa den maiatzean eta inork ez daki, ezta kaltetuak berak ere, zenbat iraungo duen. Larrauriren ingurukoek kaleratzeko data datorren udazkenean gauzatuko ote den susmoa dute. Zaindaria gizon umil eta isila da, langilea, eta auzoan biziki maite dute. Etxegabetze agindua jaso zuenean, Udalak Ategorrietako adinekoentzako etxebizitza batera joateko gonbidapena luzatu diola adierazi zuen.

Antton Larrauriren aferaren atzean ederki islatzen da 14.450 metro karratuko hiri parkeak igaro duen bide nahasi eta bihurgunetsua. Leire Rodriguez Uliako Lore-Baratzako kide da hasieratik eta auzo elkarteak 2000ko hamarkadan parkearen defentsan egindako lana azpimarratu nahi izan du. «Donostiako Udala zer egin pentsatzen ari zen horretan okurritu zitzaion, beti bezala, lurra pribatizatzea, eta luxuzko 30 pisu pribatu altxatu nahi izan zituzten. Momentu horretan krisi ekonomikoak gure alde jokatu zuen eta ez zen lortu lursaila saltzea, gehienbat bizilagunen presioagatik. Uliako auzo elkartea asko mugitu zen, auzoan ez ezik hiri osoan ere bai, eta lortu zuen Aranzadi Zientzia Elkarteak txosten bat egitea, non argi eta garbi ikusten zen ur-biltegiak ondare bat direla eta babestu egin behar zirela».

Aranzadik egin zuen txostenean nabarmendu zen bi ur-biltegien kontserbazio egoera «bikaina» zela eta eraikuntzak, zientzia elkartearen esanetan, balio arkitektoniko nabarmena duela. XIX. mende bukaerako arkitektura publikoaren «eredu interesgarria» direla azaldu zuen Aranzadik.

Plan urbanistikoa kutxa batean sartu zuen Udalak. Ategorrieta, Ulia eta Intxaurrondoko bizilagunek, bitartean, itxita ikusten zuten parkea. «Kanpotik begiratzen genuen eta gure artean esaten genuen: zer izango da hori? Nola egongo ote da? Barrura sartu nahi genuen eta ezin…», gogoratu du Rodriguezek. Uliako auzo elkarteak parkea irekitzeko eskatu zion Udalari eta ezezkoa jaso zuten hasiera batean, ez baitzuten “baliabiderik” eremua zaindu eta kudeatzeko. 2013an iritsi zen bizilagunen proposamena ideia zehatz batekin: «Bale ba, baliabideak guk eskainiko dizkiegu. Proposatu geniona izan zen baimen bat eta guk kudeatzea proiektua», jarraitu du.

Uliako Lore-Baratzak ekimena «oso ondo txertatzen zen» auzo elkarteak parkea irekitzeko egindako eskaerarekin. «Kostatu zen proiektua aintzat hartzea, ez zegoelako mekanismo juridikorik hori onartzeko»; horrenbestez, esan eta egin: ate irekiko jardunaldiak antolatu zituzten, auzolanean ibili ziren eta ur-biltegietarako bisita gidatuek izugarrizko harrera ona izan zuten. Udalak ikusi zuen bizilagunen konpromisoa serioa eta fundamentuzkoa zela eta parkearen kudeaketaren lehiaketa publikoa egin zuen. Auzo elkartearen eskutik Uliako Lore-Baratzak proiektua aurkeztu zen eta parkearen ardura guztia hartu zuen. 2015. urteko otsailean giltzak eskuratu zituzten, apurka-apurka taldea osatu zuten, elkar ezagutu zuten eta, finean, erdietsi zuten parkea egunero irekitzea eta jarduera ezberdinak ezartzea. Mantenu lanak egiten hasi zirenean, elkarlanean, ohartu ziren Antton Larrauri zaindariak urteetan eta isilpean egindako lan txukunaz. «Anttonek belarra mozten zuen, lore batzuk zaintzen zituen, zuhaixkak moztu zituen… Oso ongi mantendu zuen», azpimarratu du Rodriguezek.

2016an, Donostia Europako Kultur Hiriburua izan zen urtean, parkeak behin betiko bultzada jaso zuen «beste norabide eta prozesu kontrajarrian, oinarri oso erreal batetik». Proiektuaren arima komunitarioa fruituak ematen hasia zen. Alde batetik, ume talde batek natura eta arte ekimenak egiten zituen; bestetik, bi musika jaialdi antolatu zituzten, udaberrikoa eta udazkenekoa. Era berean, baratze taldea sortu zen eta lorezaintza ikastaroak egitera abiatu ziren. Sakrifizio, esfortzu baina ilusio handiz urratutako bideak jarraipena izan du ondorengo urteetan.

Komunitatea eta natura

Susana Basabilvasok bost minutuko atsedena hartu du eta banku batean itzalean eserita dago. Gogoeta bota du, segidan: «Pozten naiz hemen egoteaz. Uste dut hori dela etorkizunerako irtenbidea, kooperatibista den gizarte mota hau. Zoritxarrez, gero eta gehiago indibidualizatzen den eta ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko joera duen mundu batean bizi gara. Badakit leku horrek, eremu horretako metro bakoitzak, diru asko balio duela. Arrazoi bategatik edo besteagatik, beti esaten dute parkea kendu nahi digutela. Nik nahiko nuke agintariak hemen zer egiten dugun ikustea. Erabateko paradigma aldaketa da kooperatibismoa. Auzokideen komunitatea gara, eta elkarrekin lan egiten dugu. Krisi garaian familia askok baratze honetako barazkiak jan dituzte. Leku zoragarria da. Agintariei eskatu nahi diet bihotz-bihotzez guztiona dena indarrez inposatu ez dezaten».

Basabilvasoren iritziarekin bat dator Linda Garzon. Kolonbian jaioa da eta Donostian egiten du lan arropa denda batean. Pandemiak eztanda egin zuenean orain dela urte eta erdi, naturarekin eta ingurukoekin harremana izateko modua aurkitu zuen parkean. Asteartero etortzen da, bostetatik zortzietara gutxi gorabehera, eta baratzeak biziberritzeko lanean aritzen dela aitortu du. Igandean auzolanean ibili ohi dira, parkea garbitzen eta txukuntzen. Irribarre batekin azaldu du bere esperientzia pertsonala Garzonek. «Horrelako zerbaitetan parte hartzen dudan lehen aldia da. Asko gustatzen zait naturarekin harremana izatea. Txikia nintzenean aitak ilarrak ereiten zituen arren, oso epe laburra izan zen. Giza faktorea zoragarria da, inor ez dago inoren gainetik eta dena partekatzen dugu. Konturatzen zara komunitatean bizi zaitezkeela, inbidiarik, haserrerik eta atsekaberik gabe, modu sano batean. Gure artean elkar laguntzen dugu. Badugu zer ikasi besteengandik».

Baratzera bueltatu aurretik azken mezua helarazi nahi du. Nekazaritzaren aldeko aldarria egin du Kolonbiako neska gazteak: «Bizimodu bat da. Lanean eskatu dut nire egun librea astearteetan izan dadila. Oso argi neukan. Hasieran uste nuen noizean behin etorriko nintzela, baina ez dut huts egin. Nire inguruko hiru lagunek etorri nahi dute. Hiritik landara doa gizartea».

«Beste ‘Hondalea’ bat egin nahi dute»

Egin atzera bost urte eta garai distiratsu hark –mintegiak Eusko Jaurlaritzaren Elkarlan Saria jaso zuen– orbana izan zuen, eta ez nolanahikoa: Udalak parkean dagoen lur eremuan gazteentzako 70 apartamentu egitea onartu zuen. Gutxigatik ez ziren apartamentuak altxatu: EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen plana, Uliako mintegiak bere osotasunean mantentzeko. Jasotako informazio guztia kontuan izanik, auzitegiak zehaztu zuen hirigintza proiektua gauzatu zedin beharrezkoa zen ingurumen txostenik ez zela aurkeztu. Leire Rodriguezek ez du «inoiz ahaztuko» igande goiz hartan bildu zen jende mordoa garaipena ospatzeko. «Xanpaina ekarri genuen eta gurekin borrokan aritu ziren herritar guztiak elkartu ginen. Historikoa izan zen herri mugimendu batek Udalaren espekulazio urbanistikoko plana gelditu izana».

Pozak ez zien askorik iraun bizilagunei eta bi egunetara, asteartean, ezustean harrapatu zituzten, Donostiako Udalak Aranzadi Zientzia Elkarteari parkean bertan bere egoitza egitea proposatu zionean. Udalak sostengatutako «kontrako jarrera» sistemikoa izango dela barneratu behar izan zuten. «Oso gogorra izan zen. Konturatu ginen parkea ez dela inoiz salbu egongo», jarraitu du Rodriguezek. «Uliako Lore-Baratzak proiektua ez da inoiz erraza izango eta argi daukagu zein izango den gure oztopoa: Donostiako Udalak ez du ulertu desberdina dela hiriko beste parke guztien aldean. Bizirik dago eta komunitate oso bat parkearen alde lan egiten ari da. Ez du zerikusirik hirigintzarekin, turismoarekin, ezta urbanismoarekin ere. Eta konturatu gara kode horiek guztiak ez dituztela ulertzen udaletxean. Lorategi frantses bat egin nahi dute, Cristina Enea edo Alderdi Eder moduko bat. Guri asko gustatzen zaizkigu parke horiek, baina hau beste gauza bat da. Parke hau parte-hartzailea da, baratze-parke bat da, beste dinamika batzuk ditu».

Aranzadik 2020an 148.443 euroko dirulaguntza jaso zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailetik, ur-biltegiei buruzko proiektu bat egiteko. Hasiera batean, eremua birmoldatzea eta eraikin berri bat eraikitzea aurreikusi dute. Aranzadik ezezkoa eman dio egoitza altxatzeari, baina «mesfidantza» handia da eta Uliako Lore-Baratzetik komunikazioa eten izana salatu dute: «Proiektu horren baitan jartzen du hiru parte-hartze saio egongo direla. Bilera bakarra egin dute gurekin. Eta ez ziguten kontatu proiektua nola izango zen. Zer broma mota da hori? Hori da parte-hartzea? Hori da gune hau gune arkeologiko izendatzea eta lehenengo, zuk hemen esku hartu ahal izateko eta zure memoria historikoko lantxoak egiteko, bertako komunitatea bota edo hil nahi izatea?». Auzotarrek ez dute ukatzen «parkeak konponketa batzuk behar dituenik», eta Aranzadiren txostenaren ondorioak zeintzuk izango diren aurreratu dute. «Badakigu zer esango duten irailean aurkeztuko duten proiektuan: ur-biltegiak oso gaizki daudela, irisgarriak egin behar direla eta ondare gisa tratatu behar direla. Hau da, museo bat bihurtu nahi dute. Turistifikatu. Beste ‘Hondalea’ bat egin nahi dute Ulian, turistentzako diseinatuko dutena. Joan zaitez Donostiako ur-biltegiak bisitatzera eta gero etzan zaitez parkean, Istanbulen bezalaxe».

Emakumeak, jaun eta jabe

Susana Basabilvaso, Leire Rodriguez eta Linda Garzonekin batera beste hamar bat lagun ari dira elkarlanean astearte arratsalde honetan. Emakumezkoen partaidetza eta inplikazioa nabaria da. Uliako Lore-Baratzaren datuek adierazten dute, urtarrila eta maiatza bitartean «jatorri, adin eta testuinguru anitzetako» 600 kidetik gora pasatu direla parketik; horietatik, %70 emakumeak dira. «Oso datu garrantzitsua da. Emakumeok ez ditugu espazio sozial asko eroso eta aske sentitzeko, kontsumitu gabe egoteko, erlazionatzeko, elkar ezagutu eta babesteko guneak sortzeko», ohartarazi du Rodriguezek. Diru iturri bakarra dute, Donostiako Ingurumen eta Gazteria Sailetik emandakoa, hain zuzen ere, urtean 3.000 eta 5.000 euro asko jota. «Diru pila ematen du, baina modu boluntarioan egindako lana da. Txollo bat da. Udaletxeko lorategien zerbitzuburuari galdetu genion zenbat kostatuko litzatekeen parke honen kudeaketa egitea eta soilik lorezaintzak 50.000 euroko kostua duela onartu zuen. Guk, gainera, jarduerak egiten ditugu».

Oraingoan, bankuan eseri dena Amaia Urkiza donostiarra da. 30 minutu barru amaiera emango diote gaurko lanari eta lasai asko ariko dira ogitartekoa jaten eta garagardoa edaten mahai baten inguruan. Amaiak dio boluntario “beteranoa” dela, hiru urte daramatzala Uliako parkean pozez gainezka, dena atsegin duela, ezin duela gauza bakar bat hautatu. «Maiteminduta segitzen dut. Zentzu osoa hartu diot: zertarako nahi ditugu hainbeste parke perfektu, benetakotasuna behar dugunean eta galdu ditugun betiko gauzekin kontaktuan egon behar dugunean? Barazkiak nola landatu eta zaintzen diren ikasi dut. Keinu sinpleekin gauza handiak egin daitezke».