AUG. 21 2021 ETA MAITA HERRIA... (ZORTZIGARREN ATALA) Xabier espetxetik aterata, Maddirekin ezkonduko da. Idoia eta Patxi bi haurren aita-amak dira. Idoia lanetik bota dute bigarren haurraz erditu ondoren amatasun baja hartzeagatik. Langabezian dago «emazteki izateagatik». Gerardo MUNGIA 12. JELKALDIA Adiskideak Herriko ostaturat joan dira, Xabierrek merezi duen batzarriaren egitera eta ber denboran agintzera Xabier eta Maddi ezkonduko direla. Txalaparta airearekin batera arizale urdinak taularat sartzen dira. Jelki dantzariak eta bertsolaria (erdiko atetik). Besta handia. Maddi (Xabierri) 134. Iduriz eni dagokit arra-jitearen berri. Zer erraten ahal dudan… Xabier, ongi etorri! 135. Presondegiz presondegi. Hinkili-hankala ibili. Zure familia, lagunak... Zazpi deabru ikusiz. Xabier (Maddiri) 136. Hilkarrean aritu naiz. Beti adorea zuketz. Frankotan ahoan potets. Maitasuna duzu niketz. 137. Esker mila guzieri. Espainiako ziegan barda. Geldiarazi dituztenak tenore hontako taupada. Bertsolaria 1. Zure hutsuneak bizitza aldatu zigun zuritik beltzera. Baina beltzetik zurira doan ziaboga hementxe da. Ogi berria nahiz ez datorren gose zaharra asetzera zure egarria libre da eta ongi etorri etxera. 2. Nahiz eta orain mugi zaitezkeen haizea bezain libreki joaten denak nora itzuli behar izaten du beti. Ez zaren arren inon egongo etxean baino hobeki zuk erabaki ezazu atea noiz itxi ta noiz ireki. Hitzak: Sustrai Colina. Airea: Haurtxo txikia negarrez dago. Gero, dantzariek ohorezko aurreskua dantzatzen dute. Arizale oro erretira. 13. JELKALDIA Bizitzeak eta denborak aitzinerat segitzen dute. Idoia eta Patxi bi seme-alabaren aita eta ama izan dira eta lanari lotuak. Nola ez ba? Beti beren sorlekuetarat ahal dutelarik. Idoia bigarren umeaz erditu ondoren eta amatasunaz bajan edo arrêt de travail-ean oraindik delarik, lan egiten duen jantzi-dendarat doa nagusiaren deiari erantzuten. Jelki taulara Idoia eta Susana (ate urdinetik). Jalki Puy, dendako nagusia, eta jende gehiago (kanpotik). Puy (dendako nagusia) 138. Aizu Idoia zurekin eleak behar trukatu. Ez da ehi erraitea. Ez zaitut nahi porroskatu. 139. Negozioa tikia da. Mantentzeko firin-faran. Ezin horrela segitu zu baldin bazaude bajan. 140. Zure dretxoak direla ongixko jakin badakit. Alta kontratua fini. Erabakia ez da aisit. Idoia 141. Hemendik karriketarat aterako naiz tristeki. Langabeziarat noa naizelakoz emazteki. 142. Nora goaz langileak? Bagara purtzilkeriak? Esklaboak heldubada? Aiseriak miseria. Susana (langilea) 143. Beti berdin guretako. Hotzikarak bahitu nau. Nolako ustekabea. Horrela, banpez eta brau! Denak erretira. 3. SATANERIA Jelki oholtzara Kerra eta Pokerra satan gehienak. Iduriz beren “lana” bukatu dute. Kerra. 144. Langile hauen artean gaitzaldiak eta herra. Anartean guretako dantzatzeko tenorea. Pokerra 145. Luziferri emaiok garaipenaren plazera. Ikustekoa baitik Patxiren amaiera. Kerra 146. Hesteak labaintzen zaizkidak jauzi batzuen egiteko. Zunbeltzeko bentatik Larrain-dantzan aritzeko. Pokerra 147. Inguruko dantzariak gera ditean bekaizti. Uxueko apezpikuak dezala behatza busti! Kar, kar, kar… Jelki satanak, guziak. Xiberoako branlea dantzatuko dute. Gero satanak oholtzatik erretira borta gorritik. 14. JELKALDIA Idoiak umeak haurtzaindegian bildu ditu. Langabea da egun. Etxerat doa osoki deboilaturik, lur jota. Bertan Patxirekin hasten da mintzoan, jantzi-dendan agitu ustekabea kontatuz. Jelki Patxi, Idoia eta bi umeak (borta urdinetik). Idoia 148. Saltokitik natorkizu. Erabat deboilaturik. Kalera iraitzi naute. Oinazeetan plegaturik. 149. Gogo etsia banaute. Samindura kanpora behar. Norbait aka(ba)tuko nuke. Kolkoa dut usteltzear. 150. Nolaz ari zitzaidan jantzi-dendako nagusia! Sendi nuen nengoela zakurraren ipurdian. Patxi 151. Lan hobea badukezu. “Latsari onari ez zaio nehoiz falta latsarria”. Ez gara molda gaur artio? 152. Tristuraz ez kordokatu. Maitea, gora bihotza! Bizi nahiari estekatu. Entzun umeen asotsa. Idoia 153. Egia duzu amorosa! Banoa adiskideekin. Anartean arta haurrak... ta afaria, otoi, egin! Idoia karrikara doa adiskideen bila, barrena arintzeko asmoz, eta Patxi etxean geratuko da. Badu zer eginik... Laurak erretira. Türk andere-gizonak ilkitzen dira ate gorritik. TÜRK andere-gizonak. Beltxarga-anderea I- Haurra duzu negarretan. Ipurdia zikindurik. Oihalaren aldatzeko Nik behinik behin ez gogorik. La la la la… Zirlinga-anderea II- Hara! Mutil, hire txanda. Hara! Troxen aldatzera. Belakia, kolonia, hoa orain xerkatzera! La la la… Erregexupit-mutila III- Sentitzen dinat maitea. Istantean naun jinen. Tabakoaren erosteko ordu bat behar bederen. La la la… Oilanda-anderea IV- Tapalahara ohartu duk edota halabeharrez? Uzkian pipermina ote? Hola, atratzeko banpez? La la la… Türkak erretira. Taulada hutsik geratu da.