GAUR8 - mila leiho zabalik

ETA MAITA HERRIA... (BEDERATZIGARREN ATALA)

Patxiren lantegian ekoizpen erritmoak gero eta gogorragoak dira. Patxik kasketa jartzea atzendu du; presaka lan egin behar du, eta lantegiko makinen zaratak lankideen arrisku abisuak entzutea galarazi dio. Garabi baten katea askatu eta Patxi jo du buruan. Zerraldo erori da.


15. JELKALDIA

Idoia bere lagunekin elkartu da solas alegeran, gizonkiek etxean duten jarrera aipagai dutelarik. Gizonak beti bilkurak, manifak, poteoak, tabernetan eta abarretan ibiltzen baitira baina etxeko lan gehienak emaztekiek egiten dituzte. Haurrekin berdin. Umore onean kalakan ari dira.

Jalgi eszenatokira pastoraleko emaztekiak (borta urdinetik).

Maddi

154. Arratsaldean bilkura.

Beti berdin, egunero.

Zertarako hainbertze hitz?

Izan behar ahobero!

Bea

155. Sindikatua ez bada

auzokideen elkarte.

Jaietarako bilerak.

Normala da egitate?

Jasone

156. Adiskideekin pilota

partidaren ikusteko

biltzen dira tabernetan.

Horrela larunbatero.

Anabel

157. Komuna garbi nehoiz ez.

Eskailerak gurbil ezin.

Josten, lisatzen ez dakit...

Erosketak noizean behin.

Isa

158. Iraultza bai, iraultza bi.

Eta meta lasto meta.

Etxean hasi behar da

benetako aldaketa.

Eunate

159. Lan egiten dutela? Bai.

Eta guk? Ea! Berrate!

Lantegikoa, etxekoa…

Haurren kontua aparte.

Bea

160. Ohatzean sexu greba

egin beharko genuke.

Bainan hozki so egiten,

zonbat denboraz… Nork lekike?

Maddi

161. Ai! Bea, barkatu baina

enekilan ez kontatu.

Kiskaltzen bada istape

sua behar da amatatu.

Esther

162. Txatxukeriak ez erran.

Xikotzea bezain jaukal…

Aipamenak berotzen nau

entzuten dudan aldikal.

Denak batera (trufaz)

163. Igan, igo, igan, igo...

Jaitsi, jautsi, jaitsi, jautsi...

Hara, lotan geratu da...

Morfeo-ri goraintzi!

Kar, kar, kar...

Idoia

164. Zer litzateke bizia?

Ez dut imajinatzen ahal.

Patxi ohaidea ez banu,

nola nengoke egunkal?

Emaztekiak eszenatokitik erretira.

16. JELKALDIA

Egun batez lantegian Patxi bere lana betetzen ari da. Hainbertze txanda-aldaketarekin ez du ongi lo egiten. Ekoizpen erritmoak gero eta gogorragoak dira. Harramantza handia da fabrikan. Patxik kasketaren jartzea atzendu du; presaka doa garabi baterantz zamaren libratzera.

Jelki taulara langile guziak, urdinak eta gorriak. Bakoitza bere bortatik.

Patxi

165. A, ze logura naizen gaur!

Ohatzean nuke hobe.

Idoiarekin goxoki...

Bizitze hau, taxugabe!

166. Gure herrian bagina...

Zertan nabil? Arraioa!

Malenkonian fabrikan?

Utikan eldarnioak!

Purnas (eskirola, oihuka).

167. Kasu Patxi! Non kasketa?

Badakizu debekua!

Derrigorrezkoa dela.

Errespetatu manua!

Patxik ez du entzun eta segi.

Atxen (langilea)

168. Harramantza handiegi.

Makinek ta garabiak.

Modesto Zorrirekilan

hari buruz doaz, biak.

Anabel (langilea)

169. Garabiaren katea

askatu da tipustapan.

Patxi, kontuz! Izan kasu!

Bizia datza tartean.

Patxi ez da ezertaz ohartzen. Pentsamenduketan dabil eta makinen herotsek lankideen oihuak eragozten dituzte. Hainbertzenarekin garabiaren katea askatu da eta kolpe bortitza buruan joz, Patxi zerraldo erori da. Fabrikako adarrak jotzen du eta langileek lan egiteari uzten diote.

Jelki erizainak eta sendagilea (erdiko bortatik).

Barber (sendagilea)

170. Ez da ezer egiterik.

Buruan jo du ohilki.

Mihise batez babestu.

Egizue astiroki.

171. Sortzaileari buruz doa.

Betiko loa heldu zaio.

Itzal handia du egunak.

Pagatu dugu kario.

Erizainek Patxiren gorpua eraman erdiko bortatik.

Denak erretira, bakoitza bere atetik.

Jelki dantzariak erdiko atetik: Herio dantza, denak beltzez jantzirik.

17. JELKALDIA

Idoia etxera heldu da seme-alabekin. Portalean, begitarte ilunez, jende parrasta bildu da.

Jelki taulara Patxiren fabrikako konpaiak, ahaideak, ikasleak… (ate urdinetik).

Jalki Idoia seme-alabekin bere buruari galdezka, estonaturik (kanpotik).

Idoia

172. Hortxe den jentezionea!

Denak ditun elaireak.

Batzu-batzuk auzokide.

Erizainak, ahaideak.

173. Jainkoa! Zer hotzikara!

Sabeletik bururaino.

Eta begi ninietan

Saioan* bezainbat laino.

Modesto (langilea), Eneko (Patxiren anai gehiena) eta Heleni (Idoiaren ama) aitzinatzen dira.

Heleni (Idoiaren ama)

174. Tenore hitsa benetan,

Idoia ene alaba.

Nolaz erraten ahal da

ai! erran nahi ez dena?

Eneko (anaia)

175. Entzun, gertatuaren berri

emanen dinagu orain.

Mila nabalen eriek

ezin diten hainbertze min.

Modesto (langilea)

176. Lantegian, karriketan

langile eta konpaia.

Errespetatzen baitzuten

lagunak eta etsaiak.

Idoia

Bainan zer derasazue?

Eneko (anaia)

177. Patxi arratsalde hontan,

Helas! zergatik hi anaia?

istripuz hil dun fabrikan.

Barka nazan Idoia.

Modesto (langilea)

178. Lan eguna finitzear

ta fabrikako adarra,

Kaguensos! jotzear zelarik

aditu dugu desarra.

179. Garabiaren kateak

kolpatu baitu buruan.

Ber tenorean hantxe hil da.

Hala du eta patuak.

Idoia negarrez txopinka zartatu da, herrestan, jendeen axolbean.

*Saioa mendian