Interview
LIZ QUINTANA
Argitan-en sortzaileetako bat eta boluntarioa

«Bitxia da, baina 25 urteotan erakunde guztiek bideratu dituzte emakumeak Argitanera»

Barakaldoko emakumeentzako aholku etxeak 25 urte ditu. Sorreratik boluntarioa da bertan Liz Quintana. Euren lanaren garrantziaz jabetzeko, oso adierazgarria da esan duena: urteotan erakunde guztiek bideratu dituzte emakumeak Argitanera.

Argazkiak: Iratxe AVILA - Monika DEL VALLE
Argazkiak: Iratxe AVILA - Monika DEL VALLE

Hainbat ekitaldi izango dira datozen hilabeteetan Argitan Barakaldoko emakumeentzako aholku etxearen 25. urteurrena ospatzeko. Udalak itxitako zentroa aldarrikatzeko jaio zena boluntariotzan eraiki da ordutik. Erreferente bilakatu eta emakumeen beharren behatokia ere izan da. Zaila da esatea zenbat emakumek aurkitu duten han beste inon aurkitzen ez zuten aholkua, laguntza eta konplizitatea. Liz Quintana baliabidearen sorrera bultzatu zuten kideetako bat da eta lehen egunetik dabil boluntario gisa.

Zelan sortu zen emakumeentzako aholku zentro bat eratzeko ideia?

1996ko martxoaren 8an hasi ginen lanean. Urte batzuk lehenago, Barakaldoko Udalean bazegoen zerbitzu bat emakumeei aholkularitza emateko, emakumeen aldetik oso onarpen maila handia zuena. Hainbat ikuspuntutatik, balorazioa oso positiboa zen. Hala ere, baliabide hori ixteko erabaki politikoa hartu zuten. Esan zuten ez zela ikusten emakumeentzako ezaugarri horietako zentro bat mantentzeko beharrik. Herriko emakumeen mugimenduek kezka agertu zuten, ikusi baitzuten martxan egon zen denboran sinesgarritasun osoa eman ziola emakumeen kolektibook aldarrikatzen genuenari, alegia, Barakaldon horrelako zentro bat izateko beharrari. Izan ere, biztanleria maila oso handia da, krisialdi ezberdinek gogor jo dute eta pobreziaren eta prekaritatearen feminizazio maila handi samarra da bertan.

Taldeok koordinakunde bat sortu genuen. Udala presionatzea zen helburua, zerbitzu hori berriro martxan jar zezan. Erantzun berdina ematen jarraitzen zutenez, alegia, beharrik ez zutela ikusten, behar horiek guk asmatutakoak balira bezala, zera pentsatu genuen: ‘Gai izango ote gara gure kontura zentro bat martxan jartzeko?’. Asmoa aldi baterako izatea zen, urte baterako edo birako, asko jota, emakumeen aldetik zer erantzun zuen ikusteko, eta horrekin Udalera joan eta esateko: 'Begira, beharra egon badago, aurten hainbeste emakume pasatu dira'. Inondik ere ez genuen uste 25 urte emango genituenik lanean. Gainera, gure ideia zen, eta oraindik ere bada, erakundeak berak bere gain hartu behar duela hori, ez genukeela emakume taldeok borondatez arduratu behar horretaz, baina ez da horrela izan.

Zer ikusten zenuten kalean?

Populazio kontzentrazio handiko udalerri batean bizi garela eta arazo eta gai ugari biltzen direla, emakumeen bizitzaren prekaritatean eragiten dutenak; ez soilik indarkeriaren adierazpen ezberdinak, baizik eta prekaritatearen gaiarekin oro har ere zerikusia dutenak. Gainera, emakumeek beraiek ere hala adierazten ziguten. Argi eta garbi ikusten genituen emakumeek beraiek kalean helarazten zizkiguten beharrak. Kezka, kexa edo salaketa horiek jaso, Udalari helarazi, eta datu eta zifra zehatzekin joan ginen... eta, hala ere, 25 urtez funtzionatzen jarraitu badugu, denbora honetan guztian kasu gutxi egin digutelako da.

Gogoan dituzu Argitanen hasierako egun haiek?

Gogoan dut, lehen egunetik dauden lagunetako bat naizelako. Urduritasunez gogoratzen dut, emozioz, esperantzaz, ea funtzionatuko zuen, herriko emakumeek nola jasoko zuten... Zalantza guztiekin, baina helburua lortuko genuen ziurtasunarekin. Erantzuna berehalakoa izan zen. Astean hiru aholkularitza egun jarri genituen; bi egunetan goizez eta beste batean arratsaldez. Ordu dezente, denera, eta hitzorduak bete egiten ziren. Ahoz ahokoak funtzionatu zuen. Uste dut zentrotik pasatzen ari ziren eta ondo zainduta zeudela sentitzen zuten emakumeen ahoz ahokoak transmisio uhal bezala funtzionatu zuela, beste emakume batzuk zentroan hitzordua eskatzera anima zitezen. Urduritasun handiko egunak izan ziren, eta ardura ere bageneukan, ea gai izango ote ginen premiei erantzuteko eta baliabide guztiak kudeatzeko. Lan bizia izan zen, martxan jartzea nekagarria izan zelako.

Hala ere, argi izan dugu beti zentroa ez dela helburua, bitartekoa baizik. Argi dago oso garrantzitsua dela egoera zehatzak konpontzea, baina ez da hori azken helburua. Zentroak pultsua hartzeko eta une bakoitzean zer gertatzen ari den ikusteko balio digu; emakumeek zer behar dituzten, zer gabezia dauden, zer baliabide falta dauden eta non presionatu behar dugun zehazteko. Gero, horrekin guztiarekin, erantzunak, tailerrak, jarduerak, ikastaroak eta abar antolatzen ditugu, emakumeek planteatzen dizkiguten eta beharbada beste inola ere onartzen ez diren gaiei estaldura edo erantzuna emateko. Horrek beste kide batzuekin lankidetza loturak sortzera garamatza; izan ere, urte hauetan guztietan euren lan ona eta gaitasunak eskaini dituzte, tailerrak emateko. Beti esaten dugu hori guztia egin daitekeela koordinakunde bat izan garelako. Izan ere, bi abokatu eta aholkularitzetan laguntza ematen duten bi lankide eta psikologoez gain, ezinezkoa izango zen beste emakume askoren laguntzarik gabe, atzean dagoen lan guztia egiten baitute: ikastaroen eta tailerren antolakuntza, estatistikak egin, laguntzak lortzeko proiektuak prestatu, justifikazioak... lan handia da.

Instituzioek zerbitzu eta prestazio ezberdinak antolatu dituzte, baina Argitanek ez dio telefonoari erantzuteari utzi. Zergatik hartzen dute telefonoa milaka emakumek Argitanera deitzeko, eta ez Udalera, Aldundira...?

Kontu bitxia da. Barakaldoko Udalak, duela bost bat urte, emakumeentzako aholkularitza juridikoko udal zerbitzu bat martxan jartzea erabaki zuen, eta, hala ere, ikusten genuen ez zituztela emakumeak artatzen, eta azkenean Argitanera zetozela. Horrek zer pentsatu ematen du, erakundeak zer egiten ari diren gaizki edo zer ez diren ondo egiten ari, emakumeek baliabide instituzionalizatuetara jo beharrean boluntarioen lanean oinarritutako baliabideetara jotzeko. Gure ustez, ez da informazio beharra bakarrik. Litekeena da erakundeetan lanean oso ondo prestatuta dauden kideak egotea, baina emakume asko, zugana jotzen dutenean, ez dira bakarrik informazio juridiko perfektua bilatzen ari. Enpatia, hurbiltasuna, entzunak sentitzea, epaituak ez sentitzea... bilatzen ari dira; gainera, emakumeek horixe helarazten digute. Arazo oso konplexuekin datoz, eta batzuetan konponbidea ez dago gure esku edo ez %100ean. Baina, askok esaten digute ‘makila magikoa ez daukazuela badakit, baina lagundua, babestua, entzuna naizela sentitu dut’. Oso garrantzitsua da enpatia horretatik eta ikuspegi benetan feministatik egitea.

Feminismoaz hitz egiten dugunean ez da bakarrik ondo geratzeko. Badirudi modan jarri den hitza dela, eta ‘super guay’ geratzen dela feminista zarela esatea, baina praktikan gauza askotan islatu behar da. Etiketa jartzearekin ez da nahikoa, aurretik lan handia egin behar da perspektiba artatzen ari garen emakumeei aplikatzeko. Oso bitxia da martxan daramatzagun 25 urteotan erakunde guzti-guztietatik bidaltzen dituztela emakumeak Argitanera, Osakidetzatik, Lanbidetik, Aldunditik, Udaletik... Administrazioak berak bideratzen ditu hona. Horrek agerian uzten du ez dituztela behar adina baliabide, edo ez emakumeek eskatzen dituzten ezaugarrietakoak. Horrek gogoeta eragin beharko luke, ikusarazi zer-nolako aurrekontuak eta neurriak ez diren ezartzen egoerari aurre egiteko. Administrazio publikoei kritika hori egiten diegu. Egoera horretan gaude urtez urte, baliabide mugatuak ditugu eta egoerak konpontzeko giltzak eta tresna guztiak izan beharko lituzkeenak ez du dagokiona egiten. Administrazioak autokritika egin beharko luke, baina horrez gain planta gutxiago egin, etiketa gutxiago eskegi eta emakumeen bizitza hobetuko duen guztia jarri beharko luke.

Aldaketarik ikusi duzue emakumeek egiten dizkizueten kontsultetan?

Ez da funtsezko aldaketarik izan. Momentuaren arabera aldaketa txikiak egon daitezke, baina gehienak ia berdinak dira. Hainbat bloketan bana ditzakegu. Alde batetik, familiaren gaiarekin oro har zerikusia duen bloke bat dago; hau da, banantze, dibortzio, zaintza eta seme-alabei buruzko neurri eta prozedurak. Oso garrantzitsua den beste ildo bat lan prekaritatearekin lotuta dago; hau da, enplegua, adibidez, etxeko langileak, enplegu prekarioak, Lanbideren gaia eta gizarte prestazioak, eta horren ondoriozko arazoak. Gero, beste bloke garrantzitsu bat, indarkeriekin zerikusia duena, ikuspegi ugaritik hartuta.

Beste zati handi bat aholkularitza psikologikoa da, eta hemen lehen baliabide publikoen gabeziari buruz esan dugunera itzuliko gara. Emakumeak aholkularitza psikologikoa eskatzen ari direnean, ez dira medikazioa eskatzen ari; askotan entzunaldi bat eskatzen ari dira, sakoneko lan bat, ikusteko zer eskema, zer estereotipo, zenbat klixe edo sutan ikasitako zenbat gai darabiltzagun esku artean, eta horrek nola eragiten duen emakumeengan erabakiak hartzerakoan edo ez hartzerakoan. Emakume askok esaten digute 'ni bat-batean gaizki nago', eta zergatia aztertu beharrean, zer gertatzen ari den nire bizitzan, nola kudeatzen ari naizen aztertu beharrean, nola sentitzen naizen ikusteko, kausetara joan beharrean ondorioetara jotzen da. Zer gertatzen zaizu, triste zaudela? Bueno, bada, depresioa; tori, antidepresiboak. Emakumeek sentitzen dute dena medikaziora mugatzen dela, ezer gutxi gehiago, eta hori da, hain zuzen ere, zerbitzu psikologikoak lehen unetik oso harrera garrantzitsua izateko izan duen arrazoietako bat. Aholkularitza psikologikoa ez da bakarrik banaka ematen. Ikasturtean zehar tailer egonkor bat dago 9 edo 10 hilabetez, hainbat emakumerekin, eta hor urte osoan aritzen dira autolaguntzarekin zerikusia duen guztia lantzen eta abar.

Indarkeria matxistaren pertzepzioan aldaketa handiak izan dira; zer ikusi duzue?

Indarkeria matxistaren pertzepzioaren gaia konplexu samarra da. Egia da aldaketa esanguratsu bat egon dela identifikatzeko, indarkeria matxistei izena jartzeko... eta agenda politikoetara eraman dela. Baina lehen esaten genuenera itzultzen gara, egia da administrazioak aitortzen duela onartezina dela, ezin dela justifikatu. Baina, egunerokotasunean, horrek ez du esan nahi egoerari benetan buelta ematen dioten politikak eta neurriak aplikatzen direnik. Dena geratzen da salaketan, erantzunean, baina neurri ugari hartu behar dira eta arazoari aurre egiteko baliabideak jarri. Adabakiak jartzen ari gara, baina ez goaz arazoaren errora irtenbideak bilatzen saiatzeko, urtero errepikatzen diren zifra horiek jaisten joan daitezen. Sentsazioa da dena fatxadan geratzen dela, guay geratzen dela feministak garela esatea, indarkeria matxistaren aurka gaudela, baina funts gutxi du. Ez da nahikoa adierazpen publikoak egitea; onartu nahi ez diren gaiak lantzea ekarri behar du berarekin.

Konfinamendu zorrotzaren ostean, indarkeria matxistaren inguruko deien igoeraz ohartarazi zuen Argitanek; aurten, hainbat erasoren berri izan dugu. Zer gertatzen ari da, pandemia egoerarekin lotuta egon daitezke?

Pandemiak ez du ezer berririk ekarri; indarkeria egoerak agerian utzi eta sakondu egin ditu. Konfinatuta egoteak esan nahi zuen emakume askok eguneko 24 orduetan euren tratu txarren egileekin bizi behar izatea, eta egoera danteskoak eragin zituen. 24 orduko bizikidetzak askoz arrisku handiagoan jarri ditu emakume asko. Estres eta estualdi egoerak dira, espita bat, metatzen diren eta azkenean lehertzen diren indarkeria mota horiek guztiak sortzeko. Iazko konfinamenduan, gehiago ezin zuten emakumeen deiak izugarri ugaritu ziren. Horrek eragina izan al du azken hilabeteetan ikusi ditugun indarkeria kasuetan? Zaila da esatea. Barakaldon, azken garaiotan, oso gai larriak aurkitu ditugu: sexu esplotaziorako emakumeen salerosketa sareak, desegin zirenak; sexu erasoak eta eraso fisikoak izan dira, baita erailketa saiakerak ere. Zoritxarrez, hori hor dago pandemiarekin eta pandemiarik gabe. Baina egia da krisi ekonomikoko egoerak, orain gertatzen ari den bezala, edo beste maila batzuetako krisialdiek, oso isla argia dutela indarkerietan. Konfinamenduak izugarrizko egoerak ekarri zituen. Gero, ziurgabetasun hori, prekaritate egoera horiek, estresa... azkenean, horrek guztiak emakumeen aurkako indarkeria dakar.

Emakumeenganako seme-alaben indarkeriaren aurreko kezka ere aipatu duzue, zuen ustez zein da zergatia?

Bitxia da, baina 1996an zentroa martxan jarri eta denbora gutxira detektatu genuen lehen gaietako bat izan zen. Indarkeria egoera horiek salatzen zituzten emakumeen kasuak iristen hasi zitzaizkigun, hainbat kasu jarraian. Hori detektatzen hasi ginen, eta alarma piztu genuen. Ikusi genuen joera horretan fokua jarri behar zela, zerbait gertatzen ari delako. Detektatu duguna da hainbat egoerarekin lotuta egon daitekeela, batzuetan etxean bizi izan dituzten eta seme-alabek errepikatzen dituzten indarkeria egoerekin. Bitxia da batzuetan alabek ere errepikatzea.

Egiten genuen analisia da askotan zaila izaten dela sufritzen ari denaren rolarekin identifikatzea; boterea duenarekin, indartsua denarekin identifikatu nahi duzu zeure burua, eta azkenean rol hori hartzen duzu eta bestea hartzen duena mespretxatzen duzu. Enpatizatu beharrean, zu pasatzen ari zarena pasatu nahi ez dudanez, beste aldean jartzen naiz. Hori da gertatzen den egoera bat. Bestalde, frustrazioa jasateko hezi ez diren seme-alabekin du zerikusia, hura kudeatzen ez jakiteak amen aurkako indarkeria eragiten du. Asko kezkatzen gaituen zerbait da, baina duela 25 urte detektatu genuen. Horiek dira egiten ditugun irakurketetako batzuk, baina gehiago ere egongo dira.

Argitanek hainbat mobilizaziotan hartzen du parte, beste kolektibo askoren ondoan, etxegabetzeen kontra, prekaritatearen edo murrizketen kontra. Prekaritatea eta indarkeria emakumeetan itsasten dira?

Guretzat oso garrantzitsuak dira aliantza horiek; mugimendu, kolektibo eta borroka desberdinen arteko zubiak ehuntzea. Bakoitza gai zehatzetan zentratuta egon arren, gai asko elkar gurutzatzen dira, eta horietan lan ildo komunak ezar daitezke, eta batak bestearengandik ikasi. Ildo horretan lan egin dugu beti, eta hortik dator Berri Otxoak-ekin dugun lotura, gizarte prestazioekin, prekaritatearekin eta pobreziaren feminizazioarekin lotuta egiten dugun lanean, baita pentsiodunen mugimenduarekin ere... Zubi horiek eraikitzen saiatzen gara, zertan lagundu ditzakegun eta gu zertan lagundu gaitzaketen, eta elkarrekin zer lan mota egin daitezkeen ikusteko. Oso aberasgarria dela iruditzen zaigu, eta landu beharreko ildoa dela.

Berriki auzi entzutetsu bat egon da, Irune Costumerorena, Bizkaiko Diputazioko arduradunen kontra, gurasoen alienazio sindromea aplikatzeagatik. «Auzitegiak ez dio Irune Costumerori sinistu» zioen GARAko lerroburuak. Horrela izaten da?

Irune Costumeroren kasuak esan duguna zehazten du, nola askotan erakundeek, 'boteretik', dominak jartzen dituzten edo etiketak onartzen dituzten, baina horrek ez du ustez defendatzen dutenarekin bat datorren funtsik. Argi eta garbi ikusten da, alde batetik, erakundeak beraiek ari direla emakumeen aurkako indarkerien aurkako mezuak zabaltzen, feministen etiketa jartzen ari direla, eta gero kontraesan hori ikusten dugu Iruneren kasu lazgarrian, non lehentasuna eman baitzaio Aldundiko langileen jardunbide txarrak babesteari, ez hankarik ez bururik ez zuen zerbaiten aurrean. Zorionez, guk ez ezik, hainbat instantziatan ere esaten dute sindrome hori ez dela existitzen, nola erabiltzen den hori emakume askoren aurka eta nola ez den kontuan hartzen haurrek diotena. Guk ere hauteman dugu hori, adingabeek kontatzen dutena zein gutxi hartzen den kontuan. Askotan, ez da entzuten edo ez da tresna eraginkorrik jartzen eskura, adingabeak indarkeria edo abusu jakin batzuk gauzatzeari buruz zer kontatzen ari zaizkigun argitzeko. Askotan, balioa kentzen zaie, sinesgarritasuna kentzen zaie, esanez amak ari direla adingabeak bitartekotzen aitari min egiteko edo bisita eskubidea kentzeko. Iruneren kasuan, okerrena da NBEren txosten horiek eta legedi jakin batzuk indarrean zeudela, esanez ezin zela sindrome hori erabili, ez dela existitzen, baina aplikatu egin dute Aldundiaren jardunbide okerrak zuzenak zirela eta, beraz, Iruneri zaintza kentzeko erabakia zuzena izan zela esaten jarraitzeko. Oso gertaera larria da. Zoritxarrez ez da lehenengoa eta erne egon beharko dugu, antzeko kasuak aurkituko ditugulako eta salatzen jarraitu beharko dugulako.