SEP. 11 2021 BERTSO PLAZA PANDEMIAN Jaialdiek eutsi diote gehien, bertso otorduak izan dira kaltetuenak Bigarren pandemia uda izan da aurtengoa. Uda sasoi bizia izaten da bertso-saio kopuruan, herrietako jaien inguruan plaza asko antolatzen direlako. Jaiak bertan behera geratzeak ondorio zuzena izan du saioen kopuruan eta baita saio motan ere; jaialdiek eutsi diote gehien eta bertso otorduak ia desagertu egin dira. Horrek bertsolari batzuk besteak baino gehiago kaltetu ditu. Andoni CANELLADA | FOKU Amagoia Mujika Pandemiak gogor astindu du kultur jarduna eta horren baitan, bertsoaren plaza. Uda izaten da sasoi biziena saio kopuruari dagokionez, baina azken bi udak ezohikoak izan dira. Osasun neurriak direla medio, jaialdi formatua gailendu da, antolatzeko orduan eta neurriak betearazteko orduan formatu egokiena delako. Kontrara, bertso otorduak –bertso bazkari eta afariak– izan dira kaltetuenak, ia desagertzeraino. Xenpelar Dokumentazioa Zentroak bildutako datuei erreparatuz gero, iazko urtearekin alderatuta, urte hasieratik goranzko joera izan du bertso plazak 2021ean. «Uztaila kontuan hartzen badugu, normaltasunetik oso gertu ibili ginela dirudi, baina datuak sakonago aztertuta, ikus dezakegu hori ez dela horrela. Abuztuan joera hori utzi eta kolpe dezentea hartu du plazak. Ez da harritzekoa, herri ezberdinetan izan ditugun agerraldiek neurriak zorroztu baitituzte; positiboen grafikoak gora egin duen guztietan, saioenak behera egin du», esan du Bertsozale Elkarteak. «Bertso plaza» esaten zaionaren baitan saio mota desberdinak antolatzen dira, nagusiki lau mota: jaialdiak, lagunartekoak, librekoak eta bat-bateko bereziak. 2020. urtea aurreko urteko zenbakietatik oso urrun kokatu zen. 2021ean gora egin du saio kopuruak aurreko urtearekin alderatuta, baina oraindik 2019ko zenbakietatik urrun. Alegia, bertso plaza arnasa berreskuratzen ari da baina pixkanaka. Zenbakietara ekarrita, 2019an baino %35 saio gutxiago antolatu da aurtengo udaran; 125 saio gutxiago hiru hilabetetan. «Jaialdiek utzi digute aho zapore onena. Pandemia hasi zenetik kopuru normaletatik gora ibili dira. Gauza logikoa da egoerari erreparatzen badiogu. Osasun neurriak segurtasunez betetzeko berme gehien eskaintzen duen saio mota da, eta horregatik antolatzaile askok formatu hau aukeratu dute. Bertsolari eta gai-jartzaile kopuruz ere aberatsagoak dira saio hauek, eta horrek arnasa eman die bertsolariei», azaldu dute Bertsozale Elkartetik. Bat-bateko berezia jaialdien ezaugarri antzerakoak dituen saio mota da antolakuntzari eta bertsozaleen kokapenari dagokionez. Normalean oholtzatik abesten dute bertsolariek, eta bertsozalea aulkietan eserita egoten da. Era honetan aforoaren kontrola eta osasun neurriak ondo betetzeko baldintzak hobeak dira. «Pandemiaz geroztik asko hazi da saio mota honen kopurua, eta lehendik zekarren goranzko joera handitu da aurten». Lagunartekoek eta libreko saioek jasan dituzte ondorio larrienak. «Antolatzaile eta bertsozaleei esker mantendu ahal izan dira antolatu diren saio bakanak. Uda izaten da saio hauek gehien ugaritzen diren garaia, eta festen testuinguruan gehienetan. Festarik gabe saio asko eta asko antolatu gabe geratu dira, eta batzuek jaialdia antolatzeko apustua egin badute ere, beste asko bidean gelditu dira. Hau azken bi urteetan kezka iturri da bertsogintzan, eta datozen hilabeteetako erronka izango da saio mota hauen aktibazioa», esan du elkarteak. Azken bi urteotan plazan ikusitako joerari erreparatu eta aurrera begirako erronkak finkatu ditu elkarteak, horien artean «plazaren dibertsitatea berreskuratzea». Bestetik, nabarmendu duenez, «bertso eskolak eta antolatzaileak izan dira plazari eusteko gako nagusia. Bertsolaritzak osatzen duen komunitateari esker mantendu da bertsolaritza plazan. Antolatzaile txikiek izan dituzte zailtasun handienak. Finantzaketa iturri mugatuek, aretoetako toki murrizketak eta osasun neurriak bete beharrak aukera gabe utzi ditu antolatzaile asko». Egoerak bertsolari denei egin die kalte, batzuei besteei baino gehiago. «Kanon artistiko jakin batzuetako bertsolariek plaza asko galdu dituzte. Gaueko eta lagunarteko edo libreko saioetan gehien aritzen ziren horiek plaza gutxi izan dituzte pandemia etorri zenetik. Jaialdietan leku gehiago duten horiek, aldiz, saioak mantendu ahal izan dituzte»