UR SAKRATUA PANDEMIA GARAIAN
Pandemiak gogor astindu du Lourdes, fedearen turismoaren gailurretako bat. Bezero-fededunik gabe, kontaktu fisikorik gabe, ur sakratuaz gozatzeko muga dezenterekin... pandemia garaira moldatu behar izan du Lourdesek, prozesio birtualekin eta sare sozialekin.
Fededuna naiz. Bai, nolabait fededuna naiz. Ez dakit katolikoa naizen ala ez. Esango nuke nire momentu espiritualak dauzkadala, hori bai. Ez dut asko praktikatzen, Gabonetan noizbait; igandeetan gutxiago, ia ezer ez. Baina zerbaitetan sinesten dut. Hala ere, gauza bat argi daukat: fedeak kontaktua behar du, zalantzarik gabe. Fisikoa edo birtuala, baina ezin da ordenagailuz edo Whatsapp bidez ostia hartu. Eskuak ematea, otoitzak elkarrekin egitea: hori da katolizismoaren ideia, nire ustez. Partekatzea, azken batean. Ziur aski, Lourdesen gertatzen da hori.
Pirinioak bete-beteta, Tourraren alde maitatutik gertu (Hautacam-en ia urtero dago etapa bat, normalean Pauetik hasita) dago Lourdes, baina ez du aurkezpenik behar. Bernadette Soubirousen «mirariak», 1858ko Ama Birjiniaren agerraldiak, besterik ez dago. Horri buruz pelikula pare bat egin dituzte.
Hobeto esanda, ura dago, benetako Lourdeseko sekretua, edateko edo bainu bat hartzeko. Gaixo asko iristen dira egunero munduko edozein lekutatik Pirinioetako herritxo honetara, 15.000 biztanle eta 131 hotel (zenbatu ditut Interneten, agian datua ez da zuzena baina tira, gutxi gorabehera) dauzkan herritxora: haien helburua osasuna berreskuratzea da, azken aukera, tratamendu guztiak probatu ondoren.
Zerk ekarri nau Lourdesera? Italiatik bueltan, geldialdi bat egin behar nuen. Polita da herritxoa. Boulevard de la Grotte da bere bihotza, apurtxo bat aldapan gora (edo behera, noski, beste aldetik) dagoena, hotelez, jatetxez eta dendaz beteta.
Hainbeste argirekin, gauez Mallorcako Palmaren erdigunea dirudi, baina bere kutsu erlijiosoarekin. Dendetan beherapenak daude: arrosarioak 1,5 euro, eta Maria Jesusen Amaren gurutzeak 2 euro, adibidez. Hemen, antza, pandemiaren krisiak kolpe latzak eman ditu.
Bide batez, nola izaten ari da bizitza, covid garai honetan? Gogoratzen dut kasualitatez orain dela urte bat hotelen prezioak begiratu nituela eta oso-oso merkeak zirela, ia oparituta. Jabeek nahi zuten jendea berriro etortzea, zeresanik ez, bezero-fededunak falta baitziren.
Zer egingo luke Lourdesek turistarik gabe? Basamortu bat izango litzateke, adineko jendearentzat batez ere, baina laguntzaileentzat, medikuentzat eta apaizentzat infernu bat izango litzateke. 2020ko uztailaren 16an lehendabiziko «prozesio birtuala» antolatu zuten, zorionez. Lehenago, otsailetik aurrera, dena bertan behera geratu zen.
Lau hilabete jenderik gabe, kontakturik gabe: momentu berri bat izan da, gripe espainiarrarekin ere ez zen gertatu. Pandemiaren efektua da, turismoari begira. Pandemia «modernoaren» efektua, hain zuzen ere.
Oso modernoa da ere, egia esan, Lourdeseko estruktura. Youtube kanal bat jarri zuten martxan, egunero mezak eskaintzen diena ia 400.000 harpidedunei, Instagram eta Facebookeko profilak. Bernadetteren guztiz kontrakoa. Bernadette gizajoa, analfabetoa zen neska, bertako dialektoa besterik ez zuen hitz egiten eta bat-batean famatua Estatu frantsesean eta mundu guztian. Jatorra zen neska: bertsio «ofizialak» gazte indartsu eta arduratsu gisa deskribatu zuen, baina ofizialtasunaz kanpo irakurri nuen ardoa eta tabakoa gustatzen zitzaizkiola. Egia balitz, zer-nolako idoloa. Azken batean, neskatxo bat zen Ama Birjinia agertu zitzaionean, 14 urte baino ez zituenean.
Erritualak
«Ez atera argazkirik, mesedez. Bestela arazo bat izango litzateke guretzat», xuxurlatu dit emakume batek. Italiarra den laguntzaile bat da, hegoaldekoa: bere hizkera oso ondo ezagutzen dut, nire aitona-amonen oso antzeko doinua du. Urtero, azaldu didanez, Italiatik hegazkin bat hartzen du, Pirinioetaraino. Berarekin dago beste emakume italiar bat, ez dira mojak, laguntzaileak baizik.
Sailkapen birtual batean, italiera izango litzateke Lourdesen gehien entzuten den hizkuntza. Frantsesa baino gehiago. Gehiago eta gehiegi, izan ere denda askok itxura eta izen italiarrak dituzte; pizzeriek eta fededunek zeresanik ez. Baina nire herrialdean fedea sineskeria da, magia eta sorginkeriaren artekoa, batez ere hegoaldean. Oso normala iruditzen zait, beraz.
Dena den, Lourdeseko lekurik sakratuenean gaude: Massabielle-n, Bernadetteri Maria agertu zitzaion haitzuloan. Normalean, pandemia aurretik, biluzik ateratzen zen jendea. Pribatutasun gehiago izateko, toallaren bat igotzen zuten. Bainatu eta gero (uraren tenperatura 12 gradukoa da, Kantaurikoa udan baino askoz hotzagoa, alegia) berriro ere kanpora, otoi egitera. Denak gertu, denak elkarrekin.
Gaur egun hori ez da posible. Ezin zara uretara sartu. Ura beti dago oso hotza, baina orain aurpegian bota eta edan egin behar da. Sentsazioa polita da, musukoa kentzea eta «likido sakratua» hartzea: laguntzaileek pitxer batetik ematen dizute, noski, hori ere osasun arazoengatik.
Beraz, ez da benetako errituala, baina magia edo purifikazioa mantentzen da. «Probatu nuen lehen aldian –azaldu dit berriro ere aurreko emakumeak– sentsazio paradisiakoa izan nuen». Egia esan, edaten ari naizela, alde batetik arraroa sentitzen naiz, jolas parke batean banengo bezala. Egiten ari naizena zer da? Zerbait erlijiosoa edo erakarpen turistiko bat, Port Aventura-n bezala? Ez daukat gaixotasunik, antza, mina ematen didan azkenagin bat izan ezik, orduan zein da nire helburua? Zenbat jendek, nik baino lehen, egin du gauza bera?
Hausnarketa bat bururatu zait. Hemengo fededunek edo parte-hartzaileek zergatik jartzen dute musukoa orduan? Ez lukete behar; gaitza baldin badaukate nahikoa da ura edatea. Notre Dame elizan, panorama menderatzen duen basilikan, hainbat eta hainbat plakatan Bernadetti eskerrak ematen zaizkio, baita Ama Birjinari ere. Gaixotasun larriak joan ziren, mirari asko gertatu ziren eta Lourdeseko artzaina santua da. Covidaren aurka norbait saiatu da?
Massabielleko kobazuloan beste laguntzaile batek, joan aurretik, zera esan dit: «Egon lasai argazkiarekin, egizu bat, baina azkar-azkar, ez zaitzatela ikusi». Orduan aprobetxatu dut eta alde egin dut: klik, nire errituala eginda.