GAUR8
HONDAMENDI LUZATUA

Haitiarrak hondamendian harrapatuta daude lurrikararen ondoko egunetan

Lurrikara gertatu zenetik hilabete bat, astebete eta egun bat igaro da, eta Haitik hondamendian harrapatuta jarraitzen du. Azpiegiturak suntsituta, hainbat barrutitan milaka pertsona kale gorrian, elikagaien falta larria... eta orain, kolera eta gisako gaixotasunak zabaltzeko arriskua gehitu behar. Hori guztia krisi politiko baten erdian.

Ikasle askok ez dituzte oraindik klaseak hasi Haitin. Gobernuak atzeratu egin du itzulera, joan den hilabetean gertatutako lurrikarak Amerikako herrialde pobreena krisi larrian hondoratu zuelako, ordura arte pairatzen zuena gogortuz. Eskolarako itzulera irailaren 6an izan behar zen, baina joan den asteartera arte atzeratu zen ikasle gehienentzat. Hegoaldeko hiru departamentuetan urriaren 4ra arte itxaron beharko dute, abuztuaren 14ko lurrikarak eragindako txikizioaren ondorioz.

«Hegoaldeko ikasle guztiek eskolara joateko aukera izan behar dute», adierazi zuen Ariel Henry lehen ministroak. «Eskolak irekitzeko, oraindik lan handia egin beharko dugu».

Departamentu kaltetuenetako ikastetxeen %16 (171 eskola) erabat suntsituta geratu ziren eta beste 566k kalteak jasan zituzten, datu ofizialen arabera.

«Hondakinak kendu eta egiturak jarri behar dira umeei harrera egiteko», zehaztu zuen. «Ikasleen gurasoentzat eta irakasleentzat bizitokiak egiteko neurriak hartu nahi ditugu. Horrek guztiak denbora behar du eta horregatik atzeratu dugu eskolaratzea hegoaldeko penintsulan eta gainerako eskualdeetan», gaineratu zuen.

Save the Children gobernuz kanpoko erakundearen arabera, zaila izango da urriaren 4rako eskolak berriro irekitzea.

Horrek Haitiko hezkuntza egoera okertuko du; izan ere, munduko hamabost hezkuntza sistema ahulenetako bat da herrialde honetakoa. Lurrikara gertatu aurretik ere milioi erdi haur eskola uzteko arriskuan zeuden.

Hegoaldea, suntsituta

Gutxienez 2.248 pertsona hil ziren, 329 desagertuta daude eta beste 690.000 kaltetu ziren lurrikararen ondorioz. Herrialdearen hegoaldeko penintsula osoan zehar kalteak eragin zituen lurrikarak.

Seismoak, 7,2 magnitudekoak, dozenaka mila eraikin behera bota zituen Nippes, Sud eta Grand'Anse departamentuetan. Horien artean, eskolak ere bazeuden.

Irailaren 3an, Haitiko Larrialdi Operazioen Zentro Nazionalak (COUN) bukatutzat jo zituen bizirik atera direnak bilatzeko lanak.

Suntsitutako eraikinez gain, egoera soziopolitiko eta ekonomikoa larria da Haitin.

Naturak eragindako hondamendia ez da Haitiren pobreziaren kausa bakarra. Are, ezbehar horien aurrean nabarmenki ahuldu dute herria bere historian errotutako gaitzek: isolamendua, AEBen esku-hartzea, behartutako liberalizazioa, ustelkeria, Washingtonek babestutako diktadurak…

Ariel Henry Haitiko lehen ministroak «ezerk eta inork» ez duela behartsuei arreta emateko borondatetik aldenduko agindu du. Hala ere, azken asteetan Henry Port-au-Princeko bulegoetan murgilduta egon da une oro; izan ere, joan den uztailaren 7an Jovenel Moise presidentea hil zutenetik gori-gori dagoen krisi politiko larria konpontzeko negoziazio korapilatsuak abian dira eta Henry bera ere ikertzeko eskatu zuen fiskalak.

Oraindik 26.000 pertsonak baino gehiagok jarraitzen dute kalean edo kanpamentu inprobisatuetan bizitzen, hala nola Les Cayes hiriko Land des Gabions futbol zelaiaren inguruan ehunka olana denda biltzen dituen gunean.

Beste haitiar askok pitzatutako etxeetara itzultzea erabaki dute, eta euren kabuz konpontzen saiatuko dira, agintariek bizitzeko modukoak diren ebaluatu gabe.

Gainera, ahalegin horiek kalean segurtasun falta izugarria hedatu delarik egin beharko dituzte. Haitiko segurtasun falta kronikoak –batez ere banden arteko borrokengatik– nabarmen zapuzten ditu lehendik ere oso bizi baldintza prekarioak pairatzen dituzten biztanleen jarduera ekonomikoak.

Halaber, hegoaldean elikagai segurtasun falta handia da. Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen (FAO) datuen arabera, lurrikarak gehien jo zuen herrialdean gosea ere badago. Lau barruti horietan 980.000 pertsona inguruk «elikagaien segurtasun falta akutua» pairatzen dute eta 320.000 pertsona larrialdi humanitarioko egoeran daude.

Hainbat erakundek egoeraz ohartarazi dute. Gosearen Aurkako Ekintza erakundearen arabera, arroz landak suntsituta daude eta herritar gehienek zaila izango dute janaria lortzea.

Unicefek adierazi duenez, 500.000 haur uraren bidez kutsatzen diren gaixotasunak izateko arriskuan daude; esaterako, kolera.

FAOk egoera horretaz ohartarazi zuen eta landa eremuetan bizi diren haitiarrei laguntzeko inbertsio gehiago egiteko premia nabarmendu zuen.

Eskala txikiko ekoizpena bultzatzea eta elikagaien krisia saihestea da asmoa.

Kanpoko laguntzaren mende

Merkatuak, biltegiak, azpiegiturak, ureztatzeko sistemak birrindu zituen lurrikarak. Eta gainera, “Grace” ekaitz tropikalak oraindik kalte gehiago eragin zuen egun batzuk geroago.

Edateko uraren banaketan dauden gabeziek eta osasun azpiegituretako kalteek alerta egoeran jarri dituzte agintariak, uraren bidez kutsatutako gaixotasunen birsortze potentzialaren arriskuagatik.

Beraz, Haiti berriro kanpoko laguntzaren mende dago. Jose Luis Fernandez FAOren ordezkariaren arabera, «krisi eta hondamendien segida ez ezik, azken kolpe horrek lur jota utzi du jendeak euren familia eta komunitateentzako elikagaiak ekoizteko eta lortzeko ahalmena».

Egun gutxi barru, urrian, hasiko da neguko ereintzako garaia. Nekazaritzako ekoizpena berreskuratzeko aukerak, hala ere, finantziazio eskasaren oztopoa aurkitu du.

Lurrikara gertatu zenean kaleetan istiluak eta banden arteko borrokak nagusi ziren eta ezegonkortasun ekonomikoa eta politikoa areagotu egin zen Jovenel Moiseren hilketarekin. Krisi hori Haitiko instituzioak astintzen ari da oraindik, noiz eta haien beharrik handiena denean herrialdea suspertzeko.

Nazio Batuek azaldu dutenez, landa eremuetako biztanleen %60 nekazaritzatik bizi dira. Horregatik, FAOk 17 milioi euroko inbertsioak eskatu ditu, arrisku handian dauden 32.000 etxeetako bizibidea babesteko eta berreraikitzeko, eta nekazaritzako azpiegitura komunitarioa birgaitzeko. Inbertsio horiek gauzatzen badira, 15.000 familiak –75.000 pertsona inguru— ereiteko haziak, laborantzako tresnak eta laguntza teknikoa jasoko dute.

Aldi berean, 170 euro inguruko dirulaguntza jasoko dute premiazko beharrak betetzeko. Beste 10.000 familiak hegaztiak, ahuntzak, abereentzako bazka eta 25.000 animaliarentzako albaitari-laguntzako ekipoak jasoko dituzte.

Baina bitartean, Haitiko hego-mendebaldeko mendietan urrutien dauden herrietako biztanleak kexu dira Estatuaren laguntzarik jaso ez dutelako.

Hilabete honetan, Haitik hogei bat herrialderen laguntza zuzenak jaso ditu, baita erakunde aldeaniztunenak ere.

Hala ere, Nazio Batuen Erakundeak 187 milioi dolar biltzeko premiazko deia egin du.

 

Denek atzean utzi nahi duten herrira kanporatuak

Gosea, bahiketak, lurrikara eta, azkenean, krisi politikoak ehunka mila haitiar bultzatu ditu herrik kanpo, bizitza hobea bilatzeko. Haitik ez die inolako aukerarik eskaintzen. Irteteko baliabiderik ez dutenak edo egunen batean gauzak hobetuko direla uste dutenak geratu dira bakarrik. Asko Txile edo Perura joan ziren duela urte batzuk –2014ko Munduko Futbol Koparako langile merkeak izan zirenak bezala– eta AEBetarantz mugitu dira azken asteetan, baina han ez dute sartzerik izan eta azken hilabeteetan Mexikotik AEBetara igaro diren milaka pertsona mugan blokeatuta gelditu dira. Agintariak deportazio masiboak egiten hasi diren arte. Urteak atzerrian igaro ondoren, bueltan ezer eskaintzen ez dien pobretutako herri bat aurkitu dute. «Bederatzi herri zeharkatu genituen. Bidean gorpu asko ikusi genituen. Oihanean lo egin genuen. Orain dena bukatu da», azaldu du Beltonek, emaztearekin eta bi urteko semearekin AEBetatik kanporatua izan ondoren. Zubi baten azpian 19.000 pertsona daude oraindik AEBetako mugan. Joe Bidenen gobernuak ez die asilo eskaera egiten ere uzten eta Haitira deportazioak azkartu egin ditu, nazioarteko arauak urratuz. Atzerrian bizi zirenean Haitiko familiari bidaltzen zioten dirua ezinbestekoa zen aurrera ateratzeko. Bost, zazpi edo hamar urtez atzerrian egon ondoren zaila dute orain hondoratzen ari den ekonomia batean parte hartzea. Haitiar guztiek ihes egin nahi duten unean iritsi dira.