Joxean Agirre

Hernio mendi

Nik dakidala gailurrean olerki bat zuen mendi bakarra zen Hernio. Iristen zinen gora, eguraldia lagun Iparraldeko kostatik hasi eta Bizkaiko mendietarainoko bistak miresten zenituen eta han zegoen gurutze anabasaren bazter batean eskuz idatzitako olerki hori. Oiartzungo herriak han jarritakoa izaki, buruari buelta batzuk eman ondoren erabaki genuen Lekuona zaharrak egina izan behar zuela. «Ernio mendi, Ernio mendi, euskal menditan zaarrena», hasten zen eta «Gogoan al duk antzinateko gure Lartaunen izena» jarraitzen zuen. Badakit hirugarrena «lar bikain aren aiena» amaitzen zela eta hor bukatzen dira memorian gelditu zaizkidan hitzak.

Mila metroko altuerak ematen duen argitasunagatik-edo, neurtitz txit dotorea iruditzen zitzaidan niri. Ingurumariari begira nengoen bitartean errepikatzeko gauza izaten nintzen, baina Zelatunera jaitsi eta txorizo egosia jaten hasi orduko galtzen nuen ahapaldiren bat eta berriro gailurrera igotzeko irrikan gelditzen nintzen osorik gogoratu ahal izateko.

Ekintza bandaliko batzuk tarteko edo garbiketa bat egite aldera udalek erretiratu egin zuten gurutze andana bat. Horien artean zegoen Zelatunen erromatarren aurka garaipenak lortutako Lartaun buruzagiari eskainia. Ez legoke gaizki neurtitza daraman gurutze hori berriro jarriko balute, gailurrak behinola zuen ukitu literarioa berreskura dezan.

Bien bitartean gailurretik behera burdin uztaiak dauzkan gurutzean geldialdia eginez konformatu ohi gara. Gure aitonari gerriko min malapartatu batzuk sendatu zizkioten uztai horiek. Behetik gorakoan bota zuen izerdiak sendatu izango zizkiola esaten genion, baina haren oinordekoak badaezpada uztaiak pasatzen hasi ginen.

Eta minak sendatzeko leku ezinbestekoa Antonioren Borda da. Berriki Repsol Gidak “solete” bat eman dio Maria Jesusi eta jatetxe handiek Michelin izarra erakusten duten harrotasun berarekin jarri du sarreran agiria.

Pandemiaren kontrako neurriak tarteko, ez dute aurten ere erromeria formalik antolatu, baina trikitilariak ibili dira azken igandeotan. Bihar ere izango dira. LABIk ez zuen kasua aztertuko, baina ez dago zalantzarik dantzalekuetako giroa baino sanoagoa dela mendi erromerietakoa, mendiko izerdia gimnasioetakoa baino sanoagoa den bezalaxe. •