Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IKUSMIRA

LANGILEAK BELAUNIKO PATROI ONAREN OINPEAN

Gorka RUBIO | FOKU
Gorka RUBIO | FOKU

Hain da patroi ona, non langileek hiru urte daramaten borrokan eta 251 egunetan egin duten greba. Hain da patroi ona, non pandemia etorri aurreko egoera –berez txarra zena– are gehiago okertzea lortu duen; langile gutxiago eta daudenak belaunikatuago. Hain da kudeatzaile ona, hain ondo antolatzen du lana, non estu dauden denak; langileak larri beren betebeharrak ezin taxuz bete eta egoiliarrak justu, duintasunez zainduak izateko nahi eta ezinean. Hain da arduratsua Gipuzkoako zaharren egoitzetan bizi diren herritarrekin, non zaintza zerbitzu hori asko hobetuko lukeen hitzarmenik ez duen adostu aspaldiko urteetan. Hain da justua sektoreko langileen eskubideekin, non zaintzaren arloak feminizatua eta prekarizatua izaten segitzeko baldintzei tinko eusten dien. Okerrena da –tristeena, etsigarriena eta kezkagarriena– patroi hori Gipuzkoako Foru Aldundia dela. Ustez Gipuzkoako jendartea –adin eta lanbide guztiak barne– egunez egun hobea izan dadin lan egin behar duen erakunde publikoa.