GAUR8 - mila leiho zabalik

Liburuen erotika


Eztabaidan aritu ginen lehengoan: beste inoren etxera joaten zarenean, edukazio onekoa al da haren liburutegia miatzea? Apalategira gerturatu eta zein liburu dituen kuxkuxeatzea? Batek esan zuen liburu-apalategiak horretarako daudela: liburuak bistan jarri eta erakusteko. Etxe bateko liburutegiak esaten duela zerbait etxe horretakoei buruz, paretetako argazkiek edo koadroek esaten duten gisan. Eta paretetako argazkiak eta koadroak begiratzeko daudela jarriak, eta halaxe daudela liburuak apaletan, denen ikusmiran, ez kasualitatez. Atedun armairuetan sartuko genituzkeela bestela, edo kaxoietan, kanpokoaren begiradatik gorde nahi ditugun gauzak jasotzen ditugun lekuan.

Gehienok onartu genuen egin, egiten dugula. Norbaiten etxera joaten garenean gustatzen zaigula, disimulu handiagoz edo txikiagoz, apalategira gerturatu eta, burua okertuta, liburuen bizkarretatik behatza pasatu eta haiei tankera hartzea. Zein autore ezagutzen ditugun, zein dauden gurean ere, zein ematen ditugun faltan, asko diren, gutxi diren, nola dauden ordenatuta (hizkuntzak bereizita? Autoreka? Generoka? Argitaletxeka? Tamainaz, kolorez, alfabetikoki ordenatuta?). Baina aitortu genuen kuriositate morboso xamarra dela hori egitera garamatzana: apalategiko liburuak aztertzeak jabeari buruz zerbait intimoa kontatuko digun sentipena edo izaten dugula. Eta, alderantziz: norbaitek gure etxeko apalategiak aztertzen dituenean sentitzen dugula zerbait oso gurea miatzen ari direla. Baten batek inbasiotzat ere sentitzen omen du; inor epaitua ere sentitu omen da egoera horretan.

Behin gauzak onartzen hasita, aitortu genuen, baita ere, inor liburu bat irakurtzen ikusten dugunean, trenean, geltokian, hondartzan edo den lekuan dela ere, kuriositatea pizten zaigula, eta jakin nahi izaten dugula zer irakurtzen ari den, eta saiatzen garela azalari antza eman eta zein liburu den jakiten. Aitortza handiagorik ere izan zen. Fetitxismo kuriosoak ditugu liburuen bueltan, hara.

Irakurtzearen ekintza bera nahiko intimoa da, ondo pentsatuz gero. Peter Kivy filosofoari irakurri nion literatura irakurtzea ekintza performatiboa dela: literatur lan bat, azken beltzean, partitura baten modukoa dela. Musika-notak irakurtzen dakienak, partitura bat hartu eta musika-obra bat entzuten du buruan; modu bertsuan, nobela bat hartzen dugunean, han idatziak irakurtzen badakigunez, istorio bat entzuten dugu gure buruan. Trenean noanean gustatzen zait pentsatzea inguruan liburua magalean ikusten ditudanak literatur emanaldi txikiak ari direla sortzen nor bere buruan.

Irakurtzea ekintza intimoa da eta, hala, ez dakigu besteek nola irakurtzen duten. Ez dakigu zer gertatzen den besteen buruan nobela bat irakurtzen ari direnean. Inoiz horretaz pentsatu gabea nintzen, harik eta duela zenbait urte, filosofiako mintegi batean, hizlariak zera galdetu zigun arte: Zuetako zenbatek entzuten duzue ahots bat buruan, irakurtzen duzuenean? Eskua altxatu genuenok ezin sinetsirik begiratu genien eskurik altxatu ez zutenei: zer da ba irakurtzea, ez bada paperean ikusten dituzun hitzak buruan ahots batek esanda entzutea? Eskurik altxatu ez zutenek, harridura berdin-beraz begiratu ziguten bitan banatu berri zen gela haren beste aldetik: ahots bat, buruan, nola ba?

Orduz geroztik, nobela bat hartzen dudanean, gogora etortzen zait, akaso, norbaitek irakurri duela liburu hori isilik, barruan mutu. Eta iruditzen zait orrialde horietan gordetako ahotsak liberatzera natorrela, barne-ahotsik gabeko irakurle batek mutututakoak askatzera natorrela. •