OCT. 02 2021 «Maixabel» eta «Naparra», sendabideak eta zauriak Ramon Sola Duela astebete bukatutako Zinemaldiaren testuinguruan ahots batzuk ageri dira han-hemenka, Juan Maria Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil ohiaren hilketa oinarri duen filmaren oihartzuna nabarmenduz eta Jose Miguel Etxeberriaren desagertzeari buruzkoaren trataera eskasagoarekin alderatuz. Zinemagintzaren ikuspuntutik ez omen da bidezkoa konparatzea, bata zein bestea sail ezberdinetan eman direlako eta aurrekontu aldetik ere alderaezinak direlako. Tira, gutxienekoa da hori, jakina. Trataera konparatu nahi izatekotan, ikuspegi politikotik egitea legokiguke hemen. Eta horretara ere ez nator ni, biak aurrez aurre jartzea baino, lerro berean kokatzea emankorragoa dela uste dudalako. Ez al da posible, bi istorioen artean indarkeria politikoa eta samina osagai komunak direla eta konponbide politikoa eta elkarbizitza ortzi mugan direla ulertuta? Ekin diezaiogun ariketari. Zauriak ixteko balio duten elkarrizketak dira “Maixabel”-en ardatz eta, era berean, ekarpen. Zineman leitmotiv eraginkorra da hori, dudarik gabe, baina pantailatik kanpoko errealitatea ez da hain goxoa momentuz. Estreinaldiaren aurretik Lasarekin biltzeko prest den euskal preso baten izena (ETAren atentatu horren egileetako bat) argitaratu du Gipuzkoako egunkari salduenak, pribatua publiko eginez, sendabidea dena erasorako tresna bihurtuz. Zinemaldia pasatuta ere, orrialde berberetan Iruñeko kartzelan eginiko proiekzioa erabili dute bertako euskal preso politikoen aurka, Maixabel Lasa eta Iciar Bollain zuzendaria entzutera ez omen direlako atera. Bitartean, ez da kasualitatea Jose Miguel Etxeberria Alvarezen kasuaren inguruko filmak “Naparra”&flexSpace;izenburua ez izatea, “Bolante baten istorioa” baizik. Gertatutakoa ezin baita gidoi bilakatu, fikziozkoa ez bada. Benetako istorioa ez dago kontatzerik, historiaren alboko kate den familiaren bilaketa etengabearena baizik. Lau hamarkada pasatuta, egin ziotenak –eta egin ziotenek– ezkutuan segitzen dute. Hor ez da sendabide posiblerik, zauria zabaldu eta zabaldu baino ez da egin. Berrosatzeko topaketa baino xumeagoa da Eneko anaiak eta gainerako senideek behar dutena: norbaitek-inoiz-inon-inola-zerbait azaltzea, anonimatotik bada ere. Baina bistan da horren denbora luzean behin bakarrik gertatu dela horrelakorik (Landetan oraindik guztiz ikertu gabe dagoen lekukotasuna), eta estatu indarkeriaren ia kasu guztietan gauza bera gertatzen dela. Maixabelen saminean, bada nork eta nola gainditzen lagundu; Enekorenean, ez. Hau ez da konparaketa, ez du izan nahi, beharrezko gogorarazpena baizik. Harrigarria baita prozedura horren apologistek ehunka lagunentzat –milaka, torturatuak sartuz gero– aukera hori ez dela existitzen ahaztea, beren saminaren egilea ezagutzen ez duten neurrian. Gatazkak utzitako zaurietan sendabideak jartzeak guztion zeregina izan beharko luke, lorpen kolektibo bat. Horretarako, zauriak identifikatu behar dira lehenik eta, horretarako, aurretik eragindako mina aitortu eta, horretarako, nor bere arduraren jabe egin. Kate honi begiratuta bistan da ETAren indarkeriaren erreparazioa eta Estatuarena ez daudela gaur egun puntu berdinean, ezta gutxiagorik ere. Egiaztapen hau ez litzateke aurrerapausoak ematen ez segitzeko aitzakia bilakatu beharko. Bai, ordea, ahalegin horiek balioan jarri eta saritzeko motiboa izan. • Sorprende que los apologistas de estos encuentros de recomposición olviden que tal posibilidad no es para miles de personas, ya que el autor de su dolor es un desconocido