Alessandro Ruta
ITALIAR ITOPUNTUA

Udal hauteskundeek, nahiz eta herritarrek ezkerrerantz jo duten, ez dute ezer aldatuko Italiako Gobernuan

Pasa den asteburuan, udal hauteskundeak izan ziren Italian. Kontraesanez betetako emaitzak utzi zituzten: subiranistek eta ultraeskuindarrek ez zuten irabazi, baina, aldi berean, Alderdi Demokratikoak ere ez du gehiegi ospatzerik. Galtzaile nabarmen bat, ordea, badago: Bost Izar Mugimendua, Beppe Grillorena.

Oso jende gutxi joan zen botoa ematera. Sekulako abstentzioa izan da hauteskunde hauetan. Milanen, esate baterako, inoiz baino pertsona gehiago geratu zen etxean: %53. Beppe Salak erraz irabazi zuen, baina milandarrek nahiago izan zuten ez parte hartu. Alde batetik, Alderdi Demokratikoko alkatearen berrespena espero zuten; eta bestetik, aurkariak ez zituzten ezagutzen.

Lega Nord-eko idazkari Matteo Salvinik porrota onartu zuen: «Jendea botoa ematera ez badoa, gure errua da. Oso berandu aukeratu ditugu hautagaiak eta, gainera, nahiko ezezagunak ziren». Salvinik, Milanekoa bertakoa izanik, nahiko gaizki hartu zituen emaitzak. Salviniren ustez, alderdiko bozeramaile Luca Morisik bozen aurretik izandako sexu eta droga eskandalua ere faktore bat izan da.

Egia esan, Italiako eskuineko alderdietan sekulako zalaparta dago. Hiru talde ari dira euren artean borrokan lidergoa eskuratzeko, baina inork ez du bereganatzen. Berlusconik, nahiz eta 85 urte beteta izan, ez du agintaritza utzi nahi. Ez du inoiz utzi. Forza Italia, Il Cavaliere-ren alderdia, gero eta boto gutxiago jasotzen ari da, baina koalizio bat egiteko ezinbestekoa izaten jarraitzen du oraindik ere. Horregatik, bai Matteo Salvinik bai Giorgia Melonik –Fratelli d’Italia ultraeskuindar alderdiko idazkariak– presioa egiteari ekin diote. Erregea, Berlusconi, aldatu nahiko lukete, baina momentuz ezinezkoa da. Bakoitzak bere kabuz egin die aurre hauteskundeei eta emaitzak ez dira nahikoak izan. Halere, benetako helburua 2023a izango da. Izan ere, bi urte barru Parlamenturako hauteskundeak izango dira eta, zalantzarik gabe, estrategia desberdina aukeratuko dute, bai Lega Nordek bai Fratelli d’Italiak, eta batez ere, Berlusconiren alderdiak.

Elkarrekin egongo balira, une honetan erraz irabaziko lukete, botoen %48 inguru erdietsiko lukete-eta, inkesten arabera, eta Fratelli d’Italia lehen alderdia izango litzateke (botoen %22). Baina horren aurretik Il Cavaliere-k bidea hautatu beharko du. Beste bi liderrek, aldiz, ez dute baloia jokoan jarriko, besteak beste egunkaririk eta telebista katerik ez dutelako.

«Jesus haurra hautagai jarriko bagenu, emaitza bera lortuko genuke Milanen», aipatu zuen Gian Marco Centinaiok, Lega Nordeko ministrordeak. Lombardiako hiriburuan porrota hain garbia izatea beste arazo bat izango da.

Salviniren alderdian dena ez dago ondo eta lasai, izan ere, denak ez daude guztiz ados honen lidergoarekin. Idazkaria bera ez dago pozik Gobernuan, eta erosoago legoke oposizioan. Zoritxarrez, leku hori Giorgia Melonik okupatu du eta bera bai, bera eroso dagoen andrea da, edonoren kontra.

Burtsaz hitz egiten ariko bagina, Salviniren balioa behera joango litzateke. Eta Fratelli d’Italiarenak, aitzitik, sekulako gorakada izango luke. Botoak badauzka ultraeskuindar alderdiak, baina benetako botererik ez, batez ere Italiako iparraldean, Estatuko motorrean. Eta Giulio Andreotti lehen ministro ohiak zioen bezala, «Il potere logora chi non ce l'ha» (botereak botererik ez dutenak agortzen ditu).

Mario Draghi-ren efektua

Momentu honetan, Italiako egoera politikoari dagokionez, “Il buono, il brutto, il cattivo” pelikularen amaieraren modukoa da. Mexican standoff hartan, mexikar itopuntu hartan, hiru pertsonaiek elkarri begiratzen diote eta inork ez du ekimenik hartu nahi.

Halaxe daude alderdiak, Fratelli d’Italia izan ezik. Bakoitzak beste alderdi bat kontrolatzen du, Parlamentua erabat geldirik dago eta Gobernua lasai-lasai ari da, oztoporik gabe. Mario Draghik irakasle zorrotz bat dirudi, lehen ministroa izan ordez. Badaki inor ez dela bere kontra joango, eta indartsu ageri da. Zazpi hilabete daramatza dagoeneko Draghik karguan, eta ziur aski 2023 arte bertan egongo da Italiako politika anestesiatuan. Oraindik ere herrialdea larrialdi egoeran dago, covid-19a dela-eta, nahiz eta ospitaleetan egoera arindu egin den txertoei esker. Baina oso jende gutxik altxatu du eskua immobilismo hori salatzeko. Beldurra ematen ote du bankari ohiak? Izan liteke.

Draghik gertuen daukana Alderdi Demokratikoa da. Oro har ezkertiarrak dira, baita Matteo Renziren Italia Viva ere. Alderdi horiek argi eta garbi irabazi zituzten hauteskundeak: Milanen, Napolesen eta Bolonian erraz, beste hiri handietan datorren astean buruz burukoak izango dituzte, lehen txandan bi hautagai onenen artean egon eta gero. Inkesten arabera, ezkertiar koalizioa oso tarte handiak berreskuratzeko moduan izan daiteke eskuinaren lepotik, 10-12 puntu edo. Horrek zer esan nahi du? Udal hauteskundeetan aurpegi hobeak hautatu dituztela. Hori ere oso garrantzitsua da.

Alderdi Demokratikoko idazkariak, Enrico Lettak, emaitzak ospatu zituen: «Subiranistei izugarrizko kolpea eman diegu. Ezkerra elkartuta dagoenean, irabazi egiten du». Ohi moduko hitzak, egia esan. Ezkerrak, Italian, une labur batzuk kenduta, inoiz ez du-eta benetako batasunik izan.

Lettak berak parte hartu du hauteskundeetan: Italiako Parlamentuari eserleku bat falta zitzaion, Sienakoa. Eta Alderdi Demokratikoko idazkariak irabazi zuen, baina bere alderdiaren sinbolorik erakutsi gabe. Horrek, nahiz eta kontraesan sinestezina izan, funtzionatu egin du.

Quirinaleko neurketa

Draghiren anestesiaz gain, beste neurketa garrantzitsu bat abiatuko da Italian datozen hilabeteetan: Errepublikako presidentearena. Sergio Mattarellak zazpi urteko kargua bukatuko du, 2022ko martxoan, eta dagoeneko aurreratu du ez duela jarraituko.

Parlamentuak, eta ez hautesleek, erabaki beharko du hurrengo Errepublikako presidentea. Oso aste tenkatuak biziko ditugu. Izenen bat atera da, adibidez, Mario Draghi bera edo Silvio Berlusconi.

Normalean horrelako udal hauteskundeen ostean zerbait aldatzen da Gobernuan, noizbait hauteskunde orokorrak aurreratzeraino. Aurten ez. Datozen sei hilabeteetan ezin izango dira deitu, konstituzionalki. Seihileko zurian (Semestre bianco, italieraz) sartu da Parlamentua, alegia: Errepublikako presidentearen azken sei hilabeteetan.

Horregatik, Gobernuak ez du aldaketarik izango. Hori izan da, adituen arabera, hainbeste pertsona pasa den asteburuan botoa ematera joan ez izanaren arrazoia, jakitun ziren ezer ez zutela aldatuko. Azken finean, Quirinale Errepublikako presidentea bizi den jauregian zein alderdi dagoen gehiago interesatzen zaio jendeari.

Erromako kasua

Denek irabazi dute, orduan? Ez. Galtzaile nabarmen bat izan da udal hauteskunde hauetan: Bost Izar Mugimendua. Beppe Grilloren ez-alderdiak bi alkate zituen, eta ez edonon: Erroman eta Turinen. Biak ala biak galdu dituzte. Turineko alkate ohiak, Chiara Appendinok, ez du hauteskundeetan parte hartu. Ama izan berri da eta ez zuen karguan jarraitu nahi.

Erromako kasua, batez ere, berezia izan da, beti bezala. Virginia Raggi alkatea lau hautagaietatik laugarren postuan sailkatu zen, nahiz eta botoen %20 lortu. Oso orekatuak izan dira Italiako hiriburuko hauteskundeak, baina azkenean Alderdi Demokratikoaren eta Eskuineko Koalizioaren hautagaiak joango dira buruz burukora, datorren asteburuan: Roberto Gualtieri eta Enrico Michetti. Erroman ere abstentzio mardula izan da oso: herritarren %48k besterik ez zuten bozkatu. Aipatzekoa da Bost Izar Mugimenduko jarraitzaile askok ez zutela hauteskundeotan interesik. Duela bost urte, parte hartzea askoz handiagoa izan zen: %57. Raggik erraz irabazi zuen, erromatarrek betiko alderdien kontra egin zutelako.

Zer gertatu da, orduan, azken bost urteotan? Hiriburuan, adibidez, Raggiren lana oso eskasa izan da. Hainbat arazo ez ditu konpondu alkateak: are, horietako batzuk larriagotu egin dira, esate baterako, zikintasuna eta trafikoa. Azken asteak groteskoak izan dira. Edozer gertakari ona da aurkariaren aurka egiteko, baina pasatu dena onartezina da: basurde piloa ibili dira paseoan Erromako auzoetan, baita erdigunekoetan ere.

Baliteke porrota Raggirentzat azken zigorra izatea. 2016ko hauteskundeen aurretik guztiz ezezaguna zen eta boterean apenas asmatu du ezertan. Dena den, honela egiten zuen lan Bost Izar Mugimenduak: Internet bidez bere hauteskunde pribatuak antolatzen zituen, hautagaiak aukeratzeko. Orain dela bost urte xisteratik atera zen Virginia, gaur egun galtzailea dena.

Oro har Beppe Grilloren ez-alderdian krisia sakontzen ari da. Olatu bat bezala, nabarmen hasi da behera egiten. Gobernuaren buruan egon da Bost Izar Mugimendua, Giuseppe Conterekin. Gizon hori ere, Raggi moduan, guztiz ezezaguna zen 2018aren aurretik.

Geroztik «jendearen abokatua» bi aldiz lehen ministro izan da: lehenik, Lega Nordekin koalizioan; bigarrenez Alderdi Demokratikoarekin, 2021eko otsailera arte. Berak hartu zituen lehen neurriak covid-19aren aurka, nolabait lortu zuen arazoen aurrean moldatzea, baina azkenean amore eman zuen.

Gainbehera geldiezina

Hala ere, Bost Izar Mugimenduak eskainitako irudia kontraesanez beteta dago. Mugimendua jaio zenean oso borrokalari gisa agertu zen, 2008an: pribilegioen eta «kasta» delakoaren aurka. Oso hibridoa ere bazen, zerbait ezkerretik eta beste zerbait eskuinetik hartzen baitzuen. Horrez gain, beti zutik erori izan da, Woody Allenen Zelig pertsonaia bezala, alegia.

Baina Zelig dibertigarria zen: aldiz, Bost Izar Mugimenduan oso barre gutxi ikusi dugu. Bere zaleak konturatu egin dira eta alderdia zigortu dute. Dena den, Parlamentuan eserlekuen %35 dauzka, diputatu eta senatarien artean. Beraz, sekulako desoreka dago, uneotan, benetako egoerarekin: Bost Izar Mugimenduak, asko jota, inkesten arabera botoen %15 lortuko lituzke, eta bizirik ateratzeko norbaitekin elkartu beharko luke –antza, Alderdi Demokratikoarekin, iraganean gorroto zuen arren–.

Hori, hala ere, ez da arazo Bost Izar Mugimenduaren ikuspuntutik. Erabakigarria izango da Errepublikako presidentea aukeratzeko hauteskundeetan, eta handik aurrera auskalo, 2023ra arte. Trukeak, trafikoak, do ut des: ez da momentu onena ekaitza hasteko.