OCT. 16 2021 KUKULAISI Euskarazko aisialdia antolatu eta garatzeko topagune bat sortu da Elgoibarren egin zen, joan den irailaren 25ean, Kukulaisi federazioa eratzeko batzarra. Hamalau euskara elkartek eta Euskaltzaleen Topaguneak indarrak batu dituzte, euskarazko aisialdia antolatu eta garatzeko. Aisialdiak hizkuntzaren bizitzan duen papera nabarmendu, eta Euskal Herri osoko eragileak gonbidatu dituzte. Maider Iantzi Euskaltzaleen Topagunean biltzen diren eta aisialdia lantzen duten euskara elkarteek egindako hausnarketa baten emaitza izan da Kukulaisi federazio berria, tokian tokian euskarazko aisialdia lantzen duten egitasmoak antolatu eta garatzeko. Momentuz hamalau euskara elkarte batu dira, «askoz gehiago izateko bokazioarekin». Lehendik ere euskarazko aisialdi egitasmo sendoak dituzten elkarteak dira, anitzak: Usurbilgo Noaua!, Getxoko Bizarra Lepoan, Hernaniko Dobera, Euskarabentura elkartea, Gasteizko Geu elkartea, Ordiziako Hitzaro, Bergarako Jardun, Atarrabiako Karrikaluze euskaldunon elkartea, Lasarte-Oriako Ttakun, Arrasateko Txatxilipurdi, Deustuko Berbaizu euskara elkartea, Durangoko Berbaro, Elgoibarko Izarra euskaltzaleen elkartea eta Soraluzeko Pil Pilean euskara elkartea. Horiez gain, Euskaltzaleen Topaguneak eta Kultur Kabia aisialdiko zerbitzu enpresak ere parte hartu dute. Euskarazko aisialdia garatzen duten bertzelako elkarteei ere zabalik daude. Eratze batzarrean Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako elkarteek parte hartu bazuten ere, federazioa Euskal Herri osoko eragileak biltzeko sortu dela nabarmendu dute. Helburua partekatzen duten heinean elkarlan sare bat osatzea proposatzen dute, bazkidetuz ez bada aliantzen bidez. «Forma ikusiko dugu. Ateak irekita ditugu», egin dute gonbidapena. Zuriñe Gil Usabiaga (Gasteizko Geu elkarteko kidea), Irune De la Maza (Euskarabenturakoa), Jasone Mendizabal (Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaria) eta June Alegria (Kukulaisiko zuzendari berria) elkartu ditugu bideo dei batean. Aurrez aurre egon izan badira ere, bakoitza herri batekoa izanik telefonoaren edo ordenagailuaren bestaldean topatu izan dute sarri babesa. Covidaren garaian hasi ziren biltzen, sektorea larri zegoela eta proiektu berrietarako premia eta gogoa bazela ikusita. «Zer eraiki nahi dugu elkarrekin?». Hortik abiatu ziren. Energia handia, ilusioa Gil: «Lanean jarraitu behar genuela sentitu genuen, aitzakia krisia izan zen. Elkarte guztiak artikulatzea garrantzitsua zela pentsatu genuen». Mendizabal: «Covidaren aurretik Topagunearen plan estrategikoan jasota genuen euskararen erabileran aurrera egiteko bereziki lan munduan eta aisialdian jauzi bat ematea. Zoru bat bagenuen eta prozesua azkarra izan zen, energia handia metatu zen hor, ilusioa. Euskararen ezagutzan eman dugun aurrerapausoa ez da tamaina berekoa izan erabileran. Sabaia jo dugun inpresioa dugu eta gazte belaunaldiak konektatzea behar dugu, gozamenetik. Hortaz, indartu nahi dugun sektore bat da aisialdia». Nagusiki haur eta gazteentzat dute aisialdi antolatua. Baina kulturgintza ere hor dago, mintzalagunak… Kukulaisik ez dio mugarik jartzen bere buruari. Eta bestelako aisialdi baten garapenarekin amesten du. Kukulaisi izena hitz joko bat da. «Kuku» kultura da eta «aisi» aisialdia. Erreferentzia bat De la Maza: «Lurralde ezberdinetako elkarteak egoteak egingo du indarra. Errealitate ezberdin guztiak batzeak eta oinarri horretatik bultzatzeak. Gu berriak gara eta sortu ginenean ez geneukan erreferentzia potente bat. Prozesu honen bidez ohartu gara ez zegoela denon erreferentzia zen erakunderik. Pandemian utzi zen lehen gauza aisialdia izan zen, hezkuntza formalean sartzen ez zena. Udan kanpaldiak antolatzeko dekretuak azken unean atera ziren. Denok batera bultzatzen badugu, beste garrantzi bat emango zaio egiten den lanari». Geu elkartearentzat «bakarrik ez sentitzeko esparru bat» izan da. «Proiektuan sinesten dugu eta beste elkarte batzuk animatuko nituzke, asko ikasten ari garelako eta elkarrekin bagoaz indarra hirukoizten delako. Bakarrik joan gara administraziora pandemian. Kukulaisik ematen digu perspektiba orokor hori, eta indarra». Aisialdia eskaini soilik ez, euskararen erabileran eragiteko esku hartze espezifikoak lantzen dituzte. Sektorea «dispertsoa da, ahula. Gazteak dira begiraleak, aldatzen joaten dira, eta horrek kudeatzeko era berriak eskatzen ditu», erran du Mendizabalek. Elkartrukea Oraindik forma eman behar diote Kukulaisiri, baina aurreratu dutenez elkartrukea eta barne formazioa izanen da ardatz bat. Batek zerbait egiten badaki, bertzeen esku jartzeko moduak bilatuko dituzte. Elkarte bakoitzaren udalekua indartzeaz gain, elkarrekin zer? Aisialdirik martxan ez dagoen herrietan nola laguntzen ahal duten ikusi, erronka digitalari heldu, eskola kirolean zerbait gehiago egin edo bertze zerbait asmatu… «Oso errealitate ezberdinetan bizi gara, baina aisialdi euskaldunaren ikuspegiak batzen gaitu», esplikatu du Geu elkarteko kideak. «Tokian tokiko esperientzietatik ikasten saiatzen gara, eta hori gure herrira moldatzen. Oso-oso aberasgarria da». Babesa Euskarabentura ez dago herri batean kokatua; Euskal Herri osoa hartzen du. «Ez genekien nondik hasi, eta besteen atzetik joan gara, pandemian zailagoa izan delako», aitortu du Irune De la Mazak. «Udalekuetara seguruago joan nintzela sentitu nuen, babes hori bagenuen», segitu dio Zuriñe Gil Usabiagak. «Dekretuak ateratzen ziren hamabostean behin, dena aldatzen zen, eta besteei galdetzen genien: ‘Nola banatuko dituzue gelak?’ Badira Euskal Herriko beste hainbat elkarte ni bezala hau egiten. Zalantzak elkarrekin argitzen saiatzen ginen». «Zer moduz zaudete?» Euskarabenturakoarentzat «ez da bakarrik administrazio edo erakunde handi baten babesa. Gure Skypeko talde horretan jada babesa ikustean, ‘listo, hauek ere gu bezala daude’, egoera hori sentitzen da. Euskal Herriko beste puntan izan arren, aldameneko berdin baten babesa sumatzen da». Gil Usabiaga: «‘Zer moduz zaude? Zer moduz udalekuak?’ galdetzen diogu elkarri». De la Maza: «Bakoitza gure bulegoan gaude: izen-emateak egiten ditugu, familia eta umeekin egoten gara… Badakigu hainbat elkarte gaudela, baina harremana egitean, hurbiltasun eta konfiantza hori sortzean, gogoa dut galdetzeko: ‘Zer moduz zabiltzate?’». Amets handiagoetarako gai «Lokatzetan zaudetenok, ‘ni bezala nor dabil?’ galdetzen duzue. Erantzukizun ariketa bat da», erantsi du Topagunekoak. «Gure baliabideak optimizatzen ditugu. Behin zerbaitetan asmatzen bada partekatu egiten dugu. Amets berriak egiteko ausardia ere badugu, bakarrik ezin duguna. Elkarrekin gauza handiagoak amesteko gai gara. Euskarak, aisialdi hezitzaileak, behar ditu amets berri horiek». Adibidez, «euskal aisialdi hori ematen ez den herri edo guneetara heltzen bagara eta denon artean lehen txinparta hori piztea lortzen badugu, euskal aisialdia sortzeko, bikaina litzateke», dio De la Mazak. «Oraintxe bakoitza gure esparruan eragiten ari gara, batzuetan ez gara gehiagora heltzen. Sekulako lorpena litzateke bakoitza gure esparrutik atera, eta esatea: ‘Hemen zergatik ez gaude?’ Piztu, bidea egiten utzi eta bultzatzea. Nik uste egin dezakegula». Gil: «Handian eragitea». De la Maza: «Ohituta gaude txikian pentsatzera, gure esparruan. Honaino helduko gara. Goazen luzatzera, gero moztu behar badugu moztuko dugu. Indarra badago. Beldurrarekin ere sartu gara, nahasketa bat egon da emozio aldetik». Gil: «Gehiago arriskatzeko aukera emango digu. Ez gara ausartzen elkarteetan, agian elkarrekin bai. Administrazioarekin lotura egiten denean, normalean murrizteko izaten da, proiektua txikitzeko. Eta hurrengoan txikiarekin zoaz». Geukoentzat «luxu bat» izan da bileretan egotea. «Orain arte ez genuen konpartitzeko aukerarik. Eta pila bat ikasi dugu. Ez genuen hainbeste ezagutzen egiten zuten lana, noraino heltzen diren, zein egoera duten». Errate baterako, Irune De la Mazak pazientzia hartzen ikasi du. «Ez gara helduko, dekretua ez da ateratzen… Bileretan ea jendeak zer dioen. Nahiz eta Skype batean egon tenperatura hartzen dugu eta beste ideiaren batekin ateratzen gara. Esperientziadun jendea pazientziaz hartzen ari da, goazen berdina egitera. Harremanak norekin egin ere jakiten dugu». Aisialdiaren garrantzia Jasone Mendizabalek adierazi duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan behintzat eskolak ikasleek euskara jakinen dutela bermatzen du, baina gaurko gazteen gehiengoa familia ez-euskaldunetatik dator. Lorpen bat da hori, ezagutza unibertsalizatu da, baina kasu anitzetan familian, auzoan, eskolaz kanpoko harremanetan ez dute euskaraz mintzatzeko aukerarik. Eta aisialdi euskalduna eskura edukitzea, gozamenetik, pasioa sortzen duten ekintzetan euskaraz egitea funtsezkoa da. «Ezagutzak gora egin ahala orokortu beharko litzatekeen eskaintza da. Topera indartu behar da euskarazko aisialdi euskaltzalea, horretan eragiteko bokazioa daukana. Euskaraz egiten baduzu baina ez baduzu maitasuna transmititzen, ez baduzu goxatzen, haurrak hori ere jasotzen duelako». Komunitate osoan eragin Ametsen planoan arituz, mugaz gaindiko harreman hori gehitu nahiko luke Topaguneko zuzendariak. «Euskal komunitate osoan eragin nahian ari gara. Euskarabenturak funtzio polita betetzen du, baina proiektu bakarra da. Zenbat egin ahal ditugu? Eta nola elkartu hezkuntzaren perspektibatik? Euskarak komunikatzeko ematen duen aukera, mugen gainetik, horren garrantzi soziolinguistikoa ikaragarria da», defendatu du. Aisialdiak %100ean euskaraz beharko lukeela uste dute Kukulaisikoek. Eskaintza egin egiten da, paperean behintzat, baina errealitatea ezberdina da, Irune De la Mazak ohartarazi duenez. Adibidez, saskibaloia euskaraz eskain dezakezu, baina horrek erantzukizuna hartzea eskatzen du, antolatzea, prozesua zabalagoa baita. Entrenamenduaz gain partida dago. «Meloia handia da. Ez da bakarrik eskaintza, gero errealitatea zein den ikusi behar da». Bihotzak bakarrik ezin du Erreportaje honetan ideien planoan aipatzen ari garen hau guztia plangintzara eramanen dute Kukulaisi federazioan: «Proiektu berrietarako baliabideak lortu beharko ditugu, ea finantzazioa eskuratzen dugun ikusi, gure lanaren osagarri diren helburuetarako guretik zer jarri ahal dugun baloratu, gure xedeekin bat egiten dutenekin nola saretu aztertu… «Bizirik eta indartsu egoteak jada energia eskatzen du, ez dago ezer bermatuta, sekulako ahalegina eskatzen du bakoitzak bere herrian lan egiteak, babesa zalantzazkoa izaten delako, zailtasunak izaten direlako egunero: prekaritatea, babes falta… Aniztasuna dago, toki batzuetan gehiago sinesten da eta harago joan nahi da, baina babesa behar da eta lobby lana egin nahi dugu horretan. Dagokion lekuan sektorearen babesa indartzeko lan egingo dugu. Aliantza asko beharko ditugu, babes publikoa ere bai. Gogoak eta bihotzak bakarrik ezin dute. Jaioberriak gara». TALDEAN AMETSAK BETETZERA KONDENATUTA June Alegria Kukulaisiko zuzendari berria entzule gisa gurekin egon da, eta amaieran zera erantsi du: «Jaioberri bat kondenatuta dagoen bezala haztera, Kukulaisi ere kondenatuta dago ametsak errealitate bihurtzera. Nola? Guk eraikiko dugu. Berbak hazi egiten du taldea, talde indartsua dago atzean, indar eta ilusio handia. Falta duguna eratuko dugu. Hasi berria naizen partetik hori esan nahi dut». Jasone Mendizabal Topaguneko lehendakariak erran du «osagarritasuna» dutela buruan. Oinherrin saretuta daude, adibidez, Haurren Hiriaren ideia lantzen. Irune De la Mazak (Euskarabentura) eta Zuriñe Gilek (Geu) irekita daudela azpimarratu dute: «Elkarte txikiek esan dezakete ez daukatela denborarik, baina bakoitzak ahal duena jarriko du ahal duenean, ez dago presiorik. Anima daitezela». «Ez genekien nondik hasi, eta besteen atzetik joan gara, pandemian zailagoa izan delako», aitortu du Euskarabenturakoak. «Babesarekin seguruago joan nintzen», segitu dio Geukoak «Skypeko gure taldean ‘hauek ere gu bezala daude’, egoera hori sentitzen da. Euskal Herriko beste puntan izan arren, aldameneko berdin baten babesa sumatzen da» «Euskal aisialdirik ez den guneetara heltzen bagara eta denon artean lehen txinparta hori piztea lortzen badugu sortzeko, bikaina litzateke», adierazi du De la Mazak «Ohituta gaude txikian pentsatzera, gure esparruan. ‘Honaino helduko gara’. Goazen luzatzera, gero moztu behar badugu moztuko dugu. Indarra badago», erantsi du Gilek Covidaren garaian hasi ziren biltzen, sektorea larri zegoela eta proiektu berrietarako premia eta gogoa bazela ikusita. «Zer eraiki nahi dugu elkarrekin?». Hortik abiatu ziren «Pandemian utzi zen lehen gauza aisialdia izan zen, hezkuntza formalean sartzen ez zena. Denok batera bultzatzen badugu, beste garrantzi bat emango zaio egiten den lanari»