pantailaBeldurraren beldur?
«Urteko telesailik beldurgarriena», «sekulako beldurra pasatuko duzu», «AEBetan estreinatu zen eta zorabioak eragin zituen»… amua heltzeko helburuz, azken urteetan genero honetako ekoizpen bat estreinatzen den bakoitzean, esaldi horiekin bonbardatzen gaituztela ohartuko zinen. Baina ez hori bakarrik, erabiltzen dituzten trailerrak ere ileak puntan jartzeko modukoak izaten dira. Behin telesaila estreinatu eta ikusten ditugunean ordea, ez al zaizue gertatu «ez zen hain beldurgarria izan» edo «ez dut batere beldurrik pasatu» bezalako esaldiak jaurtitzea? Gaurkoan beldurraren inguruko hausnarketa txiki bat mahaigaineratu nahiko nuke, eta bidez batez, jakina, oso gomendagarriak diren sortzaile zein telesailak aipatu.
Bilakaera
Zinemaren mundu zabala osatzen duten genero guztien artean, hauxe izan liteke, ziurrenik, gehien mespretxatzen dena. Egia da urtero estreinatzen diren telesailen artean, portzentaje oso altu bat izenburu oso kaskarrei dagokiela, baina gainerako genero konkretuak banan-banan aztertuz gero ez al da antzekoa gertatzen? Akziozko zenbat telesail aipagarri estreinatzen dira urtean zehar? Eta komedia erromantikoak?
Beldurra, urteen poderioz eta batez ere garai jakin horren testuinguruaren arabera, eraldatzen joan den kontzeptua izan da. “Godzilla” adibidez, Gerra Hotzaren garaian, eraso nuklearrarekiko zegoen beldurragatik sortutako irudia izan zen. Munstroak izan ziren hasieran, espirituak eta exorzismoak 70eko hamarkadan, slasher eta serieko hiltzaileak 80ko hamarkadan eta abar. Generoa munduan gertatzen zenaren eskutik zihoan, gizarteak zuen beldurra fikzio moduan gauzatzen zen, azken finean. Baina izenburu horiek saltzeko behar horretan, promozio kanpainak sartzen hasi ziren.
Marketin kanpainak
2021era bueltatuz, eta adibide konkretuekin jarraitze aldera, eremu honetan azken bizpahiru urteetan zalaparta gehien sortu duten filmak “Get out”, “It Comes at Night”, “Babadook”, “A Quiet Place”, “Us”, “Hereditary”, eta “IT” izan litezke. Pertsonalki, sentsazio berbera izan dut guztiekin. Film interesgarriak, bikainak batzuk, baina beldurraren alderdia nahiko ahula –“Hereditary” eta “Babadook” salbu–. Hori bai, guztietan, saltzeko erabilitako estrategia, berbera: «Urteko film beldurgarriena». Askok diote errua dela sorpresa gaitasuna galtzen ari garela. Ikus-entzunezko edukiak gero eta gehiago, gero eta azkarrago kontsumitzen ditugun mundu honetan, segundoero era guztietako irudi bortitzak irensten ditugulako batik bat. Gauza gutxik sortzen dute harridura gaur egun, eta are gutxiago beldurra, jakina. Baina nire ustez, beste alderdi batek du erru handiena: marketin kanpainek.
Lehenik eta behin, filmak promozionatzeko erabiltzen dituzten trikimailuak iruzurtiak iruditzen zaizkit. M. Night Shyamalan zinema zuzendariak “The Village” eta “Lady In the Water” estreinatu zituenean, adibidez, milaka ikuslek alde egin zuten haserre bizian zinema aretoetatik. Baina errua ez zen zuzendariarena izan, trailerretan agindu zizkieten munstro eta ikarak inondik agertu ez izanarena baizik. Oso erraza da teaser tranpati bat sortzea edo kartel deigarriak diseinatzea jendea erakartzeko, baina gero zer? Epe luzera, desegiten den zerbait da. Drama generoko filmak saltzeko “malkoak” saltzen ez badira, zergatik beldurrezkoekin sustoak bai?
IZEN GOMENDAGARRIENAK
Mike Flanagan; «The Haunting of Hill House» eta «Midnight Mass»
NETFLIX
Pantaila txikian azken urteotan lanean dabilen sortzailerik aipagarriena Mike Flanagan estatubatuarra da, zalantzarik gabe. Pentsa noraino heldu den beldurrarekiko duen lanketa eta ezagutza, Salem hiri ezagunean jaiotako sortzaile honen lana Stephen Kingek eta William Friedkinek goraipatu baitute. Egile honek pantaila txikian egin duen lan guztia ikustea gomendatzen dizuedan arren, bereziki bi izenburu iruditzen zaizkit txapela kentzeko modukoak: “The Haunting of Hill House” maisulana eta aurten estreinatu duen “Midnight Mass”, biak Netflixen topatuko dituzue.
Nick Antosca; «Channel Zero» eta «Brand New Cherry Flavor»
HBO eta NETFLIX
“Channel Zero” izeneko antologia fantastiko-beldurgarri honek, hiri-kondairen izu unibertsala modu morboso eta oso eraginkorrean islatzen du. Nick Antoscaren garunetik sorturiko lau denboraldiek erakusten dute generoaren barruan dagoen egilerik onenetarikoa dela. Sortzaile berak aurten, “Brand New Cherry Flavor” telesail sailkaezina ere estreinatu du. Ez da agian ikusle guztiek estimatu edo gozatuko duten proposamena. Zerbait errealista edo sinesgarritasunaren aldeko hautua egiten duen telesail baten bila bazabiltza hobe duzu guztiz aldentzea. Ez erritmoa, ez elkarrizketak, ezta pertsonaien erreakzioak ere ez baitira batere errealistak. Bere arau propioei jarraitzen die eta bere kabuz erabakitzen du zer elementuri eman garrantzia eta zeri ez. Hori bai, joko horretan hasieratik sartuz gero eta arau horien alde arraun egiten baduzu –niri gertatu zaidana– harrapatuta geratuko zara. Zinema zuzendari izateko hautagaia den Lisa Nova da gure protagonista eta 1990eko Los Angelesen girotzen da trama nagusia. Horraino denak nahiko arrunta dirudien arren, naturaz gaindiko mendeku bidaia batean murgiltzean guztia hankaz gora geratuko da. Telesail apur bat surrealista, hipnotikoa eta batez ere oso berezia.
«The Terror»
AMAZON
Franklingo espedizio galduari buruzko kontakizuna. «Royal Navy HMS Erebus» eta «HMS Terror» esplorazio polarreko itsasontzietako tripulazioak esploratu gabeko lurralde batean barneratuko dira, ipar-mendebaldeko pasabidearen bila. Istripu baten eraginez, ordea, itsasontziak izotzean harrapatuta geratuko dira, izoztuta eta isolatuta. Atmosfera hotz eta itogarria erabiliz, beldur mota desberdinak narrazio bakar batean biltzeko gai den ekoizpen bikaina da honakoa, izuz eta edertasunez beteriko istorio batera garamatzana.
«American Horror Story»
DISNEY +
Telesail antologikoa izanik kontuz proposamen honekin, denboraldi batzuk bikainak izan arren, besteak nahiko kaskarrak iruditzen baitzaizkit. Ezin ukatu bestalde, beldurraren kontzeptua, estetika berezi eta boteretsu bati uko egin gabe, oso telesail gutxik ez bezala pantailaratzea lortu duela Ryan Murphy zuzendariak. Denboraldi bakoitzean testuinguru zehatz bateko istorio bat azaltzen dute. Lehen denboraldia etxe batean dago girotuta; bigarrena, zahar etxe batean; hirugarrena, akelarre baten inguruan; laugarrena, zirku bati buruzkoa da; bosgarrena hotel batean kokatzen da eta abar. Ausarta, originala, estetikoki oso ahaltsua baina irregular samarra.
«Calls»
APPLE TV+
Proposamen originala, berritzailea eta ausarta da. Ideia erraza da, baina inola ere ez sinplea. 13 eta 20 minutu arteko bederatzi istorio dira guztira, beldurra, thrillerra eta suspensea uztartzen dituztenak. Pertsona ezberdinen arteko telefono deietan oinarritzen dira kontakizunak, baina erne, soilik soinua entzuten delako telesail osoan zehar, ez dago irudirik. Tira, pantailan irudi batzuk badaude, baina entzungai ditugun elkarrizketa horiek indartzeko eta biribiltzeko sortu dituzten soinu-uhin moduko batzuk dira, eta protagonisten elkarrizketen testuak ere irakurgai daude, baina hori besterik ez. Esperimentu aparta iruditu zait. Murgiltze lan ikaragarriaz ahalik eta gehien gozatzeko, aurikularrekin ikuste-entzutea gomendatzen dizut. Burmuinari eta ikusle bakoitzak erakutsi dezakeen irudimenari aurre egiten dion telesail berezia.
«Marble Hornets»
YOUTUBE
Nolakoa izango litzateke “The Blair Witch Project” filma, gaurko mundu interaktiboan filmatu izan balitz? “Marble Hornets” telesailaren oso antzekoa ziurrenik, websail honek found footage (aurkitutako metrajea) errealizazio estiloarekin jokatzen baitu. Alex Kralie “Marble Hornets” izeneko bere lehen pelikula filmatzen ari den zinema ikaslea da. Bat-batean proiektua amaitu gabe uztea erabaki eta bere lagun Jayri grabatu duen guztia ematea erabakitzen du, baldin eta grabaturiko irudiak ikusten ez baditu edo itzultzen saiatzen ez bada. Hain zuzen, zinta horiek osatzen dituzte websaileko atalak, «ENTRY» izenekoak, eta 30 segundotik 15 minutura arte iraun dezaketenak.
«Historias para no dormir»
AMAZON
Narciso Ibañez Serradorrek sortu, zuzendu eta aurkeztu zuen Espainiako beldurrezko telesail mitikoa. Edgar Allan Poe edo Ray Bradbury bezalako idazle ospetsuen kontakizunen egokitzapena, nahiz beste hainbat idazleren jatorrizko gidoiak ere pantailaratzen ziren. Aitzindaria izan zen, garai hartan espainiar zineman edo telebistan gutxi jorratzen baitzen beldurrezko generoa. Pantaila txikira eramandako beldurrezko narratiba, herrialde anglo-saxoietan edo erdialdeko Europan oso errotuta zegoen arren, apenas tratatu baitzen Espainian. Ibañez Serradorrek, Luis Peñafiel ezizenarekin gidoiak egin, zuzendu eta idazteaz gain, atal bakoitza Rod Serling-ek “The Twilight Zone” telesailean edo Alfred Hitchcock-ek “Alfred Hitchcock Presents”-en estilora aurkezten zituen.
«X- Files»
DISNEY +
Funtsean zientzia-fikzio eta misteriozko ekoizpena izan arren, egia da ez dela zehazki beldurrezko telesaila, baina atal konkretu batzuetan nerabezaroan sentitu nuen beldurra oso ekoizpen gutxik sorrarazi didatela aitortuko dizuet. 90eko hamarkadako telesail arrakastatsu eta jarraituenetakoa izan zen, mundu osoan zale ugari izatearen ondorioz kultuko telesail bilakatu den arte. 217 atalen artean, beldurrezko antologia izaera besarkatzen duten asko nabarmenduko nituzke; hala nola Squeeze (1x03), The Host (2x02), War of the coprophages (3x12), Home (4x02), Chinga (5x10), Field Trip (6x21), X-Cops (7X12), Badlaa (8x10), Scary Monsters (9x14) edo Familiar (11x08), adibidez.
«Chernobyl»
HBO
Baliteke beldurrezko telesail gisa aipatzea apur bat zentzugabea izatea baina HBO eta Skyren telesail laburrak beldurraz eta izuaz hitz egiten du, eta jakin gabe ere hiltzen zaituen etsai ikusezinaz. Pantailan ikusten dugun guztia beldurgarria eta lazgarria denik ez didazue ukatuko. Bost atalez osatutako telesail motz honek Sobietar Batasunak 1986ko apirilean jasan zuen desastre ikaragarria kontatzen du, AEBetako betaurrekoekin, jakina denez. Txernobylgo zentral nuklearrak eztanda egin zuen egunean bertan kokatzen gaitu lehen ataletik bertatik, apurka trama zientifiko-politikoaren korapiloak askatzen joateko. Hotzikarak sortzen dituen telesaila.