GAUR8 - mila leiho zabalik
ARRISKUARI ATSEDEN

Eskubideen defentsan bizitza ematen ari direnen aldi baterako babeslekua

CEAR-Euskadik kudeatzen duen Giza Eskubideen Defendatzaileentzako aldi baterako babes programak hamar urte bete ditu aurten. Bidean, 30 pertsonari, gehienak emakumeak, babesleku bat eskaini diete sei hilabetez Euskal Herrian eta nazioarteko harreman sareak indartu dituzte.


Deyanira Soscue Zambrano haurra zela hasi zen bere lurraldearen eta herriaren alde borrokan, 10 urte zituela, eta zeregin horretan dihardu oraino. Kolonbiako Cauca lurraldearen iparrean dagoen Cerro Tijerako agintari indigena da eta Caucako Indigenen Batzorde Erregionalean (CRIC, gaztelerazko siglengatik) hartzen du parte, beste erakunde batzuen artean.

Danelly Estupiñan Valencia, orobat, eskubideen defendatzailea da Kolonbian, eta bere jarduna herrialdeko komunitate beltzean oinarritzen du. Komunitate Beltzen Prozesuko (PCN siglak gaztelaniaz) kide da, Buenaventuran, non hainbat ikerketa lan garatu baitituen, bereziki hiriko portuaren zabalkundeari lotutakoak. «Mikrosoziologia» egiten du, bere hitzetan, lurraldea edo identitate etniko eta kulturala galtzera ematen duten egoera egiturazkoak aztertzen ditu.

Biek ala biek mehatxuak jaso dituzte eskubideen alde egiten duten lanengatik; horregatik, sei hilabete eman zituzten Euskal Herrian, Lakuako Giza Eskubideen, Memoria eta Lankidetzaren Zuzendaritzak gidatu eta CEAR-Euskadik kudeatzen duen Giza Eskubideen Defendatzaileentzako Euskal Programaren bitartez.

Soscue 2013an izan zen gurean, eta Estupiñan duela hiru urte, 2018an. Orain, astebeterako itzuli dira urte erdiz bizileku izan zuten Euskal Herrira, CEAR-Euskadiren programak hamargarren urteurrena ospatzen duen aitzakiarekin. Bilbon direla azaldu diote GAUR8ri euren herrietako egoera eta Giza Eskubideen Defendatzaileentzako Euskal Programarekin izan zuten esperientzia.

2013an «talde armatu» guztiek begiz jota zuten Deyanira Soscue. Bai FARC gerrillak, bai Poliziak edo Ejertzitoak. Eskubideen defendatzaile gisa egiten zuen lanarengatik etengabe jopuntuan egoteari egin behar zion aurre agintari indigenak, «etengabeko zaurgarritasun egoera bati». Zeren, Soscuek dioen gisara, «giza eskubideen defendatzaile batek komuneroa, indigena, beltza, nekazaria, emakumea, gizona, LGTBI+ komunitateko kideak defendatu behar ditu», eta hala egiten du berak. «Nire agintea oso agerikoa zen eta modu askotara saiatu ziren ni eramaten», dio.

Buenaventura Kolonbiako portu hiri garrantzitsuena da, bertan mugitzen da nazioarteko merkataritza. Portu hau zabaltzeko prozesuan ziren tokiko enpresak, eta Estupiñanek parte hartu zuen bi ikerketek (“Buenaventura: Más puerto menos comunidad” eta “Más puerto menos ciudadanía: Caso PCBUEN Comuna 5”) frogatu zuten Buenaventuran bizitzen ari ziren biolentziaren hazkundea portuaren zabalkundeari lotuta zegoela. «Portu hori komunitateak mehatxatzen ari zen, aspalditik bizi izan garen lurraldeengan interesa zuelako eta oraindik ere interesa duelako, lur horiek portua zabaltzeko erabili nahi baitituzte», azaldu du.

Ikerketa horien ondorioz heriotza mehatxuak jaso zituen Estupiñanek, bereziki Buenaventurako Inmaculada auzoan kokatutako 5. komunan bizi zuten indarkeriaren eta PCBUEN enpresaren arteko lotura agerian utzi zuenean. Hiritik ihes egin behar izan zuen bi hilabetez, eta itzuleran, Paro Civiko dinamikaren osaeraren ostean, portua 22 egunez gelditzea lortu zuten Estupiñanek eta kideek. «Segurtasunaren egoera okertu egin zen eta jendea segika neukan», dio kolonbiarrak. «Alabaren errutina» ere behatzen zuen jende horrek. Ustez, portuko enpresentzat lanean ari ziren Estatuko agenteak ziren Danelly Estupiñanek segika zituenak; susmo hori dauka berak. Bere hiria ez ezik, herrialdea ere utzi behar izan zuen ordukoan. Eta Euskal Herrira etorri zen.

Atsedena eta ahalduntzea

Euskal Herrian, euren herrietako etengabeko jazarpen eta insomniotik urruti, eman zituzten sei hilabeteak atsedenerako balio izan zieten Deyanira Soscue eta Danelly Estupiñan giza eskubideen defendatzaileei.

«Bat beste testuinguru batean dago, lasaiago egon daiteke. Izan ere, nire kasuan ezin nuen lorik ere egin nire lurraldean, inoiz identifikatu ezin izan nituen pertsona batzuek behatzen baininduten. Beti zeuden txanodunak inguruan. Ezin nuen lasai ibili. Hemen nengoela, lo egin ahal izan nuen, oinez ibili, hainbat lekutan sozializatu», kontatu du Soscuek.

«Beti esaten dut, hona iritsi nintzenean, tokatu zitzaidan oinez bakarrik ibiltzen ikastea», agertu du Estupiñanek. Eskoltek zainduta ibili behar izaten zuen Buenaventuran 2015etik, eta dio ezin zuela bakarrik ibili. «Ezin nuen ezer egin, preso baten antzera nengoen», dio. Euskal Herrian eskoltarik gabe ibiltzera ohitu zenean, «dependentzia» hori askatu eta une oro atzera begiratzeari utzi zionean, atseden hartu zuen: «Atseden fisikoa, psikologikoa, emozionala».

Eta atsedenerako ez ezik, Euskal Herrian elkarlanerako sareak sortzeko aprobetxatu zuten egonaldia, euren herrietako problematika eta giza eskubideen defendatzaile gisa egiten duten lana gizarteratu zuten.

Ahalduntzeko balio izan zien, halaber sei hilabeteko egonaldiak bi emakume kolonbiarrei. Mehatxuek kendu zieoten «boterea» berreskuratu zuen Estupiñanek, eta Soscuek dio indarrak hartuta itzuli zela bere herrialdera.

10 urte, 30 defendatzaile

Deyanira Soscue eta Danelly Estupiñan bezala, CEAR-Euskadiren Giza Eskubideen Defendatzaileentzako Euskal Programaren eskutik beste hainbat pertsonak eman dituzte sei hilabete Euskal Herrian.

Hamar urte bete ditu aurten aipatu programak eta urtero hiruna pertsonari eman dio babes, zaintza eta arnasa, 30 laguni orotara.

Colectiva Colombia elkarte multzoaren eskutik sortu zen programa 2011n. CEAR-Euskadi sare honen parte zen, beste hainbat kolektiboren artean. «Ikusten genuen Kolonbiako kolektiboen egoera gero eta arriskutsuagoa zela haien lanari eta bizitzei zegokienez. Eta ikusten genuen gero eta oztopo gehiago zituztela nazioarteko babesa lortzeko askotariko biolentziengandik ihesi zetozen kolonbiarrek», azaldu du Leire Lasa CEAR-Euskadiko kideak.

Orduan, EAEn Giza Eskubideen Defendatzaileen babeserako programa propio bat sortzeko beharra ikusi zuten eta martxan jarri zuten Lakuako Gobernuaren babesarekin.

Lehenengo urtean Kolonbiako elkarteekin egin zuten lan, baina aurrerago, herrialde gehiagotara zabaldu dute programa; batez ere Latinoamerikako kolektiboekin elkarlanean aritzen dira, baina baita Saharakoekin ere.

Programan parte hartzen duten defendatzaileak «pertsona organizatuak dira, kolektiboetan parte hartzen dutenak», dio Lasak. Zeren, egonaldia pertsona bakarrak egiten duen arren, «babes kolektibo» bat bultzatzea bilatzen dute.

Defendatzaileen profila anitza da. Azken 10 urteetan, adibidez, agintari indigenek, komunitate beltzetakoek, landa eremukoek edo sexu aniztasunaren alde borroka egin dutenek parte hartu dute CEAR-Euskadik kudeatzen duen programan.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ehuntzen ditu harremanak programan parte hartzeko hautatuak izango diren pertsonekin.

Deialdi publiko bat egiten dute urtero, eta hainbat agentek parte hartzen duen batzorde batek eskaerak aztertu eta onuradunen aukeraketa egiten du, zenbait irizpideren arabera. «Ikuspuntu feminista batetik emakumeen parte-hartzea lehenesten da –10 urtean, 9 gizonek, 18 emakumek eta, hiru adin txikikok hartu dute parte –; arrisku handiena duten kolektiboak lehenesten dira, batez ere lurraren defentsarekin zerikusia dutenak», esplikatu du Lasak.

Giza Eskubideen Defendatzaileentzako Euskal Programaren bitartez babes integrala eman nahi zaie Euskal Herrian sei hilabeteko egonaldia egiten duten pertsonei. Helburua bikoitza da: «Guretzat funtsezkoa da zaintza eta ahalduntzeko espazio seguru bat sortzea, defendatzaileak nolabait babestu eta osatzeko euren testuinguruetan bizi duten biolentzia fisiko eta emozional etengabekoen eraginez. Bestetik, babes sarea zabaltzen dugu, hau da, hemen ematen duten denboran harremanak egin ditzakete bertako kolektiboekin eta euren lurraldeetara iristen direnerako babes aterki bat lortzen dute».

Giza eskubideen defendatzaileak euren herrialdeetara itzultzen direnean, EAEko ordezkaritza batek bisita egiten die, pertsonaren eta haren kolektiboaren berri izateko. «Bisitaren helburua da herrialde horretan ikusaraztea nazioarteko komunitatearen babesa, kasu honetan, euskal gizartearena; hango kolektiboekin elkartu eta haien eskaerak jasotzea, ondoren guk zubi lanak egin ditzagun eskaera horiek herrialdeko instituzioetara bideratzeko», azaldu du Lasak.

Bizitzak erdigunean

CEAR-Euskadiren programak azken hamar urteetan egindako ibilbideak utzitako ikasketa handienetako bat, Leire Lasaren iritziz, «zaintza erdigunean jartzearen garrantzia» da. «Honek esan nahi du kontuan hartzea defendatzaileen osasun integrala. Askotan, gorputzek somatizatu egiten dituzte biolentzia horiek guztiak eta funtsezkoa da gorputzak artatzea. Honek ahalbidetzen du arnasaldi bat, zaintza bat, agenda politikoan txertatzea eta euren borroketara indar gehiagorekin bueltatzea», gaineratu du CEAR-Euskadiko kideak.

Lasak, dena den, ohartarazi du: «Testuingurua gero eta biolentoagoa da». Agertu du egungo sistemek gero eta bide biolentoagoak erabiltzen dituztela bizitzak edo lurraldeak babesten dituzten pertsonen aurka, kasurako, multinazionalen ustiapenaren kontra altxatzen diren defendatzaileen aurka edo emakumeen eskubideen alde egiten dutenen aurka. «Botere korporatiboek, botere paraestatalek, gero eta botere gehiago daukate herrialde askoren gobernuetan», gaineratu du.

Arrisku edo biolentzia horien gorakada, baina, ez da soilik gertatzen ari defendatzaileen jatorrizko herrialdeetan. «Ideologia ultren eta faxisten gorakada eta haien presentzia gure instituzioetan, arduratzen gaituen gaia da. Arazoetako bat kriminalizazioa da. Biolentzia maila larria duen testuinguruan bizi gara, baina hemen ere bizi dugu giza eskubideen aldeko lanaren aurkako kriminalizazioa», agertu du Leire Lasak.

Testuinguru konplexu honetan, CEAR-Euskadik bizitzen babeserako lehendik dituen programak indartzeko asmoa dauka. Baina Lasak programa horiez haragoko babesaren beharra aldarrikatu du: «Begirada zabaldu behar dugu babesaren inguruan. Defendatzaile ugari daude euren aterabide bakarra asiloa dena, baina askori ezezkoa ematen zaie. Adibidez, iaz, Estatu espainiarrak Kolonbiako nazioarteko babeserako eskaeren %98 ukatu zituen».

Arnasaldi labur-labur bat

Danelly Estupiñanen eta Deyanira Soscueren iritziz, CEAR-Euskadiren programak «berebiziko garrantzia du», zeren, Estupiñanek azaldu duenez, «nazioarteko politikak bizitzaren eta lurraren esplotazioarekin lerratzen dira eta, beraz, honen kontrara mugitzen den nazioarteko programa batek oreka bat eragiten du».

Nabarmendu du bizitzaren zaintzaz gain, herrialdeko erresistentzia prozesuetan jarraitzeko beharrezkoak diren babeslekuak sortzen dituela programak. «Ez da pertsonen babeserako programa soil bat, baizik, pertsona horien bitartez lortzen du gure lurraldeei, gure dinamika politikoei eta gure erresistentzia proiektuei bultzada ematea», gaineratu du.

Soscuek, era berean, biziki eskertzen du bere herrialdetik kanpoko erakunde bat bizitzaren alde borrokan aritzea. «Zeren, gaur, oihuka, laguntza eskatzen dugu, entzun gaitzatela eskatzen dugu, gure bizitza errespeta dadila. Prozesu honetan kide asko erori dira, eta saiatzen badira gu hiltzen, gu isiltzen, gure herria isilduko dute. Horregatik agertzen diogu benetan gure esker ona programa honi. Gure bizitzek hemen, lurrean, segitzen dutelako», adierazi du agintari indigenak.

Danelly Estupiñan Valencia eta Deyanira Soscue Zambrano astebetez izan dira Euskal Herrian, Giza Eskubideen Defendatzaileentzako Euskal Programaren 10. urteurrena ospatzeko. Astebeteko egonaldi honek, laburra izan bada ere, balio izan die berriz ere atseden hartzeko. «Deskantsua hartzeko, tentsioa baretzeko, lasai ibiltzeko, balio izan du. Jakiteko sare zabal batekin kontatzen dugula. Oso polita da, egun batzuez bada ere, leku seguru honetara itzultzea», esan du Estupiñanek.

 

HAMARKADARI ERREPASOA, PROTAGONISTEI OMENALDIA

Urteurren borobilek beti eskaintzen dute aukera egindakoaren inguruan hausnartu, lortutakoak ospatu eta aurrera begira jartzeko. Hala, “Babes gara” lelopean, asteazken arratsaldean EiTBren Multibox aretoan ospatu zen Giza Eskubideen Defendatzaileentzako Aldi Baterako Babeserako Euskal Programaren X. urteurreneko ospakizun ekitaldia. Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Saila da programaren burua, Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren Sailburuordetzaren bidez, eta CEAR-Euskadik kudeatzen du programa hau.

Bertan izan zen Beatriz Artolazabal Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua: «Beraien lana agerian uztea, beraien bizitzak babestea eta mundu hau guztiontzat bidezkoagoa eta hobea izan dadin egiten duten ahalegina aitortzea Eusko Jaurlaritzaren eta, bereziki, zuzentzeko ohorea dudan sailaren konpromiso irmoa da».

Mary Lawlor NBEko Kontalari Berezia ere ekitaldian izan zen. Bere hitzaldian, aldi baterako birkokapen programen garrantzia azpimarratu zuen; izan ere, askotan, «babes mekanismo nazionalak ez dira egokiak defentsa erakundeek aurre egin beharreko premiazko egoeretarako. Gainera, askok ez dute genero ikuspegirik, edo ez dira egokitzen LGTBIQ+ pertsonek bizi dituzten egoeretara, hain zuzen, botere zisheteronormatiboen egiturei desafio egiteagatik erasotzen dieten horien egoeretara».

Ezin zen falta izan giza eskubideen defendatzaileen ahotsa. Kolonbiako hiru pertsonak hartu zuten parte ekitaldian. Danelly Estupiñan, Deyanira Soscue eta Fabian Torres Maloka Kolektiboko kidea agertu ziren Bilbora. Guztiek nabarmendu zuten Giza Eskubideen Defendatzaileentzako Aldi Baterako Babeserako Euskal Programa «nazioarteko elkartasunerako tresna bat» dela, «herri afro-ondorengoen, indigenen eta nekazarien lurraldeen eta lurralde urbanoen erresistentzia indartzen duena».

Aldi baterako babesak bizitza zaintzeko estrategia gisa duen garrantzia ere nabarmendu zuten defendatzaileek eta nabarmendu zuten programatik pasatzen diren herri guztien «kultura identitatea» errespetatzearen garrantzia, «gure borroketarako bozgorailua delako».

CEAR-Euskadiko Leire Lasa programaren 10 urteei beha jarri zen: «Guretzat, hamargarren urteurren hau beraien borrokak aintzatesteko eta haiei eskerrak emateko ekitaldia da. Omenaldia aretoan gurekin datozenei, beren lurraldeetatik gurekin datozenei, hamar urte hauetan ezagutu ditugunei eta, bereziki, gureak diren eskubide horiek defendatzeagatik hil eta desagertu direnei. Programak balio badu lankide defendatzaileek gelditzeko eskubide legitimoa senti dezaten, ekintza politikoaren erdian euren bizitzak zaintzeko edo atsedena hartzeko eskubidearekin senti daitezen, beraiekin ospatu dezakegu».

10 urtean, 30 pertsona etorri dira Euskal Herrira programaren bitartez. Kolonbia, Peru, Honduras, Guatemala eta Mendebaldeko Sahara izan dira jatorrizko herrialdeak. Hori ahalbidetzeko, EAEko 11 erakundek osatu dute laguntza sarea.