GAUR8 - mila leiho zabalik

Prozesuez


Bizikleta eror ez dadin pedalei eman behar zaie, etengabe. Gogorrago aldapan gora eta lasaiago aldapan behera goazenean. Arinago presa badugu, norabait azkar iritsi nahi edo behar badugu, eta motelago alderantziz. Helmugara iritsi nahi duenak pedalei eman behar die, helmugara iritsi nahi ez duenak zer egingo duen itxaron gabe. Pedalei sekula eman ez eta gainera frenoa uneoro sakatuko duela jakinik. Bestela, helmugara iritsi nahi ez duena zurekin batera pedalei noiz eragiten hasi zain geratzen bazara, ez zara sekula zauden tokitik mugituko, eta finean geldirik jarraitu nahi duen horrek irabaziko du.

Horrelakoak dira gatazken konponbide prozesuak ere. Norberaren eta parean duzun arerioaren arteko unean uneko indar korrelazioen eta beharren araberako interes kontrajarri eta berberen bilaketa prozesu etengabea. Zaila da indar, behar eta interes berdintsuko momentuak elkarrekin aurkitzea. Bultzatzea, hobeto esanda; zeren normalean horrelakoak ez dira berez gertatzen. Pedalei eragiten lortzen da prozesuen heldutasuna, aurrerapauso berriak emateko beharrezkoa den heldutasuna, eta horretarako iniziatiba politiko etengabea behar-beharrezkoa da. Konponbidean aurrerapausoak ematea zure xedea den neurrian behintzat.

Aieteko Konferentziatik 10 urte igaro diren honetan momentu egokia da egindakoa balioan jartzeko eta egiteko dagoen hori identifikatzeko. Identifikatu eta konpon dadin norabidean bideak marrazteko ere. Dudarik ez dago gatazka konponbidearen ikuspegitik asko aurreratu dela, egungo Euskal Herria duela 10 urtekoa baino egoera hobean dagoela. Herri honen sektore batzuentzat, zeresanik ez estatuko sektoreak aipatzen baditugu, konpondu beharreko guztia, egin beharreko guztia eginda dago. Lana amaitu da. Herri honetako sektore zabal batentzat, aldiz, egiteko asko geratzen da oraindik ere. Gatazkaren ondorioei, presoen alorrean eta biktima guztien errekonozimendu eta erreparazioari dagokionez bereziki, baina ez bakarrik, eta baita ere gatazkaren arrazoiei dagokienez. Egoera hau ez da gurean bakarrik gertatu. Nazioartean, hainbat tokitako bake prozesuen esperientziak antzeko egoerak erakusten dizkigu. Gatazka ulertu eta ikusteko modu diferenteek gatazkaren konponbidea zer den ikuspegi diferenteak dakartzate. Kolonbian, Irlandan, Korsikan, baita Euskal Herrian ere.

Horregatik, normalean, konponbide prozesuan aurrera egin ahala, gatazkaren erpin diferenteak konpondu edo desagertu ahala, pedalei eragiten dietenen kopurua gutxitzen doa. Dudarik ez, zure arerioen artean, baina baita zure kideen artean ere. Hori ere munduan zehar izan diren prozesu guztietan gertatu da, gertatzen ari da. Batzuetan gatazka modu zuzen eta gogor batean bizitzera behartu zaituen hori desagertu delako, konpondu delako. Horrek aurrerapauso berriak emateko beharra gutxiarazten du, eta ondorioz norbere posizio eroso eta gotortuan geratzea errazten du. Mugitzea, aldatzea beti baita geldirik geratzea baino zailagoa. Kontuan izan beharra dago gizakia, eta erakundeak, nazio askapenerako erakunde iraultzaileak ere, oso kontserbadoreak direla oro har.

Beste batzuetan konponbide prozesuaren inguruko, aldebikotasunaren inguruko ikuspegi irrealak bultzatuta. «Dagoeneko asko egin dugu, orain besteei dagokie mugitzea» ideiari jarraikiz, egiazki prozesuan aurrera egin ahala aurrera jarraitzeko nahia eta beharra, gai batzuetan bederen, gero eta gehiago bilakatzen denean nazio askapenerako mugimenduaren helburu eta behar esklusiboa. Arerioaren mugitzeko beharra eta nahia, aldiz, gero eta txikiagoa. Konponbide prozesuetan aurrera egin ahala are beharrezkoagoa suertatzen da konponbidean egitekoak geratzen direla uste dutenek iniziatiba politikoa azkartzea, pedalei eragiten jarraitzea, inoiz baino indartsuago, inoiz baino bakartiago agian. Bestela konpondu gabekoak betikotzea gerta daiteke. Noren mesedetan da horien konponbidea, noren kalterako betikotzea? Finean, prozesuen norabidea, erritmoak eta eragile bakoitzaren jarrera une bakoitzean dauzkan interesen arabera erabakitzen baitira. •