NOV. 13 2021 Desorekaren eta izuaren anplifikadorea topera dabil Isidro Esnaola Leku itxi batean, esate baterako, dantzaleku batean, zerbait gertatzen denean, erre usaina sumatzen denean edo sua ikusten denean, mundu guztia saiatzen da ahalik eta azkarren larrialdiko atetik ateratzen. Ikara handia bada, ate horietan jendea pilatuko da, eta atera beharrean, ziurrenik jende-oldea osatuko da: asko geldituko dira harrapatuta eta beste asko barruan ezin aterata. Burua hotz edukiz gero, ziurrenik kalteak askoz txikiagoak izango dira. Asko dagoenean jokoan, hori erraza da esatea baina askoz zailagoa praktikan jartzea. Horregatik, bestelako neurriak ere hartzen dira, esate baterako, edukieraren kontrola, larrialdi irteeren kopurua zehaztea eta tamaina definitzea eta abar. Dantzalekuak bezala, merkatuak ere gehiegizko erreakzioak eragiten ditu. Gauzak gutxi gorabehera ohiko bidetik badoaz, jendea kokatzen da eta joko arrunta aurrera doa, baina ohiko mugimenduetatik ateratzen denean, kontrola erabat galtzen da. Horrelako zerbait gertatzen ari da orain gasarekin, adibidez. Momentu honetan, gasaren erreserbak normalak baino pixka bat txikiagoak direnez, espekulatzaileak jo eta su ari dira egoera hori esplotatzen eta dirutza egiten. Antzeko zerbait gertatzen ari da beste gauza askorekin: edukiontziekin, lehengaiekin… Dantzalekuan ez bezala, azken berrogei urteetan merkatuetan babes neurri guztiak kendu dituzte: orain espekulatzaileak sartzen eta ateratzen dira kontrolik gabe, dirutza batetik bestera mugitzen da eta horrek biderkatu egiten ditu ikararen efektuak. Momentu honetan desorekaren anplifikadoreak bihurtu dira. Pandemia aurretik lotura ekonomikoek erloju baten moduan funtzionatzen zuten. Munduko edozein bazterretan, zerbaiten falta sumatzen bazen, berehala estaltzen zen defizit hori. Gainera, zaila zen horrelakoak gertatzea, gauza asko aurreikus zitekeelako: black friday, Gabonetako kanpaina, oporraldiak, eskolara buelta, merkealdiak… Jendearen ohiturekin gehi publizitate kanpainekin, dena bideratuta zuten boteretsuek. Itxialdiak lotura horiek puskatu zituen eta orain nonahi desorekak sortzen dira. Eta jendearen presak desloturak areagotu egiten ditu. Horrela, norbaitek ikusten badu bere edukiontzia ez dela garaiz iritsi, itxaron beharrean, beste bat eskatzen du, badaezpada ere, bigarrena garaiz irits dadin. Eta horrela, desorekak arindu beharrean, areagotu besterik ez dira egiten eta horrek ohiko erritmoa berreskuratzea zailtzen du. Testuinguru horretan, gainera, zurrumurruak zabaltzen dira (autonomoak lehengairik gabe geldituko dira...) eta mundu guztia saiatzen ari da behar dituen gauzak pilatzen, gainpresio bat gehitzen egoerari. Izan ere, inor hornidurarik gabe geratuko bada, litekeena da txikia eta behartsua izatea, eta ez aberatsa eta ahaltsua. Zerbaiten faltan gelditzeko arriskua beti dago, baina buruarekin jokatu behar da beti. Esate baterako, azken boladan zabaldu da itzalaldiaren aukera. Nahikoa da Jose Ignacio Sanchez Galani itzalaldiak Iberdrolari ekarriko lizkiokeen galerengatik geratuko litzaiokeen aurpegian pentsatzea, hori ez dela gertatuko ulertzeko. Beti egon daitezke matxurak, baina berehala konponduko dituzte. Eta itzalaldi bati aurre egiteko gasez funtzionatzen duten hozkailuak erosteak ere ez du zentzu handirik... gasa falta dela esaten ari direnean! • Si alguien se va a quedar sin suministro, es probable que sea pequeño y pobre, y no rico y poderoso. El riesgo de quedarse a falta de algo siempre existe, pero siempre hay que actuar con cabeza