Miren Azkarate Badiola

Ilargiak argitu gaitzala

Musika genero guztiak entzuteko joera izan dut beti, baina azken urteetan haur kantak bihurtu dira nire etxeko eta kotxeko soinu banda. Genero guztietan bezala denetarik dago eta aurrekoan harri bitxi bat deskubritu nuen. Nahiz eta askotan entzunda nuen jada kanta, gaurkotasunarekin lotu nuen eta begiak irekitzeko balio izan zidan. Halaxe dio kanta horren zatitxo batek: «baina zuri amatxo, ilargi betea ekarriko dizut argi indarrik gastatu gabe etxea argi dezazun». Alvaro Yunque argentinarraren letra du abesti honek, Joseba Sarrionandiak euskarara itzulitakoa. Egilea duela 40 urte zendu zen, hau da, ez daki XXI. mendean zein preziotan ordaintzen dugun argindarra. Baina premonizio baten tankera hartu diot nik, panorama ikusita gure ttikiak ilargia oparitu beharraren metafora egikarituko baita martxa honetan. Hori bai, gizaki handinahiek ilargian dirua ateratzeko lehengai bat topatu arte noski!

Beldurgarria da argindarraren fakturak azkenaldian idatzita dakartzan kopuruak eta negua ate joka dugun honetan ordaindu beharrekoa oraindik ere handiagoa izango da datozen hilabeteetan. Askotan gogoratzen naiz, batez ere data hauetan, espetxean maiz entzundako esaldiaz: «Nik nahiago dut hemen egon, egunean hiru otordu bero ditut eta teilatu bat lo goxo egiteko. Eta dena nik ezer ordaindu gabe». Zein zuzenbide estatu dago lasai bere ardurapean kartzelan kalean baino bizi baldintza hobeak dituen norbait duenean? Estatu hori gaixorik eta ustela dago horrelakoak onartzen dituen bitartean; baita, gaur-gaurkoz argia, elektrizitatea edo berogailua ezin piztu edo ordaindu dabiltzan familia guztiak babesgabe uzten dituenean ere.

Egoera iluna da, eta ez soilik argindarra ezin dugulako guztiok ordaindu. Baina nik ez dut nire seme-alabek horrelako esaldiak entzuterik eta horrelako egoerak ikusterik nahi. Abestiari beste esanahi bat eman nahi nioke, beste mundu bat posible dela sinistu nahiko nuke.... •