GAUR8 - mila leiho zabalik

EMILIANA ZUBELDIA MUSIKARI NAFARRA, AMERIKETAN BARRENA


Emiliana Zubeldia, 1888an Nafarroako Jaitz herrian jaioa, txikitatik nabarmendu zen musika munduan. Bost urte zituela eman zuen bere lehen errezitala. Musika ikasketak Iruñean, Madrilen eta Parisen egin zituen, eta konpositore eta pianista handia bihurtu zen. Europako hainbat herrialdetan eman zituen kontzertuak, hala nola Alemanian, Frantzian, Suitzan eta Ingalaterran. 1928 eta 1929 bitartean bira bat egin zuen Hego Amerikan zehar kontzertuak emanez, Rio de Janeiron, Sao Paulon, Montevideon, Buenos Airesen eta Rosarion, besteak beste. Azken hiri horretan, 1929ko abenduaren 12an “La Republica” egunkariak Emiliana Zubeldiaren kontzertu bat iragarri zuen, Zazpirak Bat euskal etxeak antolatua. 1930ean New Yorken finkatu zen, eta han Andres Segovia gitarra jotzailearekin, Nicanor Zabaletarekin eta beste musikari batzuekin kolaboratu zuen. Hain zuzen, Andres Segoviarentzat konposatu zuen “Euskal paisaia”. Halaber, hiri hartako zenbait auditoriumek, hala nola Town Hall eta Roerich Museumek, Emiliana Zubeldiaren “Euskal kontzertua” hartu zuten. 1932an, Habanan zenbait kontzertu eman zituen, eta Antzoki Nazionalean bere “Poema sinfonikoak” estreinatu. 1937an Mexikora joan zen eta han batez ere konposizioari ekin zion, eta 1947tik aurrera, urte batzuk lehenago izan zuen istripu baten ondoren, Sonorako estatuan musika irakaskuntzan aritu zen. 1987an hil zen Hermosillon. Gaur egun, Mexikoko Sonorako Unibertsitateak eta Nafarroako Artxibo Nagusiak euskal konpositore honen artxiboak zaintzen dituzte, eta Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak haren musika konposizioen hainbat grabazio gordetzen ditu bere funtsen artean.