NOV. 27 2021 PANTAILA TXIKIAN Nostalgia tranpatia eta panpinak saltzeko amarruak Azken urteotan «gaur egungo zinema onena telebistatik dator» esaldia egia bada, zergatik berpiztu dituzte orduan «Twin Peaks», «Dexter», «Gossip Girl», «The Lord of the Rings», edo «V» bezalako telesailak? Originaltasun falta larriagatik-edo, film industriak urteak daramatza ditxosozko «remake» famatuekin gora eta behera. Baina orain arte behintzat, pantaila txikiaren barruan panorama oso desberdina izan da. Zer ari da gertatzen? Zergatik eta zertarako berpiztu orain telesail horiek? Gaizka Izagirre Internet bidezko ikus-entzunezkoen zabalkundearekin, lehia eta konpetentzia askoz handiagoa da eta ondorioz, gakoetako bat edukien artean bilatzen hasi dira, gidoi eta istorioen lanketetan alegia. Gaur egun nahiko erraza da diru gutxirekin ekoizpen ikusgarria egitea –neurri batean, jakina–, doako aplikazio ikusgarriak daudelako eta merkatuan kamera nahiko merkeak aurki daitezkeelako kalitate zoragarrian grabatzeko. Konpetentzia bortitz horrek nabarmentzeko beharra sortu du eta horri esker, edukiari askoz ere arreta handiagoa eskaintzen hasi zaio. Gidoiak askoz landuagoak daude eta konturatzen hasiak dira gakoetako bat hor egon litekeela, istorioetan. Hauxe da nire ustez pantaila txikiaren mundua tinko eta sendo manten dezakeena. Zorionez, prozesu hori ezinbestekotzat duten sortzaile ugari dago eta horri esker, azken urteetan mundu osoan harribitxi ugari ikusteko aukera izaten ari gara. Urrutira joan gabe, 2021-2022 urte bitartean estreinatu diren eta iristear dauden adibide argigarri ugari topatu daitezke; denboran berriena “Dexter: New Blood”. 2011. urtean amaitu zen “Dexter” telesail mitikoa, eta ziurrenik ia denok gogoratzen duzuen telesailen historiako azken atalik kaskarrenetarikoa izan zen hura, negargarria. 10 urte geroago, serieko hiltzaile ezaguna “berpiztea” erabaki dute inork nahi eta eskatzen ez zuen jarraipena egiteko. Osagarri ezkor horiek mahai gainean izanda desastrerako bidea soilik har zezakeen jarraipen honek, baina aitortu behar dizut onerako harritu nauela. Jatorrizko telesailaren lehen denboraldi bikainetatik oso urrun dagoen arren, gauzak oso argi dituen ekoizpena sortu dutela uste dut, zer kontatu eta zer ez argi dute eta ideia horrekin aurrera doaz sortzaileak. Ez da urteko telesaila izango inondik inora ere, baina dexterzaleak neurri batean aseko dituen izenburu entretenigarria iruditu zait, nahiko txukuna, duina. “Lord of the Rings” filma telesail formatuan ere iritsiko zaigu, “Gossip Girl”, “How I Met Your Father”, “Historias para no dormir”, “El Internado”, “Punky Brewster”… Ikusten duzuen moduan “errepikapenen fabrikak” etengabe dihardu lanean. «Stranger Things» efektua Itzulera hauetan guztietan, ez dut uste sormen arrazoirik dagoenik, ikusi besterik ez duzue egin behar aipatu ditudan adibide horien atzean gailentzen den kaskartasun maila. Modu batean edo bestean, trama horiek itxi egin zituzten edo, behintzat, ez zegoen inolako arrazoi zinematografiko-artistikorik horien itzulera justifikatzeko. Kontuan izanik eduki aldetik ez direla produktu berriak, azken urteotan loratu den efektu bitxi bat aprobetxatu nahian ari direla uste dut: nostalgia. Bai, nostalgia modan dagoela nabarmena da, ez nago ezer berria deskubritzen ari. 80ko hamarkadan jaio eta hazi ginenok batez ere ohartuko gara hamarkada horretako zenbat film eta telesail bihurtu diren kultuzkoak. Tira, eta jostailu, musika talde eta abar. Ikaragarrizko lotura eta konexioa sortzen da txikitan bizi izan genituen istorioekin. Sekulako pasioa sentitzen dugu garai hartako film, musika edo jostailuak burura datozkigun bakoitzean. Telebista kateetako arduradun eta ekoizle asko zirrara hori guztia aprobetxatu nahian ari dira, telesail konkretu horrek atzean sortzen dituen zeharkako diru etekinak gako bihurtu daitezkeelako. Esango nuke efektu honek izan dezakeen eragin komertzialaz “Stranger Things” estreinatu zenean ohartu zirela. “X-Files”-en itzulera iragarri zutenean, adibidez, asko aurreko denboraldiak non ikus zitezkeen galdezka aritu ziren, eta plataforma jakin horren harpidetzek gora egin zuten nabarmen. Malenkonia kontrolaezinaren mende daudenak ziur “The Lord of the Rings”-en kamisetak erosiko dituztela telesaila estreinatzen den unean edo “Star Wars”-en “The Mandalorian”-en denboraldi berriaren etorrerarekin batera, Baby Yoda-ren panpina. Ekoizpen hauen atzean sortzen den merchandising guztiak diru kantitate harrigarria mugitzen du. Argi dago gainera 80 eta 90eko hamarkadetan telesail horien zale izan ginenok estreinaldi berriak gertutik jarraituko ditugula, hori bai, gillotina esku artean dugula eta gure eskaera maila oso altua izango dela kontuan izanik. Nostalgiaren jonkiak bilakatzeko bidean gaude. Azken urteetan oso modan dagoen kontzeptu hau ezer berririk eskaintzen ez duen mundu honetan aurrera egiteko beharrezko droga moduko bat bilakatu dela iruditzen zait. Ez al zaizue iruditzen, sarritan, era tranpatian erabilitako nostalgia izaten dela? Entretenigarria baina hutsala, su artifizial gehiegi baina eduki gutxiegi. Maite dut txikitako une ahaztezin horietara garraiatzen laguntzen nauen edozertaz gozatzea, baina ez gaitezen itsutu, ustezko “omenaldi” horien atzean gauza kaxkarrak ere egiten direlako. Testuinguru aldaketa Beste bi faktore garrantzitsu ere aipatu nahi nituzke: alde batetik, urte jakin horretan munduan gertatzen ari dena. Hau da, gizartean pil-pilean dauden gaiak aprobetxatuz, konexioa duten istorioak berpiztea, modu horretan ia doako marketin kanpainak lortuz. Politikarekin erlazionaturiko gai bat izan liteke, gatazka konkretu batekin edo dena delakoarekin. Estreinatu zen urtean modan ez zegoen gai batek gaur egun agian informatiboa irekitzen du. Eta batzuetan gaurkotasunarekin oso pegatuta dantzatu nahi izateak errealitatearekin gurutzatzea ekar lezake. Virginiako tiroketaren ondorioz “Mr. Robot” telesailaren denboraldiko azken kapitulua atzeratu zutenean adibidez, antzeko “eszena grafikoa” zela-eta. Eta, bestetik, aktore, zuzendari edo sortzaile bat modan dagoela aprobetxatzea. Hau da, antzinako istorioaren remake bat egin, baina garai hartako protagonista erabili beharrean gaur egun oso ezaguna den aktore bat aukeratuz. Horrela, izen horren atzetik dabilen zale mordoa irabaz dezakezu, audientzia datuak puztuz. Baita istorioaren kokalekua erabat aldatu ere, herrialde jakin horren testuinguruan hobeto funtziona dezan; “Forbrydelsen” (Danimarka) telesailetik, “The Killing” (AEB) sortu zuten adibidez. “Bron/broen” (Suedia/Danimarka) hartuz, “The Bridge” (AEB/Mexiko) eta “The Tunnel” (Frantzia/Ingalaterra). Berdin “Hatufim” (Israel) ekoizpena moldatuz “Homeland” (AEB) egin zutenean ere. Formula honekin, etorkizunik ez Ikaragarri gustatuko litzaiguke telesail baten biziraupena ziurtatuko lukeen faktorea sentimentala izatea, edo behintzat artistikoa. Baina logikak dio, kontu komertziala besterik ez dela. “The Simpsons”, “The Big Bang Theory”, “Grey’s Anatomy” edo “Modern Family” telesailen iraupen luzea kalitate kontu batengatik dela uste duena oker dabil. Errentagarriak diren bitartean, hortxe jarraituko dute, bestela kanpora. Ezabaezina ziruditen “The Sopranos”, “The Wire”, “Mad Men”, “Lost” eta “Breaking Bad” bezalako telesailek utzitako arrastoa pixkanaka ezabatzen joango da. Horiei esker fikzio mota honekin zeuden aurreiritzi negatibo guztiak hankaz gora joan ziren eta telesailak beste modu batean ikusten hasi zen publiko espezializatua ere. Baina argudio artistikorik gabe, reboot, remake eta berpizketa hauen guztien atzean dagoen arrazoi bakarra nostalgiaren kontura aberastea bada, oso gaizki goaz. Ekoizpen horiek denek lortutakoa ezerezean geratu daiteke eta orain urte batzuk bezala, kalitate eskaseko eta eskaera murritzeko produktu eta saioekin lotuko dugu berriro pantaila txikia. «Nostalgia besterik ez da! Zeure gaztaroko turista bat baino ez zara», zioen Sick Boy pertsonaiak “Trainspotting 2” filmean. Edo Fran Lebowitz handiak dioen moduan: «Nostalgia kulturaren barruan pozoia besterik ez da». Erne.