Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

Belaunaldien arteko arrakalaren arriskua

Herri honen taupada motel dabilelako mitoa gezurtatzen zuten bi mobilizazio handi ekarri dizkigu asteak: A20koa eta A25ekoa, pandemiaren aje etengabearen erdian astindu bikoitza eraginez. EH Bilduk deiturikoa, Santi Brouard eta Josu Muguruzaren oroimena abiapuntu hartuta, eta mugimendu feministak antolatutakoa, indarkeria matxista ardatz dela. Biak arrakastatsuak izan dira, zirraragarriak, emankorrak. Soka bereko ekimenak, kate berdinaren bi katebegi, baina ez materia berdinarekin eginak.

Bilboko mobilizazioak etorkizunari begiratu dio, baina zutabe ezagunen gainetik. Hala ere, 1975. urtean artean jaio ez eta 1984an eta 1989an asko jota ume ziren horientzat erreferentzia ezezaguna izan behar da, ezinbestean, azaroaren 20koa. Osteguneko data, ordea, urteroko egutegian kokatzea kosta egingo zaie gazte garaian Azaroaren 25aren berri izan ez zuten horiei (eta harrituko dira seguru, nazioarteko egun honen iturburu den Mirabal ahizpa dominikarren kasua 1960. urtetik hona oharkabean pasatu zaiela jakitean).

Hau ez litzateke berez arazo handia izan behar, belaunaldi bakoitzak bere kezkak eta premiak aukeratzea logikoa baita. Baina fokua zabalduz, pandemiaren zurrunbilo eroan belaunaldien arteko arrakala handitu egin dela antzematen da. Guztiok ikusi dugu. Batetik, «botiloiak» albistegietako monotema bilakatuta, ugaldu egin ziren gazteen kontrako mezuak eta bidea erraztu zitzaion polizia jazarpenari. Bestetik, gazte horien ahotsa ez genuen hain garbi entzun, zirkuitu ezberdinetatik zabaltzen baita; «adinekoen» zenbait erabakiren kontra oldarturik suma ditzakegu.

Ez da birusa soilik. Pentsiodunek behin eta berriz egin diete dei gazteei, beren protestetan jokoan dena hurrengo belaunaldien etorkizuna dela ikusarazi nahian. Eta gazteek ere arrazoi osoz egotz diezaiekete helduei egungo prekaritate muturrekoaren esparrua adinekoek sortu dutela eta etxebizitzarik izan ezinari edo kanpora alde egin beharrari ez zaiela agenda politikoan behar duten garrantzia ematen.

Urriko hamargarren urteurrenaren harira eginiko ikerketa pare batek argi utzi zuten iraganarekiko (gatazka armatuarekiko, kontzeptu bakar batean laburbiltzeko) gazteek duten distantzia, nahi gabekoa ala nahita erabakitakoa. Eta, segur aski, gatazka armatuaren garaietan hazi eta bizi izan direnei klima aldaketa, trantsizio energetikoa edo teknologia berriei buruz galdetuko balitzaie, haustura ez zen txikiagoa izango. Zehaztapen bat: denbora gazteen alde dabil kasu honetan, egunero iragana zertxobait urrutiago dago eta etorkizuna, aldiz, zertxobait gertuago. Etorkizuneko nostalgia aldarrikatu zuen orri honetan bertan Peio Otxandianok duela aste pare bat. Bat nator.

Belaunaldien arteko arrakala honi merezi duen arreta ematen ari gatzaizkio? Ezetz esango nuke. Eta ezkerreko independentismoarentzat bereziki arriskutsua dela erantsiko nuke, egiteko dagoen guztiak aurreko haritik oraingo eta biharko indarraz tiratzea eskatzen baitu. Zubiak eraikitzea, gainera, ez da gauza erraza gaur egun, eztanda teknologikoaren ondorioz komunikatzeko bide eta esparru ezberdinetatik dabiltzalako belaunaldi batekoak eta bestekoak, elkarri entzungor gehienetan. Eta, hala ere, elkarren beharra dute biek eraldatzeko grina komuna bururaino eramateko, Euskal Herrian A25a hankamotz gelditzen baita A20rik gabe, eta A20a, bide antzuan A25ik gabe. •