GAUR8 - mila leiho zabalik

CAF eta «tximeleta efektua»


Azkenaldian saiatu al zarete, adibidez, bizikleta berria erosten? Berehala ohartuko zineten ezinezkoa dela. Hornidura falta dela-eta hemendik hiru urtera arteko guztiak salduta daude jada. Vietnamen ekoizten diren osagaien eskasiak eragin du Europa Ekialdeko herrialderen batean muntatzen direnen beherakada eta, zeharka, egoitza soziala Gasteizen duen enpresa bat eskaerari aurre egin ezinik geratu da. Zenbaitek “tximeleta efektua” deitzen dio fenomeno horri, alegia, merkatua bezalako sistema dinamiko-kaotiko batean aldaera ñimiño batek, tximeleta baten hegada balitz bezala, denboran eta espazioan anplifikatu eta urakana eragin dezake antipodetan. Ikusi besterik ez dago nola munduko bazter batean mutazioa pairatzen duen birus baten ondorioak planeta osoan sumatu daitezkeen ordu gutxiren buruan. Mundua gero eta txikiagoa da eta herri urrunen arteko elkarreragina gero eta estuagoa. Horregatik, gero eta ohikoagoa da enpresa batek munduko eskualde batean duen jokaerak beste eskualde bateko bere jarduna baldintzatzea, areago enpresa horrek nazioarteko joko taulan jokatzen badu.

Ez dira gutxi planeta osoan diharduten euskal konpainiak, eta zenbait giza eskubideekiko gutxieneko begirunea ere erakusten ez duten erregimenetako merkatuetan. Adibiderik nabariena CAFena dugu. Beasaingo trengintza konpainiak Jerusalem Ekialdeko kolonia ilegalak hiriburuarekin lotuko dituen trenbidea eraikitzeko lanetan dihardu. Nazioarteko legediak espresuki debekatzen dio indar okupatzaile bati ilegalki okupatutako eremuak azpiegitura iraunkorrez hornitzea, eta hain da nabaria proiektuaren ilegaltasuna, ezen kontratua esleitzeko lehiaketako beste hautagai guztiak erretiratu egin ziren prozesutik.

Ikuspegi estrategiko murritza dute CAFeko zuzendaritzako arduradunek, Palestinan darabilten jokabidea bueltan etorriko ez zaiela pentsatzen badute. Hango tximeleten hegoen astindua ere goizago edo beranduago zirimola bilakatuko zaie. •