Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Etxetik urrun, txikien hitza

Aniztasunak eta inklusioak enpresa baten lidergoan eta emaitzetan duen eragin positiboaren ebidentzia gero garbiagoa eta eztabaidaezina da. McKinsey aholkularitza etxeak argitaratutako txosten batean bildu dituzten emaitzak irakurri berri ditut; hamabost lurraldetan milatik gora enpresatan egindako ikerketa biltzen zuen.

Zuzendaritza taldeetan genero aniztasunak errentagarritasuna handitzen duela frogatu da behin eta berriz. Generoaz gain etnia ezberdinak kontuan hartzean, oraindik emaitza positiboagoak lortzen dira.

Aniztasuna eta inklusioa nire lantegiko balioetan guztiz errotuta daude. Helburu garbiak ditugu generoa, arraza, sexu orientazioa eta desgaitasun arloetan. Generoan, berdintasuna (50/50) dugu helburu hierarkiako maila guztietan. Etniari dagokionez, BAME (beltzak, asiarrak eta etnia gutxituak) %36ko ordezkaritza izatea dugu helburu 2025. urtea baino lehen. Londresko kultura anitzeko testuinguru kosmopolitan ere anbizio handiko helburuak dira.

Kuotak eta helburuak ditugu, baina hori baino garrantzitsuagoa dena, elkarrizketa eta daukan garrantzia normalizatuta daude egunerokotasunean. Esperientzia pertsonalak partekatzen dituzten boluntarioen hitzaldietan parte hartzea sustatzen da; gaien inguruko ezagutza maila berdinetara bultzatzeko formazio saioak ditugu eskuragai; jende berria kontratatzerakoan agentzia espezializatuak erabiltzen ditugu, inklusibitatea bermatzeko. Kulturan eta harremanetan benetakoa dela intentzioa sentitzen dugu.

Aurreko astean, aniztasunaren astea ospatu zuten nire alabaren eskolan eta han izan nintzen hizkuntza eta kultura gutxituei buruz hitz egiten. Nire aurretik, Irango jatorriko emakume bat, juduen genozidiotik ihesi etorritako baten alaba eta greziar bat izan ziren. Euskal Herriari buruzko lezio azkar batekin testuingurua kokatu eta kulturak jasan behar izan duen zapalkuntzaz aritu nintzaien, euskaraz hitz batzuk erakutsi nizkien eta atzerrian bizita euskararekin lotura nola mantentzen dudan kontatu nien.

«Baina, nola da hori posible, demokrazia batean bizi garenean?» galderak ireki zuen galdera eta erantzunen tartea, sei urteko mutil baten ahotik hori entzuteak sortzen zuen harridurarekin. Hizkuntza murriztuak zergatik diren garrantzitsuak galdetu nienean, «bestela denok ingelesez bakarrik hitz egingo genukeelako eta mundua leku aspergarriagoa izango litzatekeelako», esan zidan beste batek. «Jende ezberdinen pentsatzeko eta komunikatzeko modu ezberdinak interesgarriago egiten dute gure komunitatea», esan zuen hirugarren batek. Sei eta zazpi urteko haurrak ziren. Nire herritik hain urrun erantzun horiek entzuteak ilusioa piztu zidan; nire herrian bertan edo herritik gertuago askotan dagoen ignorantzia eta atzerakoitasunari itzala eginez.

Aniztasunaren ñabardura ezberdinak gaztetatik presente dauzkaten belaunaldietan ikusten dira dagoeneko enpresa munduan aipatzen nituen abantailak. •